Gorrotagarriak dira konparazioak, baina batzuetan, ezinezkoa da hauek saihestea. 2013ko Zonak gutxi dauka 1996koaz. Urte horretan bertan hasi ginen San Bartolome kale zaratatsu hori maiz bisitatzen. Bertan, London Rock House da biziraun duen taberna bakarra La Madamekin batera. Azken honek Burdel Chapeauren lekua hartu du egun. Nerabezaroan astebururo maitemintzen ginen gunea zen Zona, baina gaur egun ez da bera. Distira galtzeaz gain, ilun, huts, eta zaharkiturik dago; bertako lokal gehienak alokairuan daude, gainontzekoak utziak. Lokal hauen fatxada zabarrak, gainbehera doan zonaldearen erakusgarri dira.
Duela 15-20 urte, unibertsitateetako gazteek Zonan hasi ohi zuten beren ostegunetako parranda gaua. Jarraian dauden argazkiak, abenduak 12 osteguna, gaueko 23:00etan izan ziren atereak.
Zeharka dezagun San Bartolome kalea bertako puntu nagusiak inguratuz. Ondoren, ariketa nostalgikoaren garaia izan da. Zaila da aipamen musikalak aurkitzea. Ez dakienarentzat ondorengo oharra: Zona neska eta mutil hiritarrez bete ohi zen, baina bertara ez ziren musika entzutera joaten ( musikaren %90a patxanga zen), haien edertasuna pasiatzera baizik. Batzuk Young Play-eko arratsaldeko sesiotik abiatzen ziren bertara, beste batzuk ordea, Zonan hasten zuten euren parranda. Punk-aren geldiunea zen Porche, ez zen orduan existitzen. U2ren “ Even Better Than Real Thing” entzuten bazenuen, zorteduna zu!
Jarraian, oraina iraganarekin alderatuko dugu; zirriborratuta eta urruti dauzkagu oroitzpenak, eta horietako asko alkoholak eragindako lehen ezinegonak dira.
Zakro
Hemen hasi ohi ziren nerabezaroko gau eroak. Easo kalearekin iskina egiten duen telefono kabina izan ohi zen lagunekin geratzeko puntu nagusia, eta hemendik, Zakrora joan ohi ginen, epaitegia pasa eta lehenengo dagoen taberna. Bertan zerbitzatzen zituzten txupitoak koloretsuak ziren, eta konbinatuek “Ven al Paraíso” bezalako izen iradokitzaileak zituzten. Ezin bertatik osorik atera. Honen parean, oraindik bizirik dirau rock gogorra jarri ohi duten eta Ibizako diskoteka baten izena daraman taberna: Pacha. Orain, gutxi batzuk dabiltza bertan futbolinean jolasten. Zakro lokala salmentan dago egun, eta itxura penagarria du egia esan.
Cine
Bertara sartzeak, adin nagusikoa zinela konfirmatzeaz gain -beti eskatzen zieten NAN-a, neskei… ia inoiz ez- zerurako bidean zinela suposatzen zuen. Cine taberna donostiar nerabe pijoaren sublimazioa zen, ezin zuen gehiago eskatu COUra zihoan mutilak, ezta BUPeko 3. kurtsoan zegoen neskak ere. Nor ez da inoiz Cinerekin maitemindu? Erosoa eta espaziotsua zen, bertan ibili diren azken generazioak hantxe hartu ohi zuten lehen kopa Alde Zaharrera joan aurretik. 2004ean itxi behar izan zituen bere ateak. Egun, zirriborroz beteriko zaharkitutako ate zatar bat besterik ez da.
La Bocatería
Bokateria izenez ezagutzen genuena, Va Bene hanburgeseriaren tankerako joko aretoa zuen taberna zen, eta egun, ehiztari eta arrantzaleen elkartea da. Lehen aipaturiko Cineren aurrean zegoen, eta bertan, parrandarako sabela egokitzen zizuten gosegarriak eskaintzeaz gain, elkarrizketa lasaiak eduki eta billar partidak jokatzeko aukera zegoen. Ondoko atea zeharkatu eta gorantz zihoazen eskaileretatik igota, litxarkeriak saltzen zituzten joko aretora iritsi zitekeen.
Kuttun
Taberna honen bizirautea milagro finantzario bati zor zaio. Cine taberna jendez lepo egoten bazen ere, pasillo baten tamainakoa den Kuttun tabernak bezero urriekin (baina fidel) egin zuen aurrera. Bere mesedetan: gaur egun inguruko tabernek baina fatxada duinagoa mantentzen du.
Kentucky
San Bartolomeko kale txikian amaitzen zen arrapalatik Kentuckyra irits zitekeen. Tabako makinak, eta tabakoa ez zutenak zeuden, eta beraz, beti joaten zen ezagunen bat bertara gertatzen zenaren berri izatera. Orain, Meet izenez da ezaguna, eta jabe berriek badaramatzate hilabete batzuk martxan. Diotenez, “era guztietako” bezeroak gerturatzen dira bertara.
Twickenham
Honen ostean, eztabaidagarria den La bolsa izeneko etapa berri bati ekin zioten bertako jabeek. Azken etapa, Rivers. Hala ere, bertako gaur gogoangarrienak tabernak “Twicken” izena zuen garaian igaro ziren, eta modu honetan, izen honekin pasa da taberna hau historiara. Ez zen Cine taberna bezain pijoa, ezta Kentucky bezain zitala ere; Zonako erdi mailako jendea biltzen zen taberna horretan, komodin zuten taberna hau. Lersundi kaleak San Bartolome kalearekin egiten duen iskina estrategikoan kokatzen da, eta orain, bulego aseptiko batzuek (Central Fax Euskadi) hartu dute taberna honen lekua.
Kopas & Moro
TKCren -ateak itxi zituen lehen lokala da. Zona koman sartu zenaren seinale eman zuena- sareetan erori ez bazinen, gauetako ibilbideek azken parada bikoitza zuten. Morotik Kopasen sartzeko ateratzen zen jendea, eta alderantziz. Ezinezkoa da bi munduok banatzea. Pottokiek duten urdin kolore bereko katxiak zerbitzatzen zituzten bertan, eta horrek, dexente ordu lehenago edandako Zakro tabernako txupito koloredunak ekartzen zituen gogora. Zona, pil-pilean zegoen.
- Moro
- Kopas
Ez dago komentariorik