Jazzaldi garaian twitterren bueltaka zebilen hashtagetako batek, zerikusi gutxi zuen Trinitate plazako kontzertu, edota hondartzako doako kontzertuekin. Ez zuen musika hizpide, ostalaritza baizik.
Bezeroek ostalariengatik jasotako tratu ezatsegina maiz izaten da koadriletan eztabaida gai. ( “Ez dakite zerbitzatzen, erantzun onik ez espero haiengandik, garestiegia da taberna…”). Baina iritsi da iruzkin horiek plazaratzeko unea. 10 puntutan deskribatuko ditut #hostieleroak.
1-. “Sukaldea hamar minutu barru itxiko dugu”
22:50ak dira, eta Ebrotik hegoalderantz zentzurik izango ez lukeen esaldi hau botatzen dizute. Hamaiketan ixten dira Donostiako tabernetako sukaldeak, baita ostiral eta larunbat gauetan ere. Bazkal orduan, gauza bera gertatzen da eguerdiko 15:20etan. Dirudienez, ez dute diru gehiagoren beharrik.
2-. “Pintxoak edo Karta?”
Nahasiak dira AFAL ORDUAk hainbat tabernatan. Groseko San Francisco kaleko Casa Senra tabernan izugarrizko buruhausteak sorrarazten dituzte. Mahaiak libre egon arren, ezin da bertan pintxorik jan. Kartan dagoen razioren bat eskatzea beharrezkoa da mahaia okupatuz gero. Baina kasu horretan ere, kartatik eskatutakoak pintxo kopurua baina handiagoa behar du izan!
3-. “Ez dakit mahaia noiz libratuko den”
Madrileko Lavapiés auzoko Indiar jatetxe batean, nahiz “tasca andaluz” batean, itxaron denbora emango ligukete, itxaron denbora errealarekin bat etorriko ez bada ere. Ezin zaio bezeroari alde egiteko gonbita luzatu. Guztiz komertziala den zentzuzko premisa hau baina, ez dute #hostieleroek betetzen: beste leku batera joatea da nahi dutena, nahikoa baitute dutenarekin! (bi mahai bete, eta lau zerbitzari barran).
4-. Yoko Onorena da errua
Tokion egon den lagun batek, euskal ostalaritzaren funtzionamenduak Tokiokoarekin antza duela dio: jende ugari dago tabernetan lanean, eta horietako bakoitzak bere lana egiten du. Ez gehiago,ezta gutxiago ere. Ideia finkoko pertsonak dira #hostieleroak. Barra atzean badaude, barra atzean daude. Ez dira bertatik mugituko.
5-. “Esan”
Bi hizkuntzen artean hautatzeko aukera izanik, kortesia agur ugari ditugu Euskadin. Hala ere, “aupa”, “kaixo”, “zer moduz?, “hola” … gutxi entzun ditzakegu haien ahotatik. Behin lanean egonda, nahiago diote zuzenean heldu: “Esan”, “Zer nahi duzu”. Horiek dira haien esaldi gogokoenak. Zerbitzatu eta kobratu. Zerbitzatu eta kobratu. Zerbitzatu eta kobratu. Etengabe.
6-. Ez da laguna
Bosgarren puntuarekin du honek zerikusia. Badago, beste leku batzuetan, tabernetara bakarrik joaten den jendea. Bertan egonik, barra atzean dagoenarekin hasi ohi dira solasean. Modu honetan, bi ezezagunen arteko harremana sortzen da . #Hostieleroei, erabat arrotzak zaizkie honelakoak. Ondorio arriskutsuak izango dituen ekintza ausartegia iruditzen zaie.
7-. Giputxi
Gipuzkoarrak grisak eta serioak (baina zintzo eta fidagarriak) garela dioen topikoaren erakusgarri da honakoa: nahi adina pintxo hartu ditzakezu baina ez iezaiozu hizketaldi bati hasiera eman (oroitu 5. eta 6. puntuak), eta ez irribarrerik egin. Amaieran zer hartu duzun galdetuko dizute, eta zu ere fidagarri eta zintzoa zarenez gero, egia esango diozu.
8-. Iturriko urik?
Gazte nintzela, Zonako La Napolitanan gelditzen nintzen parrandatik etxera bueltatu aurretik. Patata frijituak eskatzeaz gain, txorrotako ura eskatzen nuen merkeago izan zedin. Erantzuna beti zen bera: “Ez dago.” #Hostieleroak zintzoagoak dira ( 7.puntua) eta ez dute gezurrik esango. Insalus botila bat aterako dizute zuzenean.
9-. Txin-txin txin-txin diruaren hotsa
Diruaren legeak agintzen du. Garagardoak 2 edo 3 euro, ardoak 3, pintxoak 2 eta 3 artean. Halako prezioekin ulergarria da pintxo-potearen fama! (Ezagutzen ez duenarentzat, pintxo-potea, low-cost erako pintxoa da, bai prezio eta baita kalitatean ere.)
10-. Olibak ere ordaintzen dira
9. puntuarekin estuki lotua. Edariarekin atera ohi den “tapita” ez da hemen existitzen: ezta *poltsako patata batzuk ere. #Hostieleroak ez dira inoiz janaria oparitzeko tentazioan eroriko. “ Patatekin hasi, eta txuletak banatzen bukatuko dugu”. Zentzuzkoa da, bai.
*Ez dakigu ahoz aho dabilen mitoa den. Baina diotenez, Alde Zaharreko Akerbeltz tabernan patatak ematen dituzte Mahou garagardoarekin batera.
Ez dago komentariorik