Badira urte batzuk Easo plazan dagoen Abadia tabernari euro baten truke garagardoa zein ardoa pintxo batekin zerbitzatzea otu zitzaiola. Formula honek bere fruituak eman, eta hala pixkanaka pintxopotea auzoko taberna guztietan zehar zabaltzen joan zen. Taberna honetako jabea den José Urrexolak 2011ean El Diario Vascon esan zuenez “Easo plaza hutsik geratzen ari da, eta hau biziberritzeko behar handia dago”.
Donostiako erdialdean dago Easo plaza, baina ezezaguna den arrazoi batengatik ez da jende asko bertaratzen. Bertatik topora doan jendea pasatzen da, baita Alde zaharrera, Kontxara zein Erdialdera doazenak ere. Amara Zahar auzoko funtsezko gunea behar lukeen hau, hiriko gune garrantzitsuetara doazenen bidegurutzea da. Destokian dago plaza. Hala ere, (bir)ezagutu beharra dago.
Aipaturiko Abadía tabernan pareta apaintzen duen liburu kolekzioak deitzen du bezeroaren arreta. Sarrerako pasilloa eta barruko jangelaren artean, euskaraz zein gazteleraz idatzirik dauden 500 liburu historiko eta nobela zenbatu dira. Literatura unibertsaleko altxor handirik ez dago, eta ez da erabilgarria den liburutegia. Baina hala ere, dekorazio elementu bitxia da eta bigarren eskuko liburutegi bezala erabil daiteke. Kafea edan bitartean liburu bat irakur daiteke, eta etxera ere eraman daiteke beste liburu baten truke. Joe Cocker entzun daiteke bertan. Anekdota gisa: bertako zerbitzari batek onartu duenez, inoiz ez da liburu bat bere kabuz irakurtzeko kapaza izan. Arro esaten du.
Espaloi beretik jarraiki eta Javier taberna igaro ostean, plazako insituzio den La Bella Easo tabernara irits daiteke. Diego Puerta peña taurinoaren antzinako egoitza da, eta irudi dezakeen moduan, zaharren taberna autentiko horietako bat da. Beste hirientan parrokia modernoa izan daitekeen honetan, kartetan jolasten duten jubilatu ardozaleak biltzen dira. “Lehengo” tabernetan bezala.
Café-bar Pirpira da -tratu, kontzeptu eta prezio aldetik- atseginena guretzat. Txiletar anai batzuek eta donostiar batek ireki zuten udan bigarren eskuko altzariz apaindurik dagoen taberna hau. Vintage estetika eder batez hornitu dute txiki baina erosoa den espazioa, eta xehetasunak ere ezin hobeto zaindu dituzte. Ondo zerbitzatutako zuritoarekin batera poltsako patatak ateratzen dituzte euro baten truke. Garagardo tostatua ere badute. Kafe eta mojitoek itxura ona dute, baita opilek ere. Sarreran, Valparaisoko koadro batek apaintzen du horma. Marvin Gaye entzun daiteke hemen: “What’s Going On”, “Sexual Healin´”…
Zaharren taberna, kafetegi vintage-a, liburuak dituen taberna… After bat besterik ez da falta Easo plazako familia hau osatzeko. Bingo! Taberna hauen atzean, hiriko after hours nagusietako bat dago, Circus. Gaur baina, ostegun arratsa izanik, beste baterako utziko dugu after hau. Musika (Fatboy Slim, Blur…) behar baina altuago dago La Bodeguilla pub-ean eta gure ibilbidean ikusi dugun kuadrillarik gazteena dago bertan. Tabernako nagusiak esan digunez, duela 15 urte ireki zuten taberna eta honen omenez, izenak islatzen duen “espiritua” mantendu dute. “Auzo guztietan zegoen lehen Bodega Donostiarra bat, orain baina, Grosekoa bakarrik gelditzen da”, aitortu du nagusiak.
Ez dago komentariorik