Komikiguneak, donostiako komikizale amorratuen topalekuak (Errege-Erregina Katolikoen kalea, 16), lehen urteurrena bete du. Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak sortua, Komikigunearen genesia Luis Gasca donostiarraren bilduma da eta barruan biltzen ditu komikiak, pulp aldizkariak, fanzineak, jatorrizko obra grafikoa, filmak, komikiari buruzko ikerketak… Gainera, Komikigunean ohikoak izaten dira komiki aurkezpenak eta hitzaldiak. Hurrengoa, urriak 17 larunbata eguerdiko 12etan: “Emakumezko komikigileak. Zergatik hain gutxi?”
KULTURALDIA-n merezi duen bezala urteurrena ospatu nahi dugu eta helburu zehatz batekin abiatu gara Komikigunera: bertako harribitxiak ezagutu nahi ditugu, inkunable horiek aurkitu eta euren historioa zein den jakin. Zergatik dute beste aleek baino garrantzi gehiago? Zergatik dira paregabeko komikiak? Aldez aurretik ordua eskatu dugu (tf: 943 249690, e-maila: komikigunea@gipuzkoa.eus) dokumentazio zentro gisa sortua baita eta komikiaren munduko ikertzaileari edo zaletuari materiala kontsultatzeko aukera eskaintzen dio eta, arreta personalizatuarekin.
Arantxa eta Irune dira bertako zaintzaile adeitsuak. Eta bisita gidatua egiten primerako anfitrioiak. Pasaeran begiratu bat egiten badiozu ez duzu konklusio askorik aterako. Kale altuera berberan dagoen pisuan uste baino komiki gutxiago daude; baten batzuk apaletan utzi dituzte, beira-arasa gutxi batzuk ere topatuko dituzu eta egurrez eta harriz apaindutako areto honetan mahaiak daude ikerlari eta komiki zaleentzat prestatuta. Non daude, orduan, 30.000 dokumento horiek? Non ezkutatzen dira?
Sotora joan beharra dago bai ala bai. Komikigunearen altxorren gordailua hemen egon behar du. Ehundaka, milaka dokumentu, objektu eta bitxikeri ordenatu dituzte pixkanaka-pixkanaka. Benetan zirraragarria da. Komikiak ezezik, egunkari-zati ugari daude, liburuak frantsesez, euskeraz eta gazteleraz idatzita, ale solteak eta Mickey Mouse-i eskainitako gune bat eta guzti!
2011 bukaeran Koldo Mitxelena Kulturuneak “Gasca bilduma” zabaldu zuen non milaka agiri, komikiak batipat, aurki daitezke. Sotoa Gasca-ren trasteleku erraldoiaren egoitza dirudi orain.
Altxorrak
Gehiago badaude, noski, (“Fanxinoteka”, “Ehun Kilo”…) baina bost aukeratu ditugu Komikiguneko langileen aholku onei esker:
1-.“El tiburón” (1863): hementxe alerik zaharrena. Azken urte hauetan eleberri-grafikoaren eztanda izan dugu, baina ondo egoten da atzera joan eta nondik gatozen ikusten badugu. I. López-ek duela 150 urte baino gehiago Bartzelonan kaleratu zuen umorezko almanaka.
2-. “Nikolasaren abenturak eta kalenturak” (1979): umeei zuzenduriko liburu bat da eta Bernardo Atxaga (autorea) eta Juan Carlos Eguillor (ilustradorea) dira egileak. Atxagak 1979tik aurrera haur literaturari ekin zion batetik, eta mundu pertsonal bat sortzeko zereginean hasi, bestetik: Obaba. Euskal idazle ezagunenaren b aurpegia da hau. Bere obra osotasunean ezagutzeko ezinbestekoa.
3-. “Carlitos Ferrocarril”(1973): Ivan Zulueta (1943-2009) artista donostiarraren bitxikeri bat. “Un, dos, tres al escondite inglés” filmaren antzeko pop estetikaz baliatuz, Luis Gascaren Pala editorialean argitaratu zuen ipuin musikatua. Zuluetaren lan amaigabea ezagutzeko modua.
4-. “The Avengers” (60´s): serie honetako 30 ale dituzte eta Komikigunean lehen edizioa jasotzen dute. “The Avengers” (gazteleraz “Los Vengadores”) Marvel editorialaren sinboloa bilakatu da mundu osoan zehar bertan biltzen baitira, besteak beste, Hulk, Iron Man eta Capitán América bezalako superheroiak.
5-. “Baleak ikusi ditut” (2014): alerik berriena aukeratu ditugunen artean. Javier de Isusik Astiberrin argitaratu zuen eta Komikigunean aurkeztu zen. Bertan Euskal Herriko historiaren azken lau hamarkadetako ikuspegi zabala ematen digu egileak.
Ez dago komentariorik