Mutila Mundaizko institutoan Quarterback zen eta neska aldiz Peñafloridako animatzailea zen. Gainontzeko istorioa erraza da jakiten.
Neskak mundua ezagutu nahi zuen eta mutilak haren arropa ezkutuko mundu ezkutua, 10 zentimetrotara dagoen paradisua, alegia. Urgull mendiaren txoko sekretu batean daude eta neskak gaztetxo baten ahotik atera daitekeen esaldirik harrigarri zein beroena dio:
-Ez nazazu ukitu gustatzen zait eta.
Gure bizitzak fikzioa kopiatzen du eta fikzioa telefilmea dirudi. Ilargi beteko gaua zen eta kurtso amaierako festan elkarrekin joan ziren. Mutilak ispiluaren aurrean gaizki explotatu zuen grano bati begiratzen zion eta neskaren aitak alabaren birginitatea etxean uzten zuela zekien. Biok kotxearen atzekaldean zeuden taxi batean KISS FM-ren abesti ustelaren bat entzuten zuten bitartean. Festa, aurkezpenak, harrokeria. Argia leuntzen denean abesti mantsoak hasten dira eta vodka ipintzen diote poncheari. Etxerako bidean, gottika eta “zu zara maite bakarra” bezalako aitormenak.
Bizitza osoa zuten aurretik eta ez zeuden desengainatuak. Gasolindegietan lan egiten zutenak EGB amaitu ez zutelako uste zuten. Gizajoak. Bidebietan bizi zirenak gustokoa zutelako uste zuten. Lagunak betirako ziren. Bizitza estribillo borobila zen eta ezbeharrak muxuekin doaztela pentsatzen zuten. Hain ziren gazteak eta inozoak.
Pixkanaka bizitzak jipoitu zuten, oso mantso, konturatu gabe. Bizimodu eskasa, langabezia, gorputz berriak, mozkorraldiak, lehenengo kana, maldaz beteriko auzo bat, arratsalde osoa, Decathlonen pasa etxean egoteko txandal berri batekin ateratzeko. Kanpaia entzuten duzu eta borroka amaitzen da.
Errealitatea eta ametsen arteko distantzia salbaezina egin zen. Eguneroko bizitza. Isialdi luzeak. Maitasun begiradak. Azkenean erlazioa iraultza guztiak amaitzen diren bezala bukatu zen. Jo ta ke. Odola isurtzen.
Ez dago komentariorik