Kaixo, arratsaldeon (arratsaldea bada, bestela irakurri egunon edo gabon) Mikel Pagadi naiz. Villabonatarra jaiotzez eta gidoilaria adopzioz. Adopzioz bai, lanbide honetan kasualitatez hasi nintzen eta duela hamar bat urte. Beti komedia idatzi dut eta oso gustora nago enkasillatuta. Lan honek asko dibertitzen nau, aldi berean besteak dibertitzen badira askoz hobeto, eta hilabetero ordaintzen badidate: denok pozik. Gezurra dirudi baino lotsatia naiz, interneten ederki pasatzen det twiterra, pornoa, telesailei eta zientzia fikzioari esker, oso kuadrikulatua naiz lanean eta katxondeoa gorroto det.
Nire amak dio 2008tik hona onerako aldatu duzula.“Ah, baina hori bera al da Mikel Pagadi”? Errua betaurreko berriak, koadrozko alkandorak eta New Balance zapatilak dute?
Zure amak arrazoi izango du, nireak ere gauza berdina diolako. Hala eta guztiz ere egunero esaten dit: “Bizar zikiñ hoiek moztu itzazu behingoz”. Amaren iritzia munduko gauzarik garrantzitsuena da. Egia esan behar bada ez da zaila hobetzea urtetan ibili izan ditudan itxurak ikusita (galtzak leporaino igota, odolkiz edo guardia zibilez jantzita). Gainera betaurreko berriak erosi beharko ditut, jantzita ditudan hauen kristalak zeharo markatuta daude. Zuri erantzuten eta mareatzen ari naiz aldi berean.
Zuzeu albistarian aitortu zenuen %95 batean serioa zarela. Aitorpena %5 umoretsu horren barnean egingo zenuen, ezta?
Bai noski, ehuneko bost hori aprobetxatzen dut elkarrizketak erantzuteko. Badirudi umorera dedikatzeagatik egun guztia kantxondeoz egon behar duzula eta ez da horrela. Kaletik momenturen batean esan didate: “Hara zu Pagadi zea ezta? Bota txiste bat”. “Bai, eta zu zer zera?”. “Iturgina”. “Ba konpondu grifo hau!” erantzuteko gogoa datorkit. Saiatzen naiz bizitza umore pixkat batekin eramaten nahiz eta erraza ez izan batzutan. Baino oso tipo normala eta arrunta naiz: adibidez, kabreo ugari izaten ditut egunean zehar eta kafea eta zigarro bat erre orduko komunera joan behar izaten dut.
Euskal umorerik ba al dago? Zer da euskal umorea, behiak Kursaal barnean sartu eta ea hortik zer ateratzen den?
Ez motel, umorea egiteko behiak lasai utzi, maldan gora belarra jaten ederki asko daude eta. Ni euskalduna naizenez umorea euskaraz egiten dut baino beti esaten den topikoa esatera noa: umorea unibertsala dela eta hori dena… Lurralde bakoitza bere berezitasun edo erreferentziekin baino azkenean mekanika antzekoek funtzionatzen dutela umore guztietan. Esaten den beste topiko bat gure buruaz barre egitea atsegin dugula da. Gezurra! Beste baten kontura barre egitea askoz ere gehiago atsegin dugu. Kaletik dijoan batek estropozo egiten badu gustora egiten dugu barre; nik, zuk eta hau irakurtzen ari denak.
“Vaya Semanita”-koak “Made in China” egitera joan zirenean zuek “Wazemank”-ekin izan zineten euskal umorearen testiguntza hartu zenutenak, ez?
“Vaya Semanita”-koak gu baino urte bat lehenago hasi ziren. “Wazemank”-eko estiloa desberdina zen erabat nahiz eta sketxeren bat edo beste antzekoak izan (bat edo beste, gehiago ez). Haiek umore soziala eta politikoa jorratzen zuten, Wazemankekoa umore “definitzen jakingo ez nukeena” eta surrealistagoa zela uste dut. Ez gara sekula konpetentzia izan. Gainera oso ondo eramaten naiz “Vaya Semanita”-ko koordinatzaile ohiarekin (ea hau irakurri eta afaltzera gonbidatzen nauen, irailean agindu zidan eta).
“Brinkola” izan zen “Little Britain”-en espiritua Euskal Herrira aplikatzeko moduren bat?
Kutsu britaniar haundia zuen Brinkolak, “The league of gentlemen” telesailekoa batik bat. Esperimentu polita izan zen bere matiz guztiekin. Ez zen ohizko umorea, agian jende gehienak espero zuena. Askok “Brinkola” gauza arrarotzat jotzen dute baina bazuen bere xarma. Lagun bat baino gehiago orain ari da “Brinkola” deskubritzen eta zeharo engantxatu omen dira.
Orain “Airean” saioan zabiltza eta “Euskal Telebistako Iker Jimenez” izatera pasatu zara. Mikel Frikadi izango da zure izen berria…
Frikadi? Beste ezizen bat? Baino ze kristo? Lehen gutxi zeuzkeat eta… Bai, aurten “Airean” saioan lan egiten dut gidoiak idazten eta oso gustora nabil. Lehenengo aldia da programa “serio” batetan, hau da, umorezkoa ez den saio batetan lan egiten dudala eta erronka berri bat da. Gainera ostiraletan nere tartetxoa daukat ez ohizkoak eta paranormalak diren gauzak aztertzeko. Ez dakit zer gehiago esan eta publizitate kuña txiki bat sartuko dut. Otsailean “Potologuak” umorezko bakarrizketa antzezlana estreinatuko dugu Nagore Aranburu eta Egoitz Lasarekin batera. Aurreko urtean “Bodologuak” egin genituenean ederki asko pasa genuen eta jarraitzeko gogoa eman digu. Hala, lixto!
Hitz-jokoekin gaudenez badakit gustokoak dituzula. Zein da hitz-joko baten gakoa? Adibide on eta txarren bat jarri, mesedez.
Hitz jokoena jaiotzetik datorkit, hautsari alergia bezala. Mmm, a ze konpromisoa motel. Ea, txarrak edo onak diren zuk esan.”Chung-orra”: tendentzia markatzen duen kazkabarra… “Shaggy-onandia”: bafle baten barruan alde egin zuen Scooby Dooren laguna, etabar. Hitz-joko gehiago @mikelpagadi twitter kontuan.
Ez dago komentariorik