Pisu berean alokairuan bost urte baino gehiago badaramatzazu, bertako jaun eta jabe zara. “Super” moduko bat bihurtu eta etxeko sarrera eta irteeren kontrolatzaile zara. Ondo aukeratu behar da etxean nor sartzen den, eta horretarako kasting bat egitea da onena. Hauek izaten dira ohiko hautagaiak:
(Gran Hermano-ko musika, tutututun tun tun tun tun tun)
Ikaslea
Arduratsua dela badio ere, ez iezaiozu kasurik egin. Ikasle izateak osteguneroko parranda dakar, baita goizeroko porroa erretzea ere “ikasten” dagoen bitartean. “Unian” dabilen ikaslearen bizitza langilearen kontrakoa da. Horregatik ez da konbibentzia hori ona, ez zuretzat, ez harentzat.
“Giria”
Bi eratakoak daude Donostian: EHUn doktoregoa egiten edo beka zientifiko batekin dagoen Steve Urkelen antzadun frikia; edo guztion enbidia izateko lan ona egin duen guapo, hippie eta surflaria. Atzerritar batekin bizitzeak duen abantaila nazioarteko sukaldaritza ezagutzea da. Bere jatorriko hirira bidaiatzea ere ahalbidetzen dizu horrek, modu merkean. Okerrena: konfiantza hartzen duenean, etxea nazioarteko herrialde guztitako jendez beteko da.
Atzerritarra
Logela librea iragartzen duen kartela jarri bezain pronto, segituan jarriko dira zurekin kontaktuan (korreoz zein telefonoz) hegoamerikar eta magrebtarrrak. Jende langilea eta beste hautagaiak bezain zintzoa. Hala ere, arrazista hipokrita batzuk garenez, ia inoiz ez dira hautagai hauek pisua ikustera iristen. Deitzen dutenean jartzen den aitzakia ohikoena, logela jada alokatuta dagoelakoa da. “ Katxis! Duela bost minutu gainera!”
“Laguna”
Facebookeko horman pisu kide bila zabiltzala jartzea, teknika efektibo bezain arriskutsua da. 300 lagun baino gehiago izanagatik ere asko ez ditugu argazkian ere ikusi nahi, hare gutxiago haien bizikide izan. Kasu hauetan ere Murphyren legea bete eta beti izango da lagun “jasangaitza” iragarkiagatik interesatua dagoena. Egoera zail horretatik ateratzeko: “Nire pisu kideek ez zaituzte gustuko”.
Bueltan datorrena
Ekonomia krisia , edo harreman sentimental zapuztu bat direla medio, beti egongo da zu baino zaharragoa den baten bat pisuarekin interesatua. Haientzako nire gomendioa: ez ezazue zuen adina emailez esan ez baduzue atzerriko hautagaiarekin gertatutako bera gertatzea nahi. Beharbada, bigarren fasean pisukoak konbentzituko dituzu.
10-15 minutuko elkarrizketaren bidez hautagai guztiak ezagutu ostean, erabakiaren garaia iristen da. Zuek nor aukeratuko zenukete?
Ez dago komentariorik