Arratsaldeko 19:35ak dira eta donostiako portuan nago. Iraila eder honi agur esango dion azkeneko eguna da gaur eta eguzki izpiak Mariñela-Igeldo jatetxearen terrazan sartzen dira. Itsasotik dator haize bare eta atsegina. Gezurra dirudi bihar urriaren lehenengo eguna izango denik. Jadanik Zinemaldia ere agurtu dugu eta udaletxearen datuen arabera uda paregabea izan da aurtengoa. Esaten dutenez -eta kalean askok izan dugun inpresioa ere halakoa da- aurten marka guztiak hautsi dira eta inoiz baino turista gehiago izan ditugu gure artean, zehazki 2013an baino %5 gehiago. Errekor historikoa. Goiza denez, hiru mahai daude okupatuta: alemanez hitzegiten duten kuadrila bat, beste bikote atzerritar bat eta jatetxean lan egiten duen taldea, San José familiaren bigarren belaunaldia hain zuzen ere.
-Hona turistak soilik datoz?
-Ezta gutxiagorik ere. Gero eta donostiar gehiago hurbiltzen dira eta oso bitxia da ze turisten ordutegi berberean etortzen dira, zazpiak aldera. Afari-merienda egiten dute: sardinak, entsalada edota kalamareak eskatzen dituzte. Paseatzera irtetzen den jendea izaten da normalean.
-Jende askok uste genuena aldiz, zera zen, guirien lurraldea zela hau…
-Hori egia da. Euskaldunak gure menuak hizkuntza ezberdinetan ikusten dituztenean izutu egiten dira eta turistentzako tranpa modura dauden jatetxeak direla uste dute. Ez da egia. Gainera azkeneko urte hauetan prezioak dexente orekatu dira gainontzeko lekuekin alderatuz…
Prezioak. Normalean donostiarrek uste dute portuko jatetxeak garesti xamarrak direla, gutxienez batazbestekoa baino gehiago. Lehenik eta behin, ikus ditzagun bai Mariñela-Igeldo eta gainontzeko establezimenduen karten prezioak:
A) Menua: gambak edo kalamare frijituak + izokina edo txuleta + postrea. 26 euro
B) Menua: entsalada + sardinak plantxan + postrea. 19,50 euros
C) Arraia (legatza eta atuna, adibidez) 15-20 euro inguru, bixigua bi pertsonentzat 60 euro…
Ez da merkea, begibistan da. Dena dela, Itzalian jatetxearen argudioa sendoa da: zergen faktorea ez da arbuiatu behar. “Bost urtetan ez ditugu prezioak ez igo eta ez jaitsi, berdin mantendu gara, baina zergak altuagoak dira hemen han baino”, dio barnekaldera seinalatuz. “Egiara bazoaz eta sardinak plantxan eskatzen badituzu ikusiko duzu prezioa dexente jaitisiko dela. Normala da. Hori bai, han ez duzu itsasorik izango, ezta txalupak, bista hauek… “Aspaldi garestiago zen hemen afaldu Alde-Zaharrean. Hori amaitu da”, diote Mariñela-Igeldoko langileak.
Bigarren faktorea produktoaren kalitatea da. Hobea ala okerrago da portuan hiriko gainontzeko lekuetan baino? “Batzuk uste dute arraia portutik jasotzen dugula jarraian janaria prestatzeko”, diote txantxetan. “Jakina da hori ez dela horrela. Arraia Pasaiko portuan jasotzen dugu”. Bitartean, Aquarium-era doan turista hilera luze bat ikusten dugu, udan askotan errepikatu den imajina.
-Portua duen hiri batera bazoaz non jango zenuke?-, galdetzen didate.
-Seguruenik portuan bertan.
-Orduan, zergatik uzten diegu kanpotarrei ona den hori?
Ez dago komentariorik