2005, abuztuak 31. Igande goiza. Sute batek Boulevard-ean 27. zenbakian dagoen Discóbolo diskoteka guztiz suntsitzen du. 10:30tan hasi eta txispazoa lokala garbitzen ari zen emakume batek ikusi zuen larunbat gau luzearen ondoren. Sua eta ke mordoa zegoenez udaltzainak 21 bizilagun haien etxetik joanarazi egin zituen eta baita inguruan zeuden dendetako langileak ere. Zorionez, ez zeuden zauriturik izan. 9 urte ondoren diskotekak ez du Discóbolo izena, Disco Friends baizik. Eta gauza asko aldatu ziren. Ez zegoen jada xarma dekadenterik, ez; argi biziak zituen itxura Ibiza estiloko lokal berri eta moderno bati ongi etorria eman genion.
Omenaldi zintzoa merezi du Discóbolok. Etxekalte edo Bataplanen gaua bukatu beharrean, gutako batzuek limitazioak barnerazen genituen -eta asko ziren, gainera: zahartua zegoen, bezero zaharrak, musika patxangosoa- eta Donostiako gauaren must batean bilakatu zen. Hasiera batean, eta benetan arraroa dirudien arren, bi publiko ezberdinentzako erakargarria zen: hogei urte inguruko gaztetxoak eta 50 eta 60 arteko gizon helduak. Modu ezberdinean biak norabiderik gabe zeuden larunbat gauaren goizeko 4etan.
Gazteak, literalki, ez baitzekiten nora abiatu Alde Zaharreko tabernak itxi eta gero. Etxekalte ospetsua zen elektronika eta musika fina jarraitzen zutenentzat baina kola nabarmenak egoten ziren sartzeko eta beheko solairua zulo bat zirudien (gaur egun ere dirudi). Hondartzetako diskotekak ere bazeuden baina pijoak eta garestiak zirenez askok ez genuen hara joan nahi. Gogorazi beharra dago urte horietan ez zegoela erdiko irtenbiderik, Be-Bop edo Doka bezalako diskotekak, alegia.
Bestetik, gizon helduek ez zuten beste ezer egiteko eta haien bizitza latza ahazteko aproposa zen Discóbolo. Eroso egoteko lekua zen hura eta ez ziren juzkatuak izango. Asko jota, gaztetxo horiekin hitzegin zezaketen eta unibertsitatariak ederki gozatzen zuten istorio harrigarriak entzuten. Boxeo borroka zirudien: zahartzaroaren inguruan zeudenak bizitzan jasotako gantxoak kontatzen eta gaztetxoak “sparring” gisa ring-aren gainean.
Bikote bitxiak osatzen ziren. Kuadrilla gazteak alde batean, eta bestean langabezian zeudenak, latino batzuk edo eskarmentu handiko ostalariak -Txalupa tabernakoa, adibidez- pertsiana jaitsi eta ziztu bizian soto hartan agertzen ziren. Bizitza osoa esperimentatzeko aukera zutenak eta bizitza (gehiegi) esperimentatutako gizonak. Ez ziren Discóbolon emakume askorik ikusten. Gutxi zeuden. Eta gehiengo gizonezkoak ez zuten esperantzarik bere bizitzako amodioa ron-cola eta gin-tonic artean topatzeko.
Sutea jasan baino lehen Discóboloren negozioa primeran zebilela zirudien. 60. hamarkadan irekita, aintzinako estiloarekin jarraitzen zuen, kutre eta orain esango genukeen vintage artekoa, eta herri askoretan egon diren disco-bar horien itxura zuen. Eskailerak jaitsi eta bi pista zeuden, lehenengoa barra baten inguruan. Bigarrena, pista zentrala. Bideo honetan, 2001. edizioko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean landu zena, umore handiz deskribatzen da Discóbolo modu parodiko batez.
Herriko diskoteka zen, beraz, eta Donostiako punturik esklusiboenetariko batean zegoen. Txoko apala, kutrea eta antiñoñostiarra zen. Eta guzti horrek ere bere xarma dauka.
Komentario bat
Oso ondo Kontatutako Istorioa. Eskerrik asko antiñoñostiartasunagatik.