200 urte inguru, makina bat urte. Leclercq familiak Ponsol kapela-dendaren ateak zabaldu zituen (Narrika, 4) 1838 urtean, hiriak 1813an erreskaldatu zuen sutea eta 25 urte beranduago. 176 urte zehatz hauetan denetarik pairatu du Donostiak eta munduak: modak, iraultzak, gudak, diktadura-garai luzeak… Pentsa ezazue nolakoak izan ziren XIX. eta XX. mendeak. Baina Ponsolek tinko eutsi dio. Aktore ugari, politikariak eta errege-erreginen familia izandakoak egon dira hemen; mitikoa den dendarik badago Donostian Ponsol izan beharko luke ezbairik gabe. “Horrelaxe ezagutu dugu, nire aitonaren garaian bezala”, dio Inakik harrotasunez, María Pilar Garcíaren semeak alegia, jadanik familiaren laugarren belaunaldia.
Dendara sartzen zarenean aintzinako garai batera bidaiatzen duzu; zutabeak, mostradoreak eta paretak XIX. mendeko grandeur frantsesaren estiloa dute. “Hau”, dio Inakik armairuak seinalatzen, “Parisen egon zen erakusketa batekoak dira“. Baina, nola eutsi dute altzairuak hainbeste denbora ondoren? Nolatan atera da dena osorik? “Uste dut lehengo materialak gaur egungoak baino hobeak direla, askoz ere gehiago eusten dute. Egia da noizean behin egur oholen bat jarri behar dela, apurtxo bat margotu… Baina, orohar, ez dugu deus ere ukitzen”. Aipaturik mostradoreaz gain, sartu eta eskubian erakusmahai bat dago eta Inaki eta Olatzek, langile batek, haien lantxoak burutzen dituzte, kontabilitate-azterketak eta horrelakoak.
Alde Zaharreko izkina hau -txinatar denda baten parean eta kamisetak saltzen dituen Pampling denda berrian- famatua da. Hementxe milioika kapel saldu dituzte. Mota oroko kapelak dituzte: panamak, bortsalinoak, euriarentzako kapelak, ingelesak, feltrozko txapelak eta Elosegi txapela klasikoak eta guzti. Gizonezko kapelen prezioa 80tik 150 eurora bitarteko tartean mugitzen da eta emakumearena 30-50 euro artean. “Materialaren kalitatearen arabera da hori”, aipatzen du Inakik.
Eta jende askok uste duenaren aurka Ponsol-era ez dira gizon-emakume helduak soilik hurbiltzen. Dendaren atzeko aldean Fred Perry bezalako markak aurki daitezke eta kapela belaunaldi berriek ere gustokoa duten arropa da. “Egia da garai batean ez zirela gazteak etortzen, baina azkenaldian gero eta gehiago animatzen dira”.
Ez dago komentariorik