Gure historia idatzi izan du azukreak hasieratik: bitxikeriak, gozotasunak, baina beti goxotasunak. Mila eta bat gauek transmititzen duten gogoberotasunetik (“oh pastelak! Gozo, fin, eta bikainak; hatzekin biribilduak! Zuek zarete pozoi guztien antidoto! Nire esperantza bakarra, nire pasio guztia, ez zait ezer hainbeste gustatzen!”) Maía Antonietak eman zuen erantzunera (Stefan Zweig-ek bera izan zela ukatu zuen); erregina austriarraren erantzuna ondorengoa izan zen herritarrek ogirik jan ezin zezaketela esan ziotenean: jan ditzatela pastelak!
Meme Harsich eta Virginia Molini bikoteak ez dute aukeratzera behartzen: ogia, pastelak eta ia bezeroek desira dezakeen guztia eskaintzen dute Grosen duten aterpe txikitik. Biek ikasi zuten sukaldaritza Buenos Airesen. Harsichek orduan Kursaalean zegoen Martin Berasategiren jatetxean praktikak egiteko gurutzatu zuen ozeanoa. “Mutual batean egiten nuen lan, eta hiru hileko baimena eskatu nuen: bi praktikak burutu ahal izateko, eta hirugarrena Europan barrena bidaiatzeko. Lana eskaini zidatenez, uko egin nion bidaiatzeari… Gerora gehiago eskaini zidaten. Nire familia ez zegoen ni hemen geratzeko prest. Eguerdiko ordu bietan amaitzen zen lana, eta asteburuetan libre izaten nuen, baina sukaldaritza zen niri gustatzen zitzaidana”, dio Memek. Euskaldun batekin ezkonduta dago orain, eta ez du ezerk hemendik “mugitzen”. Hala ere, “beti” du bisitan nostalgia.
Sukaldaritza ikasten zuten beste ikasle batzuekin pisua konpartitzen zuelarik ezagutu zuen Alikante eta Sevillan ere lan egin duen Virginia. Krisi egoeran murgildurik, lagunentzako eta lagunen lagunentzako postreak eta pastelak bi urte luzez prestatu ostean, eta gozogile autoestimua sendotuta dutelarik, askok, noizbait, gure buruari galdetu(ko) diogun galdera egin zieten berei: zergatik ez gara martxan jartzen?
Pasaden ekainean, iritsi zirenetik bizi izan diren auzoko Gran Via 19-n ireki zuten Meivy (haien izenen lehen bi hizkiak baturik sortutako hitza, zeina ingeleseko “beharbada” hitzaren gisan ahoskatzen den…). “Hasiera zaila izan zela” onartzen dute. Baina buelta eman diote egoerari, eta hori ikusteko haien kafe zoragarriak, txokolatezko brownie-ak, alfajorrak, “dulce de leche”-ko kokitoak, gazta, platano eta intxaur tartak, jogurt griegoz egindako bizkotxoak edo diabetikoentzat egindako postreak probatu besterik ez dago.
“Bezeroa eskuartean ezberdina den zerbaitekin atera dadin saiatzen gara, eta ahal izan ezkero le armamos una tarta en el momento, txokolate, bainila, merenge edo marrubiekin”. Txikia da frantses kutsua duen patisserie-a. Lau aulki eta kafe katiluak pausatzeko barra bat besterik ez ditu Clarin egunkariaren ebakinak eta Julio Cortazar-en kikarak dituen dendak. Tamaina da mateak ez zerbitzatzeko arrazoia, izan ere, kanonek markatu moduan, “espazioa behar da hauek dastatzeko”. Hala ere, matea zerbitzatzeko modua aurkitu dute: infusio gisa. Udaran kafe hotza eta limonada dira nagusi.
Hemengo eta hango, de acá y ashá, errezeta eta osagaiek osatzen dute haien sukalde eskaintza, eta osagai berezia, paperezko poltsen zigiluan azaldu moduan: maitasun handiz eginikoa da. Haiek egiten ez duten gauza bakarra kruasanak dira (Frantziatik ekartzen dituzte, eta etxeko produktuak ez badira ere, merezia dute ospea). Pasaden igandean bezero batek esan zien moduan: “El Cafetal-era tartak eramateagatik ezagutzen zintuztedan. Kostatu zait zuek aurkitzea, baina lortu dut; nire ahizpak eman dit pista”.
Usain onekin aliantza sekreturen bat izan behar du lokal honek: perfumeria bat zen lehen, orain, aurki ditzakegun usainek urdaila esnatzen dute. Armairua eta erakusleihoa gorde dute, eta beste hainbat objektu ere birziklatu ditute lokalari kutsu vintage-a eman ahal izateko. Buenos Aireseko taberna batean oinarritu dira bitrinen behealdea egunkari argentinarrez estaltzeko. “Honek sortzen duen efektua gustatu zitzaigun… eta besoko mina genuen hainbeste margotu ostean –dio Virginiak-. Acabamos recansadas”.
Haien produktuek lortu duten famarekin alderatu daiteke bakarrik nagusien sinpatia. Kulpa sentimendua dutenentzat ere, badute errezeta: “Tentazio batez libratzeko modurik onena, tentazioan erortzea da”.
Ez dago komentariorik