Jakina da Hondarribiak urte asko daramatzala Euskal Herriko pintxoen gailurrean. Marina arrantzaleen auzoko San Pedro kalean erreferentziazko tenplu gastronomikoak biltzen dira (Gran Sol, Enbata) eta ezbairik gabe, turistek galtzen ez duten bisita da. Baina kostako herri polit honetan –eta Gipuzkoako politena, agian?- beharrezkoa litzateke ostegunetako pintxo-potearen erreklamazioa egitea; esperientzia ezin hobea bizi izan genuen Kulturaldiako bi kidek atzokoan. Luxuzko pintxo-potea.
Goazen Marinara
Hondarribiakoa da ziur aski, bizitza sozialik ez duen Alde Zaharra –hesi batez inguratuta, oso zaindua- gutxienetako bat. Marinako San Pedro kalea da herriko biziena. Auzune horretara joan ziren arrantzaleak eta haien familiak bizitzera. Alde Zaharrak -beste herrietako jendeen bilgune izanagatik- inoiz ez du batasun sentimendu hori izan, ezta festarako girorik ere. Hondarribian zerbait ospatzen bada, ezinbestekoa da San Pedro kalea.
Asfaltatzeko tramu txiki bat gelditzen bada ere, ia amaiturik daude kalea peatonalizatzeko egin diren obrak. Atzoko arrats-gau partean, 25 gradu, jendea alai zebilen bertatik. Guk 20:30 ekin genion gureari hondartzatik gertuen dagoen puntatik.
Aholkua: goiz joan
Bi ordutan egindako ibilbidean, ondorio bat atera genuen: hobe da frantsesen ordutegia jarraituz bertaratzea, arratsaldeko 7ak aldera. Taberna batzuetan (Txantxangorrin, esaterako) ia ez da pintxorik gelditzen gaueko 9tarako. Turistak ikus daitezke –batez ere mugaz beste aldekoak- afaltzen, goiz, eta beharbada hura izan daiteke ordutegiaren berregokitzea azaltzen duen faktorea.
Ondorioa: lau tabernetara sartzeko aukera izan dugu bakarrik. Hurrengorako, ondo ikasi dugu egin beharra. Kontutan hartzeko beste xehetasun bat: pintxo-potea ez da lokal guztietan egiten. Gehienak, San Pedro kalearen hasiera eta amaieran daude. Prezioa 2 eurokoa da (pintxoa +kontsumizioa) eta kasu guztietan, edalontzia kristalezkoa da. Plastikorik ez, Groseko pintxo-pote jendetsuan ikus daitekeen moduan.
Tabernak eta pintxoak
Itsaspe (San Pedro kalea, 40): masai-mamia
Kolore zuria da taberna barru eta kanpoan nagusi, eta une batez mediterraneo inguruko taska batean gaudela dirudi. Kanpoan, estalitako terraza bat dago, txukuna, eta barneko gunea zabala da. Aukera asko dago hautatzeko, baina gehiengoak hartu duena hartu dugu guk ere: masail-mamia saltsan. Zerbitzariak, ibilbideko gazteenak, ogiaz ahaztu dira. Barran jan dugu. Melendiren antza duen zerbitzari bat dago bertan, eta industria diskografikoaren egoera kaxkarraz mintzatu gara. Haragia, zaporetsua. 9
Ardoka Taberna (San Pedro, 32)
Zerbitzari bakarra dago barran bildu den jende guztia zerbitzatzeko. Zerbitzarien Fernando Alonso-a dela esan diogu, eta bezeroak atenditzeko duen azkartasun beraz erantzun digu: “hori bera da nire emazteak esaten didana”. Espektakulu hutsa da bera lanean ikustea. Pintxo bakarra eskaini digute, baina izen esanguratsua du: “oilasko hegala + inspirazioa”. Inspirazioa: patata purea eta bi ketchup tanta. Baina egia esan, oso ondo doaz oilaskoarekin. 8
Enbata Taberna (Zuloaga,5 / San Pedro)
2 kaletatik sar gaitezke hara (Zuloaga eta San Pedro), eta hau nabaria da kutxa irarlean. Zuriz eta urdinez dute taberna margotuta, dotore, une batez hemen ere pintxo-potea egiten ote duten dudatu dugu. Arrautza gogorra bexamel eta izkira tortitadun kroketa eskaini digute. Beharrezko egin zaigu Cadizeko kantaorea testuinguru euskaldunean kokatzea. Zurito oparoak. 8
Ignacio taberna (San Pedro, 20)
Betiko tabernetako bat da hau; betiko pintxoak barran, eta eskola zaharreko zerbitzariak. Horietako bat, -Alderdi Eguneko mitin-mantel antzadun koadrozko alkandora soinean- bezeroengana ohiko txistuz zuzendu zatzaie “Ehhh!”. Naturaltasun osoz egin du, eta atsegin suertatu da. Buelta ugari eman dugu kalean zehar, pintxoak ia amaitu baitira, eta hemen ere antzerako zerbait gertatzen da. Tortilla pintxoa ona da, baina mamitsuagoa egon zitekeen. Hegaluzea, mahonesa eta arrautza dituenak ez du misterio handirik, baina ederra dago.7
Ez dago komentariorik