Zaila izango da Bart Davenport eta Biscuit kataluniarrek pasa den urtearen amaieran The Jam-en “Sound Effects” interpretatu zutenekoa hobetzea. Horrek egiten du berezi “We Used To Party” ekimena: miresten dituzun musikariak haietaz duzun irudiarekin bat egiten ez duen errepertorio batekin ausartzeak. ‘Freak’ izaera eta izen mutantea duten japoniarrak -oraingoan Acid Mothers Temple & Space Paranoid izena hautatu dute- hirurogei eta hirurogeita hamargarren hamarkadako rock psikodelikoarekin lotu izan dituzte, baita Frank Zappa eta Jimmi Hendrixekin ere.
“Ez dut uste Black Sabbath-ek gugan eraginik izan duenik, baina nola ez, maite dugu haien musika”. Hala aitortzen du Kawata Makoto taldeko gitarrista eta guruak. “1978an ezagutu nituen, eta urte hartan bertan atera zuten `Never Say Die!´ diskoa erosi nuen, Ozzyrekin batera egin zuten azkena. Haien musika gogorra eta iluna zela irakurri nuen aldizkariren batean, baina sintetizadoreekin egindako pop-rock abesti horiek ez zuten zerikusirik nik irudikatu nuenarekin! Dezepzio handia izan zen niretzat!”.
Egia da, Sabbath-ek garai asko bizi izan dituzte, loriatsuak batzuk, eta beste batzuk ez horrenbeste. 70. hamarkadaren amaieran, Dio jada taldean zela, multinazional batek haien diskografia osoa berrargitaratu zuen Japonen, baita Makotoren gustukoenak diren lehenengo diskoak ere. “Lehenengo lauak gustatzen zaizkit. Haien soinua paregabea da. Garai hartan kaleratu zuten Live at Last zuzeneko diskoa erosi nuen. Oso gustuko dut Tony abesti horiek jotzen hasi zeneko feedback soinu hori”.
Bere iritzia ezin argiago gera dadin, “Black Sabbath blues rockeko banda ilun eta indartsuenetako bat delako” maite duela dio, “eta ez heavy metal edo doom metalaren aitzindari izateagatik”. Hori bai, aukeratu beharko balu, Deep Purple eta Led Zeppelin lehenetsiko lituzke.
“Paranoid” zuzenean interpretatzeko ideia taldearen azken lana grabatzen hasi zirenean sortu zen. Kasualitatea izan zen neurri batean, eta baita grabazioak horretara eraman gintuela ere. “`Paranoid´-ekin inprobisatzen hasi ginen, baina ez genuen bertsio bat egin nahi. Jam bat egin genuen rockaren klasiko batekin, besterik gabe. Grabatu ondoren, `Paranoid´-en antz handia zuela ikusi genuenez, letra berridatzi eta `Space Paranoid´ izena jarri genion, gure banda bezalaxe!”
Japoniarrek kontzertuan izango duten jarrera zein izango den jakitea falta da orain. Oraindik entzun daiteke Davenporten ahotsa eta jarreraren oihartzuna, libra batzuen truke nostalgiko jartzen diren Bruce Foxton baxua eta Rick Buckler bateriaren From The Jam barregarri utzi zuena. Haiek ezagututa, ziurra da makurra eta erabat psikodelikoa izango dela, eta ez direla ikuskizuna eta inprobisazioa faltako: azkenekoz Madriletik igaro zirenean, sabaitik eskegita amaitu zuten.
“Gure lanaren parte da. Musikariak gara eta jendea entretenitu behar dugu gure musika eta ikuskizunarekin. Edozertarako gai gara!” dio Makotok garrasika. Badute beren Ozzy Osbourne ere, Tabata izeneko underground japoniarreko pertsonaia, baxua eta abeslaria. Taldearen lelo punk eta hedonista -“do whatever you want, don’t do whatever you don’t want”– muturreraino eramaten dute, eta beraz, Bukowskiko hitzorduak ez galtzeko modukoa dirudi. “Hori da gure slogana. Sistematik atera garen jendea gara, eta nahi duguna bakarrik egin beharko genuke. Hori da gure eskubide bakarra!”
Ez dago komentariorik