Jonan jaio zen eta haren aitak olatu erraldoien argazkiak ateratzen ari zen. Erditzearen unean, hospitaleko erizain batek ¡animo, maitea! esaten zuenean, aitaren mugikorraren bateria agortu zen. Mugikorren bat itzaltzen denean Joseph Pulitzerren hilkutxan zizare bat sartzen da; ume bat jaiotzen denean Apple-en ofizina zentraletan champagne botilla bati kortxoa ateratzen diote eta langileek far egiten dute kortxoaren soinua entzuten dutenean. “Lehen mundukoa bada bezeroa izango da, hirugarrenekoa bada… laster izango da kidea”.
10 metroko olatuek Kursaal zubiaren baranda apurtu zuten eta aita bertan zegoenez errepidera eraman zuen itsasoaren indarrak Hontza liburutegiaren beheko solairuraino. Anbulantzia iritsi zenerako beranduegi zen eta bere kabuz dendatik irten zen. Lokaletik alde egiten ikusi zutenek, alde batetik bestera mugitzen ari zela aipatu zuten. Begirada galdua zuen eta entxufe baten bila zebilen. Kargadorea zeraman esku batean. Ondo fijatu zirenak bilutsik zebilela nabarmendu zuten, Jainkoak haren semea mundura ekarri zuen bezala.
Jonan txikia lotan zegoen bitartean bere ondoan zegoen amak dena ziztu bizian pasa zela ohartu zen. Asierren agurra aterki berriarekin, hankak blai eginak, taxiaren deia, urduritasuna, mina… Erditze gelara esku-ohe batean eraman zuten eta 10 minutu ondoren beso artean zegoen umetxoa. Gurasoak bidean zeuden, baina ez zekien norekin geratua zen Asier olatu erraldoiak ikusteko; nekatuegia zegoen eta oraindik minduta argitasun osoz pentsatzeko.
Olatuak arroparik gabe utzi zuen Asier, baina olatuen bideoak internetera igotzeko ez zuen arazorik. Urrezko informazioa zeraman mugikorrean eta, zeinek daki, agian milaka like eta retuit lortuko zituen. Kostata iritsi zen etxera: bi turista japoniarrekin, australiar batekin eta madrildar batekin geratu behar izan zen argazkietan posatzeko. Bere gusturako, maitekorregiak ziren.
Etxera iristerakoan desordenak harrituta utzi zuen. Argiak piztuta zeuden. Edurne ez zegoen eta arropa lurrean zegoen sakabanatuta. Armairuan ikusi zuen erditzearen unerako maleta ere ez zegoela. Eta bihotzaren taupadak abiadura handia hartu zuen. Kargadorea atera, telefonoa entxufatu eta bi aldiz hutsegin ondoren klabea sartu zuen. Mugikorra prest zegoenean YouTuben sartu zen.
Ez dago komentariorik