Hartz polarra haien eskuekin hiltzerik izan ez duten gazteek bizardun bihurtu dira. Lehen eskizofrenikoak, txiroak , edo zuzenbide katedraduna identifikatzeko baliogarri zenak, egun ez du baliorik. Zein puntura arte asimila dezake gizarte zibilizatu batek ,bere identitatea galdu gabe, bizardunen portzentaia altu hau? Moda bat da, edo badago pertsona hauek batzen dituen patroirik? Honatx, fenomeno hau ulertzeko saiakera bat.
Lehenengo eguna: arroka baten antzekoa naiz, pertsona egonkorra, heldua, eta ideiak argi dituena. Ez dut uste esperimentu honek nire izaera, pentsatzeko era, afizioak kaltetuko dituenik, baina kontziente naiz arrisku bat neureganatzen ari naizela.
Hirugarren eguna: bataila gogor baterako mentalki prestatzen ari naiz. Jack Londonen kontakizun bat gogoratu dut: boxeolari batek bizarra kentzeari utzi dio konbatea iritsi baino pare bat egun lehenago bertara azal gogortuago batekin iristeko. Hori da jarrera egokiena, bizarra indargune bilakatu. Aurkariaren indarra azal dadila bere kontra, El arte de la guerra irakurtzeko gogoa sartu zait, ez dakit zergatik.
Laugarren eguna: arratsaldean, Twitter bidez iragarritako siestaren ostean, bigarren eskuko denda batera joan eta Manowar-en biniloak saldu ditut. Jasotako dirua Arai marka eta “Dama Elche” modeloko kaskoak erosteko erabili dut. Ez dut nire jarreran ezer arrarorik somatu, nahiz eta gaur arte inoiz ez dudan siestarik bota, eta edozer egingo nukeela nire diskoak berreskuratzeagatik.
Seigarren eguna: longboard-az joan naiz lanera, eta kitesurf eginez itzuli naiz. Dena normal.
Zazpigarren eguna: testu luze eta pertsonalez osaturiko blog bat ireki dut. Bertan nire harreman sexualez eta jendeak tontoak direla onartzeko duen gaitasun urriaz mintzo naiz.
Bederatzigarren eguna: J.J Abramsekin batera bidaiatu zuen tipo batek idatzitako zientzia fikziozko telesail baten bertsio alfaren kapitulu gidaria deskargatu dut.
Hamargarren eguna: Nire gerriko guztiak eta Fnac-eko bazkide txartela erre ditut.
Hamabigarren eguna: “ Fabrika ezazu Tizona ezpata mikrouhin batean” ikastaroan eman nahi izan dut izena, baina ez zegoen plazarik. Eibarreko 5 akzio erostea erabaki dut.
Hamahirugarren eguna: indar geldiezin batek tabernetan vermut bat bestearen atzetik eskatzea bultzatu nau, nahiz eta zer den eta gustatzen zaidan jakin ez. Gintoneria batean amaitu dut eguna, eta zazpi konbinaturen ostean, sartu baino hobeto irten naiz tabernatik.
Hamabosgarren eguna: Citröen 2 CV-ko giltzak nire bizarrean galdu ditudala uste dut. Bilatu ostean, kokotxaren altueran pasaden astean galdutako kandatua aurkitu dut. Azkenean, nire monoziklo fuksia estreinatu ahal izango dut.
Hamazazpigarren eguna: Bibliako pasajeak irakurriz masturbatzen diren armeniar batzuekin hitz egin dut. Jende atsegina da, eta hitzezkoa ez den lengoaiaz haien afizioak zertan datzan azaldu, eta nire kabuz esperimentatzeari ekin diot.
Hemezortzigarren eguna: telebistaren gainean marihuana landare bat duen mazeta bat jartzean tematu naiz. Telebista baina, laua da eta ez dizkit gauzak erraztu. Forma bitxiz liatu ditut zigarrilloak, eta nire bidetean hartzitu den garagardoa edan dut.
Hogeigarren eguna: opresio modu bat dela kontsideratuz, arropa albo batera uztea otu zait. Mainstream izanagatik komunikazio oralari uko egin, eta izoztutako masa darabilten okindegietako ateetan pixa egin eta sabela hustutzeari ekin diot.
Hogeitabat garren eguna: nire guraso eta bi lagunik onena etxera etorri dira soka eta bizarra mozteko kitarekin. Esperimentuaren amaiera.
Ez dago komentariorik