Niretzako, 90. hamarkadaren amaieran hasi zen gauean ateratzearen eta musika ona entzutearen arteko gatazka. Iruñean, Los Portales edo Cavas tabernek Blur, Bis-en “Eurodisco”, Pulp eta El Niño Gusano taldeen abestiekin ematen zieten amaiera ostegun unibertsitarioei. Ondarra tabernara egindako isilpeko eskapadetatik kanpo, ezin ziren musika talde hauen abestiak Donostiako tabernetan entzun. Zergatik? Zer da/zen gertatzen dena/zena?
15 urte beranduago, berdin jarraitzen dugu. Edo okerrago. Kulturaldia.com-ek Basmattiri egindako elkarrizketan ondo laburbildu zuen: “Gogoratu La Buena Vida taberna batean entzutea ezinezkoa dela hiri honetan”. Hau lehenengoan ulertu dute ostalariek: Alde Zaharrean taberna berri bat ireki nahi dutenean, ez dira lokal indie, garaje edo musika beltza eskaintzen duten lokalekin ausartzen; ondoan dutenaren antzeko taberna izango da irekiko dutena, festak jarrai dezan.
Mutu gelditu izan naiz turista talde bati taberna dezente bat gomendatzerako orduan. Nora bidaliko ditut? Beno, ez da horren larria. Larunbat gauetan kalera ateratzen direnek ez diote musikari arretarik eskaintzen. Bestelakoak dira haien helburuak: ongi pasa, edan, ligatu, asteko errutinatik deskonektatu… Pertsonalki, uste dut ez dagoela larunbat gaua Sueden “oooh, whatever makes happy on a saturday night” abesten amaitzea baina gauza hoberik. Hala ere, uste dut gazte askok nahiago dutela Steve Aokiren azkena entzun zaharkitutako Britpop-a baino.
Zorionez, badago salbuespenik. Akerbeltz, Eiger, eta Le Bukowski tabernek mimo handiz zaintzen dute musika. Alabaina, badaude feelinga galdu duten tabernak ere (Ondarra eta Etxekalte esaterako). Etxekalte tabernako beheko solairuan, gomendagarria ez den zuloan, patxanga elektronikoa jartzen dute. Badaude bezero guztiak pozik mantendu nahi baina erdibidean gelditzen diren tabernak ere: Hamabost, Ostadar, Be-Bop eta konpainia dira hauetako batzuk. Maná taldearen ostean, The Cure-ren abestiak jartzen dituzte hauek. Horrela ez.
Bederen, antolatzen diren kontzertuetan bide bera jarraitzen duten DJak daude. Ayo Silver!-ek lotutako ekimenetan gertatzen da esaterako, eta baita, neurri txikiagoan, Ginmusikak antolatutako zenbait afterparty-tan ere. Sustatzaileengatik ez balitz, musika hilik legoke.
Bitxia da: Iruñean orain inoiz baino talde gehiago daudela dirudi (Muy Fellini, Wilhelm and The Dancing Animals, Kokoschka, Almanaque Zaragozano, Panty Pantera, Las Culebras, Amor de Tokyo, Antigua Y Barbuda, Hoey and The Mussels) baina jarduera kulturala falta dela diote. Los Portales eta El Cavas-ek aspaldi galdu zuten haien jatorrizko esentzia. Kokoshca talde iruindarrak Donostian mila gauza daudela esaten dute hona etortzen direnean. Eta arrazoi dute. Baina ez da tabernetan izango, hori ziurra da. Beste 15 urte igaroko dira eta egoera berean jarraituko dugu. Edo are okerrago.
Ez dago komentariorik