Askotan kexatu ohi gara, eta munduko arrazoi guztiarekin, donostiako ostalaritzan lan egiten duten langile askori buruz. Bezeroei eskaintzen dieten arreta, pintxoen prezio altuak, fijo diren bezeroei behin ere ez gonbidatzea (noizko zuritoren bat debalde?), ordutegi zorrotzak… Hainbat gauza kritikatu ditugu. Post bat idatzi nuen aurreko urtean hostieleroei buruz. Artikuloak arrakasta dexente izan zuen eta iruzkin ugari egon ziren, horien artean Araba Etxea tabernan lan egiten omen zuen gizon baten partetik. Martín Iparraguirrek kontrakronikaren bat eskatu zidan, nolabait bezero askoren jokaera deskribatzen duen post-a, alegia, “por saco” ematen duten pertsona horiek.
Eta ez dut esango gizon honek dioena gezurra denik. Egia da. Tortillari buelta eman diezaiogun. Jar gaitezen haren azalean. Eta analizatu dezagun zein den egoera. Barraren beste aldeak ez dizkiogu kamareroei gauzak errazegi uzten. Askotan jipoiren bat baino gehiago merezi dugu. Eta ez da egia: bezeroak ez du beti arrazoia izaten. Mantra moduan esaten dugun esaldia zentzugabeko ideia da. Absurdoaren bidezko arrazoinamendu kapitalista. “Nik pagatzen dudanez, nik dut arrazoia”.
Hortxe dago koxka. Edukazioa galdu dugu, egunen batean izan baldin badugu. Eta horrela hostieleroaz kexatzen garen aldi berean gauza bera egiten dugu. Beraiek bezalakoak gara:
a) Tabernara sartzerakoan ez dugu inor agurtzen.
b) Ez dugu pazientziarik. Sutan jartzen gara pittin bat atzeratzen badira.
c) Bost axola ordutegiak. Nahi dudanean jaten dut eta tabernan egongo naiz zuk, ostalari, ni kanpora bota arte.
d) Badakit debekatua dagoela, baina kalean edango dut. Tabernak pagatuko du isuna, beraz ez zait inporta.
e) Edozer gauza zinkintzen badugu, ez dugu garbitzen. Edalontzia kanpora eramaten badugu ez dugu itzultzen.
f) Pixa komun-ontzitik kanpo egiten dugu. Eta benetan larria dena: denok ezagutzen dugu tabernako barran pixa egin duen norbait. Eta farrez lehertu gara.
g) Komunak erabiltzen ditugu legezkoak ez diren gauzak egiteko. Eta normala iruditzen zaigu.
Granadako adingabeko epaileak, Emilio Calatayudek, askotan esaten du gure sistemak “eskubideak bermatzen dituela baina ez ordea betebeharrak“. 18 urte baino gutxiago duten gaztetxoentzat dago mezua zuzenduta, baina tabernako bezeroentzat ere ondo legoke.
Ez dago komentariorik