“5. denboraldia da nahiz eta 6.urtea izan”, azpimarratzen du Xabier de la Mazak, Musika Parkearen antolakuntzaren atzean dagoen aurpegi ezagunetako bat. 5 denboraldi belarra zapaltzen, ekimenaren leloak dioen bezala, gure inguruan ditugun eremu berdeen erabilera gizabidetsua sustatzen. Segituan bereganatu dugu Musika Parkearen automatismoa. Eguraldiak laguntzen badu plan bikaina izaten da. Gutako asko, beraz, irrikitan gaude bazkaria ilusioz prestatu eta lagun eta senideekin pikniketara joateko kontzertu goxo bat ikusten dugun bitartean. Apuntatu data: datorren apirilak 25, larunbata, eguerdiko ordubietan, Aieteko parkean lehenengo saioa ospatuko da Josu Bergara eta Les Fous taldeekin batera.
Baina nola hasi zen hau guztia? Nondik atera da eta nola iritsi gara honeraino? Lehenik eta behin urruti xamarrera bidaiatu behar dugu, Londresera hain zuzen ere. “Talde antolatzaileko pertsonok Londresen bizi izandu gara eta aurrera ekiteko nahia ere erraz ulertu daiteke: Londresen pikniak bai eta, hemen, zergatik ez?”. Olatu Talka jaialdiaren lehen edizioan, 2010. urtean, “frogatu” zuten ekimena lehen aldiz Cristina Eneako parkean. Bulegoaren laguntza (Eva Salaberria, Ainara Martín, Ana Espinosa…) hasieratik izan zuten eta piknik bat nola egiten den bideoa plazaratu zutenean milaka ikusle lortu zituzten. Birala bihurtu zen.
Egun hartan giro paregabea egon zen Donostian. Primerako eguraldia. 300 bat perstona azaldu ziren, bizikleta pila… eta ezustekoren bat ere bai, gogoratzen du orain Xabierrek. “Lehenengo pausoetan gertatu ohi den bezala denetarik gertatu zen. Muntaketa egitera joan ginenean parkeko goardak esan zigun berak ez zekiela ezer Musika Parkean-i buruz eta azkeneko ordura arte tentsio puntu hori izan genuen”. Orohar, “esperientzia ona” izan zen eta Musika Parkean proiektuak bere kabuz hegan egiteko ahalmena zuela erakutsi zuen. 2010. urtean beste bi saio antolatu zituzten, bata Martutene kartzelaren atzean dagoen Benartegi zelaian eta bestea Miramar Jauregian. Musika Parkean abian genuen, jada.
“Oso erraz ulertzen den proiektua da; horrela jaio zen eta horrela mantentzen da”, dio Xabierrek. 2011ko lehen denboralditik gaur eguneraino gauza gutxi aldatu dira, beraz. Espiritu berberak dihardu eta horietako bat, jakina den bezala, belarra zapaltzea da. ”Historikoki parkeak eta eremu berdeak begiratzeko egon dira, eta gozatu…gutxi gozatu dira. Musika Parkean-ekin egoera horri buelta ematen saiatzen gara”. Ez gara Burdeosen edo Iruñean bizi; hemen hiru hondartza zoragarri ditugu eta haien magnetismoarekin jardun behar da gure parkeek ere merezi duten protagonismoa izan dezaten. Hori izan da Musika Parkearen xedeetako bat. Xede nagusiena, ziurrenik. “Xarma duten beste leku asko ere badaude. Urumea ibaian zehar leku politak daude eta hiriaren beste aurpegia ikusi dezakegu. Donostia asko daude; bakoitzak bere Donostia du eta azkeneko urteetan jarduera desberdinak garatzen ari dira auzo desberdinetan”, azaltzen du Xabierrek.
Musika ere garrantzi handiko faktorea dugu. Saio guztietan izaten da kontzerturen bat eta joera eklektikoa azaldu dute. Ia denetarik egon da, kontuan hartuta horrelako lekuetan musika “atsegina” bilatzen ohi dutela antolatzaileak. Arrasto sakona utzi duten hiru talde aukeratu beharko balute “arrazoi desberdin/eklektikoengatik”, hauek izango lirateke: Pajaro Sunrise (Miramarren egin zuten lehenengo kontzertua), Dedicated Nothing (Aiete Jauregian) eta Debako musika banda (Bernategin).
Aurten bi zelai berritan egongo dira (Altzako Tomaseneako zelaian, maiatzak 23, eta Intxaurrondoko Ametzagainako parkean, uztailak 11) eta beste biri “deskantsua” emango diote, Bernategi eta Ulia. Antolatzaileak ezkutuan mantentzen dute sorpresaren bat edo beste. “Omenaldi bat izango da”, aurreratu dute. Adi egongo gara. Momentuz, gainontzeko datak eta lekuak hauek dira: apirilak 25 (Aieteko parkea), Ekainak 13 (Cristina Enea) abuztuak 23 (Miramar Jauregia) eta irailak 26 (Urgull).
Ez dago komentariorik