–Zoritxarrez, garai hori bizi izan nuen nik; nire bizitza laburbiltzen du. Ez zen Nerbioi ibaiaren eskuin eta ezker ertzeen arteko gatazka musikalik egon. Ez genuen ikuspuntu hori: Los Clavos taldeari buruz hitz egitean, hauek Bilbokoak zirela genion inolako komeriarik gabe. Nahiago dut xehetasunekin gelditu, musikarekin baino. Fanzinak, hito zehatzak … zeuden. Gwendoline diskotekarekin batera, nahiago ditut detaile horiek. Lehen ez zegoen ezer ere ez.
-Gwendoline leku handia zen. Hiru urteetan 280 kontzertu eskaini eta Teenage Funclub-ekin, 1.200 pertsona bertaratu ziren aretoa betez. Topalekua zen Grewndoline; musikaz hitz egiteko, diskoak trukatzeko, ondo pasatzeko … gerturatzen zen jendea bertara.
Elkarrizketa baino gehiago izan dira “160 metros, una historia del rock en Bizkaia” dokumentaleko lehen hiru kapituluetako aurkezpenak. Ruta 66 ko musika-kazetaria den Eduardo Ranedo eta Getxoko Gwendoline aretoko Fito Plazaz gain, Fermin Muguruza eta Gonzalo Ibañez musikariak, de Nuevo Catecismo Católico (antes La Perrera), eta dokumentaleko taldekide diren Joseba Gorordo zuzendari laguntzailea eta Diego Urruchi produktoreetako bat gerturatu dira Koldo Mitxelena liburutegiko ekitaldi aretora. “80 eta 90. hamarkadetan, Nerbioi ibaiaren inguruan rockak sorturiko transformazioak azaleratu nahi izan ditugu dokumental honetan”, dio Gorordok.
Bost kapituluko dokumentala da “160 metros: una historia del rock”. 80 eta 90. hamarkadetako ikuskizunak artxiboko material eta egun bizirik dirauten protagonisten aitorpenekin nahasten dituen bidaia musikal, sozial eta kulturala da. “22 pertsona elkarrizketatu ditugu nahiz eta badagoen dokumentalean atera nahi izan ez duenik ere” jarraitzen du Gorordok. Momentuz, eta Donostiako Dock of The Bay jaialdiaren faltan, bost kapituluetatik hiru soilik daude ikusgai: lehenak Nerbioi ibaiaren bi ertzetara gerturatzen gaitu. Bigarrena Karakter soziala zuen punkari eskainitako kapitulua da, eta bertan, Eskorbuto, Parabellum eta Zarama taldeak dira nagusi. 90. hamarkadako Getxo Soundek ere ematen du zeresana hirugarren kapituluan. Bertan sortu zen Los Clavos eta Inquilino Comunista taldeekin marea indie-a. Famatua da Pavement taldeko Stephen Malkmus, bere taldeko kamisetarekin NME aldizkariko portadan azaltzen den anekdota.
Rock Radical Vasco eta Eskorbutok izandako arrakastaren eraginez, dokumentalak Nerbioi ibaiko eskuin alderantz egiteko joera izan du. Joera hau azaltzeko zergatia aurretik argitaratu gabea zen materiala eta aprobetxatu beharreko irudiak eskuartean edukitzearekin justifikatu dute. Solasaldiak dirauen bitartean, eskuin aldeak duen pisua eta dokumentalak bi aldeetako cliché-ak bete dituen edo ez izan dira eztabaida gai nagusiak.”160 metro. Hain urrun eta hain hurbil. Indartsu eta ikusgarria den ideia hau garatu nahi izan dugu”, azaltzen du Gorordok.
Fermin berak ideologikoki zein estetikoki ezker aldeko taldeak nahiago izanik, musikaren ikuspuntu anitzaren alde egiten duen lantza apurtzen du: Getxon bizi den artista afrikar baten musika ekoiztu berri du. Bizkaia, ez da duela 20 edo 30 urte zen bera. Ezta Gipuzkoa edo Euskal Herria ere. Dokumentalak xede duen 80. hamarkadatik 90. era bizitako trantsizio musikala laburbiltzea lortu du, eta gogoratu beharrekoa da taldeetako asko ez zirela adin berekoak. Lehen hiru kapitulu hauek biltzen duten auzirik interesgarriena gertaera musikal eta soziopolitikoek edukitako garapen paraleloa da: krisi industriala, ibaiaren saneamendua, biolentzia, Guggenheim museoaren eraikuntza, metroa…
Imanol Gómezek dionez, 80 eta 90. hamarkadetako Buenavistako punk-rockari buruzko dokumental bat lantzen ari dira. Ferminek Irunetik Andoainera zihoazeneko garaiak gogoratzen ditu, gaztetxe urteak, rock oldarkorraren urteak, Anoetako Belodromoan nazioarteko taldeen kontzertuak eskaintzen ziren urteak… Noizko Gipuzkoan rockak izandako presentziari buruzko dokumentala? Nolakoa izan beharko luke? Ranedok argi dionez: “Ez nuke dokumental bakarra egingo. Estilo bakoitzeko dokumental bat egin beharko nuke; ezinezkoa da dokumental bakarrean estilo ezberdinak uztartzea.”
Ez dago komentariorik