Gasteizko Saure argitaletxea komiki hezitzaile digitalean espezializatua dago. 160 ale baino gehiago argitaratu dituzte e-comic formatuan euskaraz, gazteleraz, portugesez, frantsesez eta ingelesez. Ohiko pdf formatutik baina harago doaz: dimentsio berria eman nahi diote biñeten irakurketari eta horretarako zoom-a, trantsizioak, eta “aztertutako irakurketa denborez” baliatu dira.
Txani Rodríguez, Nacho Fernández eta Esteban Hernández idazleekin kontatzen dute besteak beste, eta istorioak adin guztietako publikoari daude zuzenduak. Euren grina pedagogikoak argitalpenak gaika antolatzera daramatza: bakea, ingurumena eta kultura. Azken sail honi dagokio “Katu hegoduna”. Komikiaren gidoia Yurre Ugarte tolosarrak egin badu ere, marrazkiak Joseba Larratxe irundarraren lana izan dira.
Fran Sauré editoreak dioenez “Pariseko Louvre museoan bizi den katu baten fantasiazko istorioa da”. Yurrek naturaltasun osoz egin dio aurre komikien munduan egindako lehen lanari. Larratxe arkitektoarentzat bestalde, aukera polita izan da Pariseko kale eta eraikinak topikoetatik kanpo (Eiffel dorrea ez da azaltzen, esaterako) birsortzeko.
Jim Morrison eta Parisen mitoak aldiz, badu lekua komikian. Baita Edgar Allan Poek ere. Alabaina, Jim Morrison hilobiratua dagoen Pere-Lachaiseko hilerriaren ordez, Morrison deituriko erdi kafetegi erdi liburu denda ageri da komikian. Bertatik dabil Karenek Baionatik ekarritako hegodun katu misteriotsua. Louvre museoko langile baten arreta berehala bereganatuko du eta bertan hasiko da gatazka.
Momentuz, 4,49 eurotan argitaratu dira gaztelerazko eta euskarazko bertsio digitalak. Paperezko formatua argitaratuko den jakiteko apur bat itxaron beharko dute komiki zaleek.
Ez dago komentariorik