Ciceron-ek lagunik gabeko bizitza ez zela bizitza azaldu zuen, eta ez naiz ni izango jakintsu erromatarrari arrazoia kenduko diona. Baina ziur nago De officiis-en autoreak “kuadrilla” kontzeptua ezagutzen ez zuela, nahiz eta bera bezain zaharra izan. Seguraski, bat baino gehiagok azaldu behar izan du atzerrian zertan datzan kuadrilla delako hori. Niri hori egitea egokitu zitzaidan egunean, “bizitza guztiko lagun taldea” dela esan nuen. Hala ere, definizioa motz gelditu zitzaidala uste dut.
Guztiarekin bezala, hainbat kuadrilla mota bereiz daitezke. Ohikoenak direnak azalduko ditut jarraian.
Betikoa
Ez da kasualitate kuadrilla hau zerrendako lehena izatea (lehenak ez du hobea esan nahi, kontuz), izan ere, ohikoena da. Kuadrilla hau eskolan sortu eta gaur egun arte iraun du. Jendetsuak dira kuadrilla hauek, eta logika eta estatistikari jarraituz, kideek -sexu berekoak dira denak- ez dute haien artean gauza handirik amankomunean. Hala ere, urtero elkartzen dira “kuadrilla afaria” egiteko, eta bide batez, baita elkarren berri izateko ere. Era berean, ondoko mahaietan afaltzen ari diren zorigaiztokoak ere izaten dute hauen bizitzen berri, eta zailtasun handiak izaten dituzte solasean aritzeko kuadrilla handiaren garrasien ondorioz.
Neska-mutilen kuadrilla
Kuadrilla hauek ez dira “betiko kuadrillak” bezain ohikoak, eta aurrekoa ez bezala, neskek eta mutilek osatzen dute. Betiko kuadrillak bezala, neska-mutilen lagun talde hauek ere jendetsuak izan ohi dira. Urtero egiten dituzten afarietan, kuadrillako kide bakoitza bere sexukoa denaren ondoan esertzen da. Kuadrilla honetan maitasun harremanak sortzen dira, “kuadrillako betiko bikotea” izena ematen zaiena.
Kirolaria
Kirol edo beste edozein ekintza praktikatzeko ohiturak sortzen ditu halako kuadrillak. Mutilez osatuak dira gehienetan eta askotan elkartzen dira kirola praktikatu edo telebistaz ikusteko. Garrasika hitz egiteko duten ohitura da hauen bereizle.
Txikia
Ezaugarri behinena, gainontzeko kuadrillek baino kide gutxiago izatearena da. Bertako kideek gauza ugari dituzte amankomunean, eta haien arteko harremanak luzeak izaten dira. Batzuetan, kuadrilla txiki hauek “betiko kuadrilla” izatera igarotzen dira, beti ere “kuadrilla txiki”-aren ezaugarriak mantenduz. Penintsulako beste leku batzuetan, kuadrilla txiki hauek “lagun” izenarekin dira ezagunak.
“Desegindakoak“
Zorigaiztoko izena duen kuadrilla mota honetan (esan beharra dago izen hau ez duela artikulu honen autoreak sortu, askotan entzun baitu) lehen hainbat kuadrillakoak ziren kideak aurki daitezke. Aurrekoekin zer ikusi gutxi zutela ikusita, hain interesekin bat zetorren kuadrilla bat osatzeari ekin zion askok. “Desegin” edo “despojo” hitzez zuzentzen dira asko hauengana, baina ausart hauek harreman luzeak edukitzeaz gain, bost axola zaie hauei haien jatorrizko kuadrillek nola deitzen dieten.
Neska lagunena
Kuadrilla hau mutil kuadrilla bateko kideen neskek osatzen dute. Kuadrilla honetatik harreman iraunkorrak sor daitezke, baina haietako batek bikotearekin harremana eten ezkero, baliteke bere jatorrizko kuadrillara bueltatzea.
Hau esanik, kuadrilla (bereziki “betikoa”) laguntasunaren forma endogamiko, infantil eta sexista da. Beste herrialde batzuetako lagunekin hitz egin ostean, denek egin dute bat kuadrilla bateko kide izatea lan zaila denaren ideiarekin, eta denak harritu dira gizarte txikia osatzen duten zirkulu hauek eskolatik harago doazela jakitean. Ezagun gehienek kuadrillaz gain lagunak izanagatik ere, urtean behin edo bitan elkartzen dira haien lagun taldeekin; askotan gogorik gabe eta “konpromezuz”. Nire ustez, laguntasuna ez litzateke gogoz egindako afari bat izan beharko, ezta gaztetako oroitzapenak elkarbanatzeko jende multzoa ere; zure denbora librea haiekin gozatzeko gogoa pizten dizuten pertsonen konpainia baizik. Konpromezuetarako, badugu lana.
Ez dago komentariorik