Ez naiz kotxeko gurpila aldatzeko kapaz, baina behar den guztia ordaintzeko prest nago hori egin dezaten. Horretan datza kapitalismoaren oinarriak, ezdeusa den jendeak alferrik botatzeko dirua edukitzean. Ongizateak bide horretatik garama: egin beharrekoak eginda izan ostean, telebista piztu eta sofan etzatea da gorputzak eskatzen didana. Apunta ninteke mekanika ikastaro batera, eta egunero etxera eskuak belztuta iritsi; baina garagardo hori ez da hozkailutik bere kabuz irtengo. Prioritateak.
Onartu behar ez dugula inertziaz botatzen siesta edo jolasten Candy Crushera, hori onartu ezin dutenei aukera bat emateagatik baizik. Nire ordenagailua laguntzarik gabe formateatzeko gai banaiz, nire etxea margotu edo izei baten enborra moztuz sinfonier bat egiteko kapaza banaiz, nori ematen diot laguntza? Autosufizientea naizela sentituko nuke, baina egoista izango nintzateke. Ezer ez egitean lortzen ez dudan dirua gizarteratuko da sistemak kolapsa ez dezan. Gastatzen ez duen pobre bat baino gauza oker bakarra dago: asko gastatzen ez duen aberatsa.
Ez nuke pesimista izaten amaitu nahiko, gizarteak asko egin du aurrera: bost urtera iristen ez zen historiaurreko haurra bi litrotako Cocacola botila edan, eta egun osoa kontsolan jolasten igarotzea lortu dugu. Ez daki bi makilez sua egiten, baina kapaza da bi hatzen bitartez minutuko 100 ortografia akats mugikorrean egiteko. Hazi eta lana bilatzen hasten denean, jakingo du lan aspergarri, mekaniko eta gaizki ordaindu bat ere ezin izango duela lortu. Orduan, ezdeusetan ezdeusena denarengana joko du: psikologoarengana.
Lortu dugu tuberkulosia sendatzea, baina oraindik ez dugu apatia sendatzeko txertorik lortu. Sistemak funtzionatzen jarraitzen du, ziur aski, zuri esker. Axola izan edo ez.
Ez dago komentariorik