Madrilgo taberna batzuen antzera antolatu du berea Iñigo Agotek Erreke Katolikoen zonaldean. Hiriburuko Casa Pueblo taberna ezagutzen duenak, León kalean kokatuta dagoena eta Iñigo bera bazkidea izan zena, ondo baino hobeto jakingo du zertaz ari garen mintzatzen. Kalima tabernaren ateak 2012ko martxoaren 12an ireki zituen Larramendi kaleko 5. zenbakian. Inspirazioa, berriz, Madrildik datorkio. “Donostiara goxotasuna ekarri nahi nuen, barraren diseinuan ikus dezakezu eta baita egurraren tratamenduan”, onartzen du. Betiko ostalaritzari aire berriak eman nahi dizkio Iñigok eta horretan dabil: kanpoan ikusitakoa gure artean zabaltzen.
“Betidanik gustokoa izan dut Madrilgo ostalaritza. Atentzioa xehetasunetan ipintzen dute, kaña bikainak zerbitzatzen dituzte… Orohar, oso onak dira eta Donostian horren falta sumatzen nuen”, dio 33 urte dituen donostiarrak. 1999 ostean mundu honetan dabil eta Madrilen 10 urte igaro ondoren Euskal Herrira itzultzeko irrikitan zegoela onartzen du. Lokalen bat bilatzen hasi zen eta Kalimarekin topo egin zuen. Izena eta kanpoko kartela izan ezik, beste guztia aldatu egin du. Aldaketa erradikala izan du tabernak.
“Hau desastre hutsa zen”, gogoratzen da Iñigo, zeinek banan-banan iguruan dauden altzairu eta objektuak deskribatzen dituen: tamaina handiko ispilu horizontala, lanparen argi baxuak, egur pintura, arbela… Hasieratik argi zuen leku atsegin bat osatu nahi zuela. Eta seguruenik hori da Kaliman atentzioa gehien deitzen duena: “Kalimaren klima” esaten dugu barrez erdi txantxetan. Hitzegin bitartean indie (The Smiths, Surfjan Stevens) nahiz zoul musika (Stevie Wonder) naturaltasun osoz nahasten dira, rock klasikoko kanta batzuekin batera. Orotariko musika ona dago Kaliman eta, ondorioz, musika zaintzen duten seriean sartu dugu. Bolumena ez dago ez altu ez baxu, puntu erdi egoki batean baizik. Hizketan egon edo/eta dantza egin nahi baduzu… aurrera! Hala ere, arazotxoren bat aurkitu dugu: bozgorailu batetik ez da musikarik entzuten. “Urtezahar-gauerako konponduko dut!”, dio seguru Iñigok.
Kaliman ez dago telebistarik -“gainontzeko tabernak badutenez nik kendu egin dut. Bereiztu egin behar gara. Hor dago gakoa”-, ezta Keler garagardorik -“hornitzailea niregana etorri zenean Mahou garagardoarekin akordio batera iritsi nintzela esan nion eta farrez hasi zen”- eta cocktailak zerbitzatzen ditu zazpi eurotara. Kalimaren gailurrarekin topo egin dugu jada: garagardoa, cocktailak eta giro goxoa. Arratsaldero irekia egoten da eta asteburuetan goizeko lauak arte “asko jota”.
Kañak Madrilen askotan ikusi ohi den bezala zerbitzatzen ditu: edalontzi altu batekin bikoitza bada, txikia zuritoarentzako, eta pare bat behatz zehatz neurtzen duen aparrarekin. Jendeak gustokoa du. Dexente. Astearte arratsalde honetan, 7 bezeroetatik 5ek kañak eskatu dituzte. Iñigok, gure artean ohikoa ez den bezala, fruitu lehorrak atera ditu edari bakoitzeko. Arraroa den arren, Euskal Herrian badago lekuren bat azeitunak edo kakahueteak doan jartzen dituena.
Ez dago komentariorik