Gure iragan literarioari erreparatzea nahikoa da, konturatzeko garaian garaiko poeta eta idazle belaunaldiek beti parte hartu izan dutela klub eta elkargune literarioetan. Madrilen esaterako, Arenal kaleko Café Levante kafetegian, non 1908 eta 1914 urte tartean, Valle Inclánek bere hitzaldi famatua antolatzen baitzuen. Azorín eta Baroja anaiak ikusle fin zituen, beste askoren artean. Une hartako erakunde askok baino eragin gehiago zuten Inclánek antolatutako ekitaldien gisako tertuliek. Hizkuntza komunikatzeko tresna bat da, baina horrez gain, sormen eta amesgintzarako ezinbesteko erraminta.
Ez da harritzekoa gaur ere, urte andana igarota, tertuliak eta hitzaldiak sortzen jarraitzea unean uneko idazle eta poeta abangoardisten eskutik. Luma eskuetan, eguneroko arrunkeriatik libratzen gaituzten zaldunak dira, hizkuntzaren zaintzaileak. Herri baten aberastasunaren zaintzaileak. Jon Benito eta Beñat Sarasolak antolatutako Berrirakurtzen jardunaldion berri izatean, atzera egiten dugu iraganera, baina ez inbidiaz kizkurtzeko, gure hizkuntzaren eta literaturaren etorkizunaz jabetzeko baizik.
Proiektuaren bizkarrezurra literatura da. Irakurritako literatura, abestutakoa, literatura gordin-gordin. Pertsona bakoitzari sentsazio ezberdinak sor dakizkioke liburu berberak. Koldo Mitxelenako Ganbarak jasoko ditu ekimenaren baitako irakurtaldiak. Goxatzen joateko, proposamena “duten ibilbide oparoagatik eta ezaugarritzen dituzten sentsibilitate artistikoagatik” hautatutako zortzi pertsonaiaren eskutik osotuko da Benito eta Sarasolaren arabera. Partehartzaileek irakurtzeko eta formatua erabakitzeko unean askatasun osoa dute
Bi dira gaur arte egindako berrirakurketak (Alberto Moyano eta Maialen Lujanbiorenak) eta emaitzak nabariak dira. Jende andana izan da parte hartzen, proiektuak interesa sortu du eta pozgarria da oraindik literaturaren gainean interesa dagoela ikustea. Mari Luz Esteban idazle eta antropologak parte hartuko du maiatzaren 29an 19:30etan eta “La Mujer y la Madre” obra aurkeztuko du.
Hurrengoak honakoak izanen dira: Ekainaren 19an, Koldo Almandoz Herzog-en La conquista de lo inútil obrarekin; irailaren 25ean Maite Arroitajauregi (Mursego) Gloria Fuertesen Historia de Gloria obrarekin; urriaren 30ean Itziar Okarizen txanda da, Virginia Wolf en Una habitación propia liburuarekin; azaroaren 27an Ander Izagirreren kargu, Miema Viezzerren Si me permite hablar berrirakurtzea eta azkenik abenturaren amaiera gisa Andu Lertxundi, abenduaren 11ean Harri eta Herri-rekin.
Literatura maite baduzue ez duzue aitzakiarik, eta gustatzen ez bazaizue aukera bat izanen duzue ezjakintasunean ez hondoratzeko.
Ez dago komentariorik