17 urteetan egindako lan gogor eta emankorrari esker, ezinezkoa zirudiena lortu du Zumardi tabernak gure artean eta baita harago ere: Donostia zein Gipuzkoako gainontzeko lekuetatik gazte mordo abiatzen dira Bidebieta bezalako auzo periferiko batera. Horrela bada, badira belaunaldi ezberdinak -eta etortzeke daudenak!- Zumardi aukeratzen dutenak asteburu naiz aste egunetan parada egin eta lagun artean kaña-brava-bokata jateko. Hona misterio handi honen giltza: etxean egindako janari goxoa, kantitate handiak eta prezio proportzionatuak (bide batez, zentroko taberna askoretan ez bezala).
Hasierak
“1997. urtea zen eta gutako batzuk ez genuen lanik. Gure gurasoak bisitatzen zuten lokal honengatik egin genuen apustu”. Intxausti familiak eta haren 5. arrebak, Milak, Zumardi hartu zutenean betiko taberna-jatetxea zen, non auzoko jende heldua musean ibiltzen zen. Bi urte pasa ondoren kontzeptuari bueltatxo bat eman zioten: plater konbinatuak, kartarik gabeko menua, bokata gehiago, razioak…
Arrakasta
“Mila eta gure amak etxean egindako sukaldaritza ipini zuten martxan eta guk, aldiz, gazte ukitu bat eman genion”, diote. Bi ikuspuntu hauen konbinazioa ezin hobe atera da eta leku guztietatik datozen bezeroak dituzte. “Edozein herritan parranda egiten genuenean jendeak txantxetan esaten ziguten brava batzuk ateratzeko edo gure bokadiloei buruz hitzegiten ziguten”. Gogoan dute nola behin, Aste Nagusi batean, zurrumurru bat egon zen. “Esan zuten txozna batean gure sukaldaria zegoela eta inguruan kola luzea sortu zen”.
Gastronomia
Ez da batere modernoa izango, ez inguruko Mitxelin izar asko dituen jatetxe famatu bat bezala. Baina jadanik telebistan atera da. “Hasieran Mila eta ama zeuden sukaldean baina orain denak ibiltzen gara”, diote. “Sukaldean ibiltzeko gure araua da norberak gustokoak dituen plater eta bokadiloak kozinatu behar dituela”.
Kanpoaldea
Bitxikeri gisa onartu beharra dago mundu guztia ez zela ados egon Zumardik hartu zuen norabide berriarekin. “Gurasoen lagunak ziren betiko bezeroak kexatu ziren. Ezin zuten kartetara jolastu. Guk, aldiz, asmatu genuela uste dut. Bidebietari jende gaztea falta zitzaion”. Eta auzoa zenbat maite duten frogarik handiena elkarrizketaren azken txanpan agerian jartzen dute. “Zentroan taberna bat ireki? Ezta pentsatu ere, gu periferiakoak gara”.
Zergatik maite dugu Belardi? (Gure TOP 3a)
Bokatak
Etxeko altxorra. Kriston handiak dira eta nahi izanez gero erdia hartu dezakezu. Kalitatea eta kantitatea ez daude kasu honetan haserre edo etengabeko gatazkan: ogia egin berria da eta jeneroa primerakoa da. “Txoznetako solomoa saihestu nahi dugu”. Ez dute 6 euro baino gehiago balio eta bokata erdiak 3 besterik ez; taberna askotan aurkituko duzun tamaina, alegia. Niretzat ezinbestekoa dena mixto york bejetala da.
Entsalada mistoa
Entsalada uste baino garrantzitsuagoa da ostalaritza munduan, bezeroarekiko errespetoa adierazten du eta. Florette eta azenario industriala ez da errespetoa. Ahuntz-gazta tontorrean jarri eta “Espeziala” deitu 11 euro kobratu eta gero ere ez. Zumardiko entsaladak 6,70 euro balio du eta denetarik dauka. Mahonesa zaleentzat ere aproposa da argazkian ikusi dezakezuen bezala.
Eguneko platerra
Seguru askok ez zenekitela Zumardik egunean zehar, eguerdian batipat, “bidilla” asko duela. Ez da erreza izaten lekuren bat libre aurkitzea. Lokalak egunero zerbitzatzen ditu etxeko plater goxoak: lekak, gisatuak, labean egindako arraia edo argazkian ikus dezakezuen albondiga itzelak. Prezioa ere bikaina da, 4,5 euros. Ia-ia etxean jatea baino merkeagoa ateratzen da :).
Ez dago komentariorik