Ramón Eder (1952) idazlea gaztelaniazko aforismo sortzaile nagusietako bat da egun. Groseko taberna bateko asteroko solasaldietan parte hartu ohi du, beste hainbat musikari, idazle eta artista donostiarrekin batera. Gutako askok bere “nortasuna igande arratsaldetan osatzen da” aforismoa Enrique Vila-Matasen “París no se acaba nunca” ezagunean azaldu zenean ezagutu genuen.
Poesia eta ipuingintza alde batera utzi ditu, eta 90. hamarkadatik hona bere ekoizpen literarioa aforismoetara mugatu da. Izan ere, aitortzen duenez, hori da hobekien egiten duena. Aforismo egile gisa, bere alde poetikoena ironia eta buruargitasunez janztea lortu du. Emaitza barregarria bezain bikaina da. Bere geldi egon ezina ere azpimarratzekoa da: 2012tik hona antologia bat (“La vida ondulante. Hablando en plata, ironías y pompas de jabón”) eta bi liburu (“El cuaderno francés” eta “Relámpagos”) argitaratu ditu. Jarraian, bere aforismoetako 20 (eta ez txioak) bildu ditugu, ordenari erreparatu gabe.
- “Gaueko laguntasunak solidoa dirudi, baina likidoa izan ohi da”
- “Errege oro da ona erbestean dagoenean”
- “Antzerkiak ikustera ez joatea kritika egiteko modu bat da”
- “Igogailuko solasaldiak behin-betikoak dira”
- “Nortasuna igande arratsaldetan osatzen da”
- “Ez eman zure arrakasten berri, ez baduzu zure hanka sartzeak gogorarazterik nahi”
- “Badira adin jakin batean irakurri ez badituzu, irakurtzeak zentzua galtzen duen liburu bikainak”
- “Aforismo bikain bat ilunpeko tximista bat bezalakoa da”
- “Helburuak beldurrak justifikatzen ditu”
- “Gaizki itzulitako liburu bat irakurtzea, Beethoven irrati batean entzutea bezalakoa da”
- “Hilezkorrak gara gure bizitzako egun guztietan, bakar batean izan ezik”
- “Zoriontsuagoak ginateke daukagunaren erdia bikoitza gozatuz”
- “Igandeak eternitatea dira, miniaturan”
- “Ez dugu lehenengo amodioa ahazten, ezta gogoratu ere”
- “Amildegira urreratu eta oharrak hartzen zituen”
- “Egiaren unea ez da inoiz iristen, egiaren unea ez doa inoiz”
- “Denbora igarotzearekin batera, egunkari guztiak horiak direla ikusten du batek”
- “Inteligentzia, puntu batetik aurrera, irrigarria da ezinbestean”
- “Irribarrea da beheraldi batetik irteteko modu bakarra“
- “Minak altxor bat ekoiztea lortu behar da”
Ez dago komentariorik