Diotenez Egiarekin lotura zuzena duen Javier Sun musikariak, New Yorkeko Greenwich Village-rekin lotzen zuen auzoa. Ipar Amerikako Eleanor Friedberger artista aldiz, Gazteszena inguruko kotxe eta furgonetek klaxonekin egindako zarataz kexatu zen 2013ko udazkenean areto horretan bertan eskainitako emanaldian. Egia auzoaren azken aldiko bizipenen testigu izan daitezke bertako eszenatokietan aritu diren musikariak. Egia esan, ez da eraikin grisez josiriko aldapa bat besterik, langile auzo protestantea, gune zaratatsu eta izaera doilorrekoa, baina garai gozoa ari da bizitzen eta Porrontxoetaz –Donostiako San Ferminetaz- harro daude bertakoak.
Etxebizitzen alokairu prezioak Gros eta Zentrokoak baina merkeagoak dira, pintxo-poteak ostiraletako arrats-gauak animatu ditu eta erabilera askotako Dabadaba aretoak (Mundaiz, 8) gauetako aisia eskaintza biziberritu du Le Bukowski (Egia, 18) eta Gazteszena (Baztan, 21) aretoekin batera musika eta dibertsiorako triangelu txiki baina interesgarria sortuz.
Donostiako fenomeno ohiko batez ari gara: kontzertutarako 3 areto biltzen dira bost minututako distantzian. Gainera, elkar konektatzen hasiak dira. Pasaden larunbatean Eagulls-ek Bukowskin emandako kontzertura bertaratu zirenek gaua La Luz talde ipar amerikarra eta Jupiter Jon eta Kokoshca taldeko partaideek eskainitako DJ sesioarekin amaitzeko aukera izan zuten. Kontrako bidea egitea ere ez da arraroa: garagardo bat Dabadaban, bestea Le Bukowski-n eta Gazteszenan kontzertua. Gaur, esaterako, agendan adierazi genuen lez, Ze Premikin! jaialdi rockeroa ospatuko da .
Egia auzoko beste gune neuralgikoetako bat taberna asko dagoen Virgen del Carmen kalean dago. Beharbada berezienetako bat -giro, musika eta estetikari dagokionez- Egia taberna da (Virgen del Carmen, 45). Bertan, gune atseginean, pintxo eta razioak dastatzeko aukera dago. Artisten argazki eta kontzertuetako sarrerez dotoreturik, noizean behin boloak antolatzen dira, eta inguruan aritzen diren artisten ohiko parada ere bada. Hala ikus daiteke Ty Segall-ek egindako bisita azaltzen duen argazkian.
Bi bitxikeria Virgen del Carmen kalean: Estrella Roja Kebab-a ( 30), baita janaria saltzen duen makina ere (aldaparen hasieran) gaueko gosea baretzeko gauean askok bisitatzen duten gune dira. Gune berean aurkitzen da ere ez bakarrik Egiako, Donostia guztiko gau eta underground instituzioa: Cactus. Honen berrirekierak bizia bueltatu dio gautxori bati baino gehiagori. Cactus gainerako tabernak ixtean irekitzen dute; after modura funtzionatzen du. Hori bai, ez dago musikarik. Edariak eta… goizaldeak eskaintzen dituen sorpresa ilunak soilik.
Jakina, egunean zehar Egiaren epizentroa Kristina-Enea parke zoragarria da, askotan ahazten dugun bisita derrigorrezkoa. Hiriko parkerik handiena da, 80.000 metro karratu baino gehiagoko hedadura duena. Bestetik, Gazteszenako Musikagela deituriko entseiurako lokalak donostiar bandez bete ohi dira eta ezin hobeto funtzionatzen dute. Hori guztia gutxi balitz, instituzioak Tabakalerako obrak 2015.urtea amaitu aurretik burutzera konprometitu dira. Ordurako, ziur aski, behin-betiko izango da iritsia Egiaren ordua.
Ez dago komentariorik