Londoneko Marquee club-a munduko musikaren epizentro izan zen 60. hamarkadan zehar. Hamarkada horretako lehen urteetan, urte batzuk beranduago erabateko arrakasta lortu zuten banda generazio berria – Rolling Stones, Yardbirds eta Animal taldeak besteak beste- ibili zen aipatutako club-ean. Swinging London-en garaia izan zen hura, non pop musika eta modak Sohoko Wardour kaleko lokal batean bat egiten zuten.
Musika eta moda bata bestearengandik bereiztea ezinezkoa da batzuetan. Gaur egun, hala gertatzen da. Rock & Rollak eta honen deribatuak diren garaje, power pop eta punk rock-ak 60 eta 70. hamarkadako patroi estetikoei jarraitzen badiete ere, ezin da pop eta indie musikak gauza bera egiten dutela esan. Bertaratutakoen eboluzio estetikoaren testigu da Benicassim festibala: 1996an modan zeuden marradun kamiseta eta galtza zabaletatik, ‘pitillo’ galtza eta botoiez josiriko alkandoretara igaro da moda.
Musika jaialdia baino gehiago, joeren foroa dirudien Bartzelonako Primavera Sound-en, folk bizar sendo eta bigote ‘cool’ ugari ikusi ahal izan dira. Ziur aski, eragina izan dute Fleet Foxes eta Iver-en arrakastek bizardunen artean, bibotedunek ordea, Brooklyn-eko talde modernoen eragina jaso dute.
Hala ere, diotenez bibotea izan zuten lehenak “Good Bad Not Evil”-en garaikoak ziren Black Lips kaliforniarrak izan ziren 2007an. Malasaña, Kreuzberg eta Born auzo famatuetako konkista ordea, bi urte beranduago burutu zuen biboteak. Eta hementxe ditugu: Clark Gable itxuradun bigotedunek bizardunekin batera osatzen dute gaurko moda. Gipuzkoan, bitxia da moda hau, baita Ayo SIlver! eta Ginmusica eragileek antolatutako kontzertuetan ere. Taller de pelos, Easo kalea 18, ileapaindegiko Raul Burgosek bi urte behar izan ditu Dali erako bibotea harrotasunez erakusteko. Haren lokala Daliren erretratuz josia dago. Hura da bere alter egoa, bai behintzat bere azken etapa honetakoa. Hau bera erakutsi digu Dali imitatuz egin digun poseak.
Raul Burgosek dionez: “Etxean bibotea kendu dezadan esaten didate, frikia baita. Bost urtero eraberritzen dut nire itxura. Lehen piercingez josirik nengoen eta tatuajeak egiten nituen, baina aldaketa garaia iritsi zitzaidan”. Bezeroek Movember-en -azaroan gizonek bibotea eramateko sortutako ekimen solidarioa- moda jarraituko zutela espero zuen, baina ez da hala izan. Bizarra eta bibotearen arteko erronkan, bizarra atera da garaile. “ Lau bat futbolari, telebista aurkezle, eta aktorek jarriko balute, boom-a izango zen”, iragarri du Burgosek.
Gurean, egon da hau sustatzeko saiakera bat Zuhaitz Gurrutxagak, ETB-ko“Tumatxak” saioko aurkezleak, bibotea utzi zuenean. Gutxi iraun zuen bibote honek, izan ere orain, bizar handi batek aurpegia estaltzen diolarik azaltzen da telebistan. Oker gabiltza bibotedunak ere bizarrera pasatzen badira. Madrilen bizi den Diego Etxeberria donostiarrak bizarra eta bibotea txandakatzen ditu animo egoerak bultzatuta. “Lookaren araberakoa ere bada hautua”, dio . “ Bibotea ile luzea dudanean uzten dut, bizarra aldiz, ile motza dudanean. Ile kantitatea errespetatzen ez badut, hippie baten antza edukiko nuke”. Bibote eta bizarrari buruz dituen ideiak hispter baten manual ideala izan zitekeen album txiki honetan aurki ditzakegu.
Nimutv kolektibo musikalak gogoko ditu loditasun eta luzera handiko bizarrak. Bizarrei egindako enegarren oda gisa murgildu ziren hiru lagun hauek Donostiako kontzertu eta “pintxaden” programazioan. Ahal dutenetan harrotasunez erakusten dute haien aurpegi iletsua. Haien biografian irakurri daitekeen moduan, “80. hamarkadan, Ibaet Hills-eko kindergarten-ean XXI. menderako munduaren destinoa erabakitzeko ospatu zen haur bizardunen bilera sekretuan ezagutu zuten elkar…”.
Argi geratu da: bizarrek arrakasta itzela dute gurean. Hala ere, bada noraezean dabilen bibotedunen bat edo beste ere. Lehen aipaturiko ileapaindegiko Raulek dionez, “gazteek gauetan esaten didatenez, Bukowskin ere bada bibotedunik”. Baina oso gutxi dira.
Merkatua ez dabil norabide horretatik. Galde diezaiotela bestela, 25 urtez baino gehiago dj lanetan ibili eta ile-apaintzailea den Mario Maqueda hondarribitarrari. 1983an hilerri bat okupatu, eta bertan hasi zen lagunei ilea mozten. Post-punk-aren urteak ziren. Beste behin, musika eta moda elkarren eskutik. Pasaden urritik Hernani Kaleko Loreak Mendian dendaren azpian dagoen Oscar Ph ileapaindegian dabil bizargin lanetan. Haren espezialitatea ordu erdi irauten duen bizar-labanez egindako bizar mozketa da.
Ez dago komentariorik