Esan ohi da Gipuzkoan jaio den oro Realzalea dela. Reala maitatzeko nahikoa dela Gipuzkoan jaiotzearekin. Hau bera da Iñaki Gabilondo kazetari donostiarrak eusten duena ETB-k lehengo urtean bota zuen “25 años de la última copa” dokumentalean. Gauza batek bestea dakar. Gipuzkoarra dena Realzalea da. Eta alderantziz ere bai. Ez da agian berdina izango, baina John Cusack-en “Alta Fidelidad” pelikularen hasierako gogoetarekin erraz erlazionatu daiteke: “Pop musika entzuten nuen deprimitua nintzelako ala deprimitua nago pop musika entzuten dudalako?”
Egia esan, teoria hau gurean beste nonahi bezala aplikatu daiteke. Joan gaitezen Bilbo, Iruña edo Gijonera, adibidez. Hiru kasu hauetan futbol taldearen eta hiriaren arteko identifikazioa benetan esanguratsua da. Dena dela, Zaragozako Romareda futbol zelaiko irudiak behin eta berriro ikusten dituzunean zure buruan nahiz bihotzean eransten dira. Proba ezazu Alderdi Ederren izan zen ospakizunarekin: lurralde osoa bat egina ikusiko duzu, ezpainetan irribarrea eta bihotzean poztasun handia duen jende multzoa. Gipuzkoar guztiok sentimendu berberarekin, mundu guztia alai testuinguru sozial eta politiko latz hartan…
Gabilondok ere gogoan dauka nola 80. hamarkadan, urte korapilatsu horietan, Atotxa futbol zelaiak rol garrantzitsu bat jokatzen zuen. Hiritar askoren bilgunea zen hura, garai hartako nolabaiteko oasia. Igande arratsaldetan merkatuan soberan geratu ziren hondakinekin topatzen zinen sarreran baina, guztiaren gainetik, oasis bat zen. 90 minutu horietan joera politikoak albo batean uzten zenituen zure taldea animatzeko. Denak zeunden Atotxan, alde guztietako jendea. Kontutan hartu behar da “denak” diogunean 1987. urtean gaudela eta ez 2013an. Gauza batzuk onerako aldatu egin dira. Agian, horrexegatik, kultura mailan onartua dago Realari buruz hitzegitea beste lekuetan pasatzen ez den bezala. Amek, askotan, ez dute futbola maite baina Reala dute gustoko, badakite noiz jolasten duen eta zeintzuk diren jokalariak. Reala: ama guztien eta kultureten taldea. Ez da txantxetakoa gure taldeak lortu duena.
Geroztik, 26 urte pasa dira. Urte mordoa, hasiera batean uste baino gehiago. Atotxara beharrean Anoetara goaz, Reala sozietate anonimo bat da (enpresa bat, alegia) eta gipuzkoarron arteko elkarbizitza gero eta paketsuagoa da zorionez. Ez dugu, beraz, oasien beharrik. Orain imajinatu 1987. urtean lokartu zinela eta gaur bertan esnatu zarela. Ez zenuke seguruenik zure begiak ikusten dutena sinistuko. Alfonso Gerraren modura jarriko zinateke: “Realak ez du ezta zeruko infernuak ere ezagutzen!”. Eta zirrikitu guztietatik sartzen den Realaren informazioak gainezka egingo zuen.
Bazkidea den tipo hau ondo baino hobeto asetzen zen bi astean behin Atotxara hurbiltzen zenean edo Realak kanpoan jolasten zituen partidoak irratian entzuten zituenean. Nahikoa zuen. Zertarako gehiago? Baina orain, 2013.urtean, 26 urte eta gero, telebista itzaliko zuen ostegunetan ezik futbola egunero botatzen dutelako. Irratia, bere irrati maitatua, itzaliko zuen futbolari buruzko informazioa albiste guztietan errepikatzen dela konturarzerakoan. Eta zer esan egunero irakurtzen zuen El Diario Vasco egunkariarekin? Hurrengo erabakia hartuko zuen: “Ez dut gehiago erosiko. Futbolari buruzko 10 orrialde irakurtzeko nahiago dut Marca irakurri”.
Orduan, gipuzkoar honi bere bizitako duda sartuko zitzaion, hil ala bizikoa den galdera horietako bat, galdera existentziala eta kastastrofikoa aldi berean, azken galdera…“Oraindik Realzalea naiz?”.
Ez dago komentariorik