Zedarri bat. Bakarra. 2000. urtean gurera etorritako Maurice Béjart koreografoaren ondoren, Kursaalera datorren koreografo nagusiena da Waltz. Gogo handiz dago Jose Antonio Etxenike, Kursaal Eszenako programatzailea Sasha Waltz eta haren Sasha Waltz& Guests-en etorrerarekin. Azken hau Europako dantza garaikidearen formazio “entzutetsuena” da, eta astelehenean, hilak 14, 20:00etan, Sacre ikuskizuna aurkeztuko dute Kursaalean. Hiru piezako programa taularatuko dute; horien artean, Vaslav Nijinsky eta Igor Stravinsky-k 1913an sortutako “La consagración de la Primavera”-ren moldaketa bat. Funtzio honek eman zuen zeresana, lehenengoz, Pariseko Campos Eliseos Antzerkian estreinatu zutenean. Garai hartarako tonu abangoardista eta modernoa duen antzezpena izanik, batzuk asaldatu egin ziren, denak ez zeuden prest modernitate dosi horretarako.
“Iskanbila handia sortu zen, batzuk ere elkar jotzera iritsi ziren”, dio Etxenikek. Partituraren mendeurrena zela eta, Marjinsky Antzerkiko Balletak hala eskatuta, Waltzek 2013an estreinatu zuen La consagración de la primavera emankizunaren bere bertsioa. Lanketa neketsu baten ostean, arrakasta itzela lortu zuen. Sortzaile alemaniarrak azaldu duenez, bera eta Gonbidatuak – 60 pertsonez osatuko da Kursaalean egongo den talde teknikoa- Londreseko Victoria & Albert museora joan ziren “muntaia originala eta gaur, oraindik, kontserbatzen diren jantzi originalak ezagutzera”.
“Bere bertsioa basatia da, paganoa, apartekoa… bizitzari egindako kantua”, hala deskribatzen du obra Etxenikek. 40 minutu irauten dituen lana da, eta natura, naturaren inguruko erritoak eta sakrifizioaren biktima den emakumea dira ardatzak. “Koreografo handienek beti eman dute zer esana pieza honen inguruan egindako bertsioetan”, horien artean, Pina Bausch alemaniarrak. Bausch-en oinordekotzat hartua izan da askotan Waltz, nahiz eta, Etxenikek dionez, Waltzek haren “originaltasun eta zigilu pertsonala” uzten dituen.
Programak, baina, baditu beste bi koreografia ere: “La siesta de un fauno”-k, Claude Debussy-ren musikarekin lagundutako koreografiak tono intimistagoa du, baita “Romeo eta Julieta”-ren maitasun eszena bat ere. Gisa horretan, Sashak William Shakespeare dakar gogora, 400 urte baitira hil zenetik. Sasha Waltz&Guests-en ikuskizuna menu bat balitz, “publiko guztiak disfrutatzeko moduko bankete bat litzake”.
DSS2016-eko ‘Elkarrizketak’ barruko ikuskizun honetako kontratazioa duela bi urte itxi zuten Legazpiko Juan Kruz Diaz de Garaio koreografoaren esku hartzeari esker. “Zubi lanak egin zituen”, dio Etxenikek. 23 eta 45 euro bitartean daude sarrerak, eta 3 eurotan ere eskura ditzakete 30 urte azpikoek Ordu Gaztea-ren deskontuekin. Merke ditugu sarrerak. Egunotan, Madrilgo Teatro Real-en, ikuskizun bera ikusteko 46 eta 149 euroren artean ordaindu behar da.
Ez dago komentariorik