43 urte ditu eta dagoeneko aitona da. Ez da Igor Jauregik (Errenteria, 1971) erdi ezkutuan jasotzen duen oparirik preziatuena. Gartxot gisa aurkezten den gizon zarpail honek -Arturo Campión idazleak famatua bilakatu zuen bertsolariaren ezizen berbera du- 15 urterekin alde egin zuen etxetik. Geroztik urte mordo igaro ditu nafarroan -“uste dut herri guztietan jo dudala”- eta Iruñean hain zuzen ere hasi zen kalean jotzen. “Hasieran eserita eta gero poliki-poliki altxatzen joan nintzen, nire lekua bilatzen”, dio. Gaur egun, Gartxot artista puska handia da. Gitarra hartu eta bihotzaren muturrera iristen den ahotsa zoragarri batekin euskal kantak jotzen ditu.
Sentimendu handiko bertsioak dira. Bertsio erraldoiak. Mikel Laboa, Xabier Lete, Antton Valverde eta euskal kulturaren abestiak alde zaharreko paretetan entzun daitezke berari esker. Jendea hunkituta txaloka hasten da eta txanponak botatzen dizkio. Normalean Narrika eta Enbeltran kalearen izkinan egoten da, Ponsol kapela-denda famatuaren sarreraren ondoan. Tarteka agertzen da, hotza edo beroa egiten duen axola gabe. Nire gustokoena Laboaren “Sorterriko koplak” da.
Gaur goizean elurra egin du Donostian. Elur tanta bustiak erortzen ari dira eguerdian. Bere trastoak lurrean utzi, begiak itxi -“irekitzen baditut jendearekin despistatu egiten naiz” -eta ume txiki bat esku artean izango balu bezala Xabier Leteren “Ondar Gorri” abestiarekin hasten da emanaldia. Gizon heldu bat hurbiltzen zaio. “Ez zaizu hotza izutzen?”. “Beti hasten naiz kanta berberarekin”, dio 40 minutu inguruko kontzertua amaitu ondoren. “Gero bata bestearekin doaz, Imanolen Mendian Gora Haritza , Lertxundiren Herri-Behera…”.
Mikel Laboaren doinu leun eta atseginarekin erlazionatu dezakegu baina euskal abeslari errepikaezinak baino ahotsa sakonagoa dauka. Eguraldi ona egiten duenean Portaletas tabernaren azpikaldean jartzen da. “Gehien disfrutatzen dudan lekua da, hoberena. Hala ere badaude gutxi batzuk hor nagoenean nire ahotsa desbalorizatzen dutenak: `Hain altu kantatzen du hor dagoelako´. Eta hori ez da egia”.
Gartxotek pare bat diska kaleratu ditu-“Zazpi haizetara” (2003) eta “Mahatsatik sagarrara” (2008)- eta euskal abeslari erraldoien arrastoa jarraitzen du. “Erreferente bat? Nik beti esaten dut hortik Imanol Urbieta dagoela, Ran Rober Ran kantarena”, dio. Noizean behin San Jeronimo kalean ikusiko duzu. Gartxoten eszenatokia Alde Zaharra da.
2 Komentarioak
Hi, I love the beautiful voice of of GARTXOT since we bought one cd years ago while travelling through the north of Spain. So can anybody help me to get one cd another (Mahatsatik … ). Thanks for your answer.
Ebi Schmidt Muenchen/Germany
Oh, it´s great you are interested in Gartxot being from Germany! The best way is to contact with a web called Basque Music Fans where they make a huge compilation of Basque music including this rarely unkonwn gems