Mespretxuz esaten ez badut ere, Alde Zaharrean jaio garen hondarribitarrak bigarren mailako herritar izan gara kontsideratuak. Izaera indartsua duen Hondarribiko herrian, bi klase ezberdindu daitezke (edo behintzat hala egiten zen 80/90. hamarkadetan): Marina deritzon arrantzalez josiriko herriaren beheko alde animatuan bizi direnak, eta gainontzekoak.
Duela gutxira arte, Alde Zaharra inguruko herritarrekin betetzen zen zona tristea zen. Gurasoak oiartzuarrak ditudanez, herriko jaiak ez zituzten bertakoek adina gogoz bizitzen. Alardea indarrez errotutako ohitura da herrian, nik baina, inoiz ez dut jaialdiarekin konexio sendorik izan. Alabaina, ezinezkoa da ihes egitea. Izugarria da alardeak Hondarribian sortzen duen zalaparta: entsaioak, kantineraren izendatzeak sortzen duen ezinegona, “kubero” izango diren eskolako laguna…
Ni baina, NBAko partidu bat kantxatik ikusten duen zaletuaren gisakoa izan naiz beti. Hauek inoiz ez baitira jokatzera ausartzen, baina beti egon izan dira jokalarietatik hurbil, partidua gertutik jarraitzen.
Hala, iritsi gara 1996. urte famatura. Jakina denez, Hondarribia eta Iruneko hainbat biztanle tradizioaren aurka errebelatu ostean, urte horretan hasi ziren emakumeak ordura arte gizonezkoena bakarrik zen ekimenean soldaduz jantzita desfilatzen. Ondorioz, aurkako bi bandoren arteko tentsioa sortu zen. Tentsio honek Hondarribian Irunen baino garraztasun handiagoa du, eta hainbat kasutan biolentziara ere iritsi ziren. Irainak, txistuak, familia hautsiak… Gerra hotzaren antzeko zerbait zen hura!
Euskal Herrian gertatzen (d/z)en gauza ororen moduan, ezinezkoa da kasu honetan ere testuinguru sozial eta politikotik aldentzea. Erabat politizatua dagoen kasu gisa oroitzen dut. Festa bat baino gehiago, boto aukera zirudien: berunezko urte haietan, ezker abertzaleak berdintasunaren aldeko bandera altxatu zuen. Gainontzeko alderdi guztiak (EB salbu eta ñabardura askorekin PSE-EE) ordea, betiko alardearen aldekoak ziren.
Betiko lagunengandik aldendu, eta kanpora joan nintzen ikastera. Urteak pasa dira, eta alarde mixtoak erakundeen ( Eusko Jaurlaritza eta herriaren defendatzailearen) onarpena lortu du. Hala, sozialki ere, handitu du bere basea. Kanpotik ikusita (Madrilen eta Granadan bizi izan naiz) gauzak bere onera itzuli eta modu honetan, oihartzun mediatikoa baretu dela dirudi. Alabaina, oraindik ere badira plastiko beltzak kalera atera nahi dituzten herritarrak. 2013. urtean. Asko poztu nau bi aldeetako kideen testigantzak jasotzen dituen dokumentala atera izanak. (LINKA). Denak baina, ez dira berri onak. Irungo Alarde Ofizialeko (mixtoko) generala izan zen Alberto Lizarragak, tipo jator eta atseginak, herritik alde egin behar izan du bizilagunen presio jasangaitza dela eta.
Irailak 8. 2014. urtea. Berriz ere triste jartzen nau Kale Nagusia beltzez josita ikusteak.
Ez dago komentariorik