Alex, Borja eta Iñaki gara. Hiruron artean eraiki genuen duela urte bete pasatxo Ayo silver! eta gure lehen kontzertua Shannon & The Clams y Las Ardillas izan zen. Orduztik 50 talderekin kontatzeko zortea eta 50 disko editatzeko aukera izan dugu. Azkena Kokoshca taldearen “Hay una Luz” izan da.
Donostiako “pipermina” izateko asmoarekin sortu zineten. Lortu al duzue?
Gugandik hasita, hainbat bizitza eta ikuspegi kultural aztoratzea lortu dugu. Gainera, geldiezin gabiltza infra underground delakoan. Hau da, hiriak berak duen alde ezezagunean. Beraz, esan daiteke lortu dugula, ezta?
Nola hasi zen dena? 2010an Borja Kaliforniara deserriratzearekin?
Ez. Ikuspegien arteko uztarketa bat izan zen. Munduan gauza asko gertatzen ari zirela ikusi genuen eta belarri ona duen hiria den Donostia, gertakari horien kokaleku izan zitekeela otu zitzaigun. Bertan eta bertatik.
Izena puntazo bat da. Zuzendu nazazue oker banabil: “Llanero Solitario”k haren zaldiari esaten zion “Hi-Yo Silver!” esapide famatua euskaratu, eta Ayo (agur) Silver! sortu duzue.
Hortik hartu genuen izenburua, bai. Egia esan, izenburuak badu bere historia. 2003. urtean Borja, Iñaki, Ibon eta beste lagunen batek Guardetxean antolatutako Black Lips-en kontzertuak ere bazeraman seilu hori. Baita Gazteszenan 2009. urtean egindako Spectrum-en kontzertuak ere. Aurrekari onak izan ziren!
Ez dakit zehazki “pop koipetasua” den, baina berezko nortasuna duzue. Askotan entzuten da: “Ah, bai, Ayo Silver!-ekoek antolatu dute”.
Mmm, bai, baliteke. Hala ere estereotipoen aurka gaude, eh! Adibide pare bat jartzearren, Sean Nicholas Savage eta Maher Shalal Hash Baz egozten zaizkigun pop kopeitsu, garaje edo psikodeliatik kanpo daude.
Hiri txiki batean kontzertuak astean zehar, batez ere asteartetan, antolatzeko ohitura osasuntsu (eta arriskatua) ezarri duzue urte batean. Erantzuten al du publikoak asteburutik kanpo?
Jarraitzeko eredu finkorik ez dagoela ikasi dugu. Astelehen nahiz astearte batean aretoa ia bete izan dugunean, “larunbatetan itzela beharko du” pentsatu izan dugu. Baina larunbatetan beste kontzertu, afari, zine, nobio eta nobien… aurka lehiatzen da. Gustuko ditugu astean zeharreko kontzertuak: “Astelehenetik ostiralera bitarte lan eta deskantsua/desfasa asteburuan” ezarrita dugun errutinarekin apurtzen dugu. Uste dugu, jendea osasuntsu eta zorioneko dagoela dikotomia horrekin apurtzen badu: nazioarteko maila duen kontzertu bat, askotan bikaina, asteazken batean eta 10€ baino gutxiagoren ordainduta, luxu hutsa da.
Ayo Silver!-i esker, Donostia ez da horren “Ñoñostia”?
Beno, Growlers-ek kantatu moduan, “People don’t change blues”. Hiria den bezalakoa da, liluragarria gauza batzuetarako eta eramangaitza beste askotarako. Jendeak aldatzen du haren esentzia, izan ere, kontzertuak jendea ikustera datorkigulako egiten ditugu. Hau da, jende hori bazegoen gu baino lehenagotik ere. Guk hona ekarri bagenitu, izango genuen “ñoñostiarrismoa” gutxitzearen errua, baina ez da hala.
Busti zaitezte: aukeratu zuen lehen urte honetako kontzertu eta single bat.
Uff, Olinpiar jokoen antzerakoak gara, kontzertu bakoitzaren ostean galdetzen diogu gure buruari ea eskainitako kontzerturik hoberena izan den. Lehiaketa Maher Shalal Hash Baz, Cosmonauts, Asteroid #4, Spectrum eta Moon Duoren artean legoke. Singlei dagokionez… Kokoshcarena indarrez dator, baina Night Beats taldearen “H-Bomb”-ekin geratzen gara lehenengoa izan zelako, eta baita ‘temazo’ hutsa delako ere.
Ez dago komentariorik