Hiriak nagiak ateratzen dituen bitartean, Pellok orduak daramatza esna. Eguzkia zortzietan ateratzen da, eta hamarretarako bost minutu falta direnean, Pellok bi ordu baino gehiago daramatza esna. Mirakruz kaleko Kutxa sukurtsalaren aurrean ezarri ohi du bere kanpamentua. Zazpi urte daramatza kalean bizitzen, eta haren amets eta esperantza, noizbait lana aurkitzea da. Patuak, argazkian euskal gazteriari zuzendutako pintada (“Gora euskal gazteria!”) atzean duela ateratzea nahi izan du.
Beharbada, lehenengo Pedro eta ondoren Pello izenez aurkeztu zaigun gizona, ez da xehetasunaz jabetu. Hizketaldi labur baten ondoren, adeitsu agurtu eta haren begirada on eta tristea nigan iltzatu du. Pellorengandik 100 bat metrotara, zubiaren erdian, herrialdetik kanpo 10 urte daramatzan Jan txekiarrarekin topatu gara. Gaztelera perfektuz, gaizki pasatzera ohituta dagoela aitortu digu. Halakoa dela bere bizitza: espero gabeko kolpez josirikoa. Gazte eta irribarretsu, bere helburua Galiziara itzultzea dela adierazten digu. Oroitzapen onak dakarzkio herrialde horrek, eta buelta “Donejakue bidea bezain latza” izango duela dakien arren, gogotsu dago herrialde galiziarra berriz ere zapaltzeko.
Haren ametsa egi bilaka dadin laguntza eskatzen du Janek. Mutil batek berrogeita hamar zentimo eman dizkio. Boulevardera iritsi, eta Parot doktrinaren inguruko Estrasburgok hartutako erabakiaren zain dago jende andana. Horien artean bizar zuridun eskale bat dago. Kilometrora iristen ez den distantzia laburrean, oinez hamar minututara eta garai batean “Easo Ederra” deituriko hirian 3 kasu, 3 istorio ezberdin, topatu ditugu. Euskadin bazterketa egoeran dauden pertsonei buruzko informeak, Donostian kalean bizi diren 66 pertsona daudela azaltzen du. (LINKA)
Datu hauek, Kale Gorrian elkarteak 2012ko urriaren 17tik 18ra bitarteko gauean egindako lanaren emaitza dira. Laguntzaile talde batek hiriko kabina, parke eta zubietan aurreko urtean baino 21 pertsona gehiago aurkitu zituen lotan. 2011. urtean 45 pertsona bizi ziren kalean, 2012. urtean aldiz, 66.
Zenbakiak baxuak dira inguruko beste hiriekin alderatuz gero, baina %50eko igoerak egoera larriaren berri ematen digu. Urriaren 17a pobreziaren aurkako nazioarteko eguna dela baliatuz, pasa den astean hainbat ekintza ( zine-foruma, bizikleta martxa, solasaldiak..) antolatu zituen elkarte ezberdinek osatzen duten Zero Pobrezia plataformak.
Izaro Basurko, Pobrezia Zero plataformako kideak dionez; “krisiak, pobre eta aberatsen arteko distantzia handiagotu egin du” Egoerak okerrera egin badu ere, -esan diezaiotela Pello edo Jani- plataformatik helarazi nahi duten mezua positiboa da. Izan ere, bide berri bati ekingo dioten iniziatiba berriak ari dira sortzen: truke merkatuak, banku etikoa, energia kooperatibak…
Ez dago komentariorik