2011an sortu zen gentequehacecosas erakunde kulturalaren fundatzaileetako bat da Josetxo. Asoziazio honen helburua ekimenak sortuz eta artistak sustatuz, hiria dinamizatzea da. Bertako webgunean agenda kulturala dute. Hori gutxi balitz, aldizkari bat editatu, eta noizean behin, pasaden irailaren 21ean Guardetxean antolatu zuten Senegalentzako jardunaldi musikalaren tankerako festak antolatzen dituzte. Josetxok baxua jotzen du Donostian bizi den Luke Amstrongekin. Amstrong hogeita bost urteko musikaria da, eta Euskal Herrian folka promozionatzeko helburuarekin Stringed Wood deituriko kolektiboa sortu du. Kolektibo honen barnean daude Charles George Atkey, Jan Fol, Tristan Crowley eta Luke bera.
Baina baliteke, hauetaz inoiz ezer entzun ez izana.
Madrilen hamar urtez bizi izan den Detritus artista, zoratzen dago bere hirian aurkitu duen giro kulturalarekin. Sorpresa ederra hartu du. Rafael Berrio poeta eta musikoaren eskutik, idazle ugari (Pablo Casares, Karmelo Iribarren, Jon Obeso, Diego Vasallo, Joserra Semperena, Emilio Varela, Ramón Eder, Juan Manuel Uría, Javier Aguirre eta José Manuel Puerto) ezagutu ditu. Ostegunero elkartzen dira idazle hauek Groseko taberna batean honetaz eta hartaz hitz egiteko. Hauei dimentsio handiko (110x185cm) “La Tertulia Errante” izenburua duen koadroa eskaini die. Koadro hau Arteko Galerian egon da erakusgai.
Berriki, Beñat Sarasolak koordinaturik, beste hainbat idazle eta poetek (Anton Garikano, Itxaro Borda, Iñigo Aranbarri, Koldo Izagirre, Angel Erro eta Josu Landak)Munduko Poesia Kaierak deituriko bilduma aurkeztu dute. Bertan, izen handiko nazioarteko autoreen obrak itzuli dituzte.
Baliteke, beste behin, Duncan Dhun jotzen duenaz aparte, besteei buruz ezer entzun ez izana.
Duela gutxi Donostiakultura-ko komunikazio zuzendaria den Jaione Askasibarrekin bildu nintzen. Bere arazorik nagusiena, hau da, Donostiako kulturan dagoen arazorik nagusiena, kultur agenda antolatzean datza. Asteartero nazioarteko banda baten kontzertua dago Bukowskin, larunbatetan aldiz, Victoria Eugeniako antzerkiak beste ekimen batekin kointziditzen du, Beldurrezko zinemaldiaren itxierarekin adibidez. Ostegunetan, Truebara. Hori guztia gutxi balitz, egun askotan Artelekuk hitzaldi eta tailerrak antolatzen ditu, eta Koldo Mitxelenan egunero eskaintzen dute zerbait. Bestalde, Donostia 2016ko bulegoak erritmoa bizkortu du eta hainbat ekintza eskaintzen ditu.
Baina baliteke Principalera inoiz ez joan izana, edo Victoria Eugenia eraberritu osteko itxura nolakoa den ez jakitea.
Irungo Bloody Mary dendako Juancarrekin, hitz egiten dut maiz, eta biok gara iritzi berekoak: gure zonaldeak eskaintzen duen eskaintza musikala oso zabala da. Baina beharbada, zuzenean ikusi zenituen azkeneko kontzertuak U2 eta Rolling Stones taldeek Anoetan eskainitakoak izan ziren, eta bost urte pasa dira ordutik. Edo ez. Agian, Jazzaldian Zurriola hondartzan urrutira entzun zenuen kontzertua izan da azkena.
El Diario Vasco egunkariko ostiraletako agenda kulturalak bi orrialde betetzen ditu. Tokiko beste egunkariek ere, eskaintzen diote lekua agenda kulturalari. Donostiakultura webgunean hiriko ekimen kulturalak pilatzen dira. Udaletxeak Gaur Donostia izeneko webgunea du martxan. Bertan, ekimen guztien gaineko informazioa eskaintzen da. Noiz, 943, Arteuparte, Nimutv eta orain Kulturaldia… denek eskaintzen dute agenda kulturala.
Horrela bada, baliteke ondorengoa mingarri suertatzea: behar bada ez zaizu kultura interesatzen. Asko esanagatik ere, berdin zaizu. Donostia hilik dagoela kexatzen den horietakoa zara zeu ere.
Ez dago komentariorik