Ginmusicak jaialdia antolatu zuen modua ikusita, aurtengo edizioak behetik gorako bidea egingo zuela iradokitzen zigun senak. Osteguna izan zen egun potoloa; oso ezaugarri ezberdineko musika estiloak nahastu zituzten, beldurrik gabe, jende gutxien bildu zen gauean. Lastima gaueko bederatzietarako 30 pertsona soilik bildu izana Bill Ryder-Jones The Coral musika taldeko gitarrista ohiaren inguruan. “A Bad Wind Blows in My Heart” disko berriarekin, debut instrumental eta zakar batetik aldendu eta melodiari garrantzia ematen dion musikari ezti gisa agertzen du bere burua. Esnatu berriaren ahotsaz -edo lotara doanaren parekoarekin- intimitatean gozatzeko modukoa da. Alabaina, bandarekin batera ekin zionean, “Christina, That´s The Saddest Thing” eta “You´re Getting Like Your Sister” abestiak lotu eta bere momenturik onenak iritsi ziren. Amaieran, beste guztiekin batera bikain geratu zen “Wild Swans” ere jo zuen.
Za! ate nagusitik baketak zakar astinduz eta tronpeta ozen joaz sartu zenean, boxealari zoro parea ringera gerturatzen ari zela zirudien. Bazirudien hura izango zela Jaialdiko kontzertua, eta halaxe izan zen. Gaueko izarra zen Eleanor Friedbergerrek ere, haiengatik galdetu zuen bere kontzertuan, eta Bartzelonako Za! taldearen bateriarekin solasaldi atsegina izan zuen merchandising gunean. Bitartean, Bill Ryder-Jones kontzertuko lehen ilaran zegoen, bere taldekideekin batera eta katxia eskuan, gozatuz. Eskaintzeko asko du bikote honek: etiketa musikal guztiekin hausten duen irudimen itzela erakusten dute (rocka, soinu afrikarrak, eletktronika, asmatutako hizkuntza, free jazz…) eta baita Grecas-en “Te Estoy Amando Locamente” abestiaren estribilloa ere!
Batzuek hotz eta distante ikusi zituzten Eleanor Friedberger eta bere botak (ikus bideoa). Egia esan, The Fiery Furnances taldeko abeslaria ere baden honek ez zuen bere alderik komunikatiboena azaldu. Publikoan sortu ziren marmarrek molestatu zutela ukatu bazuen ere, ez zuten gehiegi lagundu. Dirudienez Donostiako zaratak ozpinduta zetorren (?!). “Personal Record” bigarren diskoaren aurkezpen biran, zuzeneko soinu rockeroa duen banda berria du bidelagun, eta bere lehen diskoko abestiak jotzen dituztenean (“I Wont Fall Apart On You Tonight”, “Heaven”, “My Mistakes”) asko irabazten dute. Bi xehetasun: erlazio irekiei buruzko istorio autobiografikoa kontatzen duen “Other Boys” balada gazi-gozoa oharkabean igarotzen den himnoa da egun. Bestalde, hurrengo egunean twitterren pozik jaso zuenez, Charlotte Gainsbourgekin konparatu zuten eta ez, ohikoa denez, Patti Smithekin.
LA mallorkarrak, hurrengo egunean Miss Cafeínari gertatu zitzaion antzera, lekuz kanpo zeuden, indie izaerako ostiraleko festan. Wilhelm and The Dancing Animals azken orduko baja izan zirenez, begirada guztiak hirukote nagusiari (Doble Pletina, Wild Honey eta Cohete) eta Kokoshca talde iruindarrari zuzendu zitzaizkien. Azken honek, haien abesti ezagunena den “La Fuerza”-tik harago, eszena independientean sekulako arrakasta lortu beharko luke. Haize instrumentoekin puntuak irabazi bazituen ere, kartak ondo jokatzen dakizkiten bi talde poperoek eklipsatu zuten Cohete taldea. Batetik, Doble Pletina talde kataluniarrak taula gainean zituzten bi teklatuei eta melodia gozoei ematen diete protagonismoa haien abesti leunetan. Zenbaiti Donosti Sound-eko garai zaharrak etorri zitzaizkion gogora.
Bestalde, Gillermo Farré madrildarraren Wild Honey proiektua on fire dago Japonian bira egin ostean. Bere banda guztiak lagunduta etorri zen Donostiara eta “Big Flash” bigarren diskoko ñabardura txikienak geroz eta abilezia handiagoaz taularatzen dituztela sumatu zen. Lastima, beste behin ere, Donostiako publikoaren jarrera. Farrék. edukazio osoz, isiltzeko eskatu behar izan zuen “See How Hard My Heart Is Beating” abestiarekin hasi aurretik.
Marmarrek eragina izan zuten Deptford Gothengan ere. Larunbateko kontzertuetako lehenak izan ziren hauek aurreikusitako ordua baino lehen utzi zuten eszenatokia, haserre. Aurretik bertan izana zen Mendetz taldearen erreportorio irregularra pisutsua egin zen, eta inspiratuagoak ibili ziren DJ gisa. Bikain aritu zirenak The Whip izan ziren, haien hit, erritmo itsaskor eta ispiritu madchesterianoarekin publikoa dantzan jarriz.
Ez dago komentariorik