Musika Hamabostaldia berehala iritisiko da. 70 urte baino gehiago dituen jaialdi honek donostiako kultur agendan saihestu ezin den plan borobila bilakatu da. Jendearen babesari esker -ekaina bukaeran dagoeneko 15.000 sarrera saldu ziren- sasoi onean aurkitzen da eta egonkortasun maila handia lortu du.
76. edizioa datorren abuztuak 1 eta 30 artean ospatuko da eta bi erronka nagusi ditu aurrez-aurre: publiko berriak bilatzeari ekin -gazteak, batipat- eta, batez ere, musika klasikoa askotan definitzen duten adjetiboak -elitista, aspergarria- bertan behera utzi. Horretarako aniztasunaren espirituari eutsi eta mundu (zein poltsiko) guztiarentzat aproposa den egitarau erakargarria landu dute.
Menua itzela da: 30 egunetan zehar 70 proposamen eskaintzen dira, 9 zikloetan banatuta, bai Donostian eta baita Gipuzkoa nahiz Euskal Herriko hainbat herrietan ere. Beraz, orkestra, opera eta hitzordu sinfoniko mordo honetan inor gal ez dadin (ia) doako hamaika kontzertu bildu ditut.
Guztiz doan: inaugurazio eguna
Hamabostaldiaren asmoa zein den argi eta garbi ikus daiteke lehen egun honetan: jailaldia hiriko auzo gehienetara zabaltzen da eta mota guztietako 14 kontzertu ezberdin ikusi ahal izango ditugu. Benetan hasiera potentea da. Esate baterako, Lasala dantza garaikidearen konpainiak eskaintzen duen ikuskizunak oso itxura ona du (19:00etan, udaletxeko terrazan): Hooked eta Lauesku piezetan koreografiaren munduari ukitu berritzaile bat ematen diote. Alde fisiko nahiz emotiboak lantzen dituzte. Benetan merezi du.
Bestetik C4artet saxofoi laukoteak bi aldiz joko du inaugurazio egunean (12etan Loiolako Latsari plazan eta 17:30etan Intxaurrondoko Sagastieder plazan) eta beste behin ere bezperan, uztailak 31, Keler garagardoaren egoitzan. 20:30etan Musikeler izeneko topagunea ospatuko da eta bertan musika ezezik garagardoa ere doan izango da. Beti izaten da iradokitzailea Aquariumeko auditoriumera sartu eta arrainen artean musikaz gozatzeko. Oraingoan Isasi laukoteak Aragüés, Isasi eta Smetana-ren obrak interpretatuko dituzte.
Guztiz doan: organo zikloa
Tonu irmoegia duten kontzertuak dira hauek? Baliteke, baina, tira, Arcade Fire eta Nick Cave bezalako jende fidagarria elizaren giroaz gozatu badu edonork goza dezake. Pare bat proposamen izotzaldia urtu dadin: José María Usandizagaren omenaldia Heinrich Walther-en eskutik (abuztuak 1, 20etan – San Vicente eliza) eta Landarbaso abesbatza eta Gerardo Rifón organojolearen arteko kolaborazioa abuztuak 6 arratsaldeko 8etan Deban. Hilaren lehenengo astean ospatzen da soilik zikloa.
Ordu Gaztea: sarrerak 3 eurotan gazteentzat eta langabezian daudenentzat
Adi egon 30 urte baino gutxiago duten gazteek: Musika Hamabostaldiko kontzerturik onenak 3 euroren truke ikusteko aukera izango duzu. Horretarako Kursaal edo Victoria Eugeniako leihatilatatik pasa kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago. Langabezian daudenak aukera hau erabili dezakete.
Egia da egitaraua oso mamitsua dela baina hiru ikuskizun aukeratuko ditugu: erreferentziazko opera bat (Pucciniren “Tosca“, abuztuak 13 eta 15), Sara Barasen flamenko funtzio itzela (abuztuak 21) eta guztien artean modernoenak diren Stradivarias II eta haien rock, soul eta musika klasikoaren arteko nahasketa dibertigarria (abuztuak 24). Azken show honen sarrera arruntak ere prezio baxuak dituzte, 6 eta 15 euro artean.
10 euro baino gutxiago: proiekzioak, gazteak… eta ibilaldiak
Eskaintza oso zabala da 10 euro baino gutxiago balio duten kontzertuak ikusteko. 2 euroren truke Musika Hamabostaldiak ohikoak diren proiekzio musikalak egingo ditu Trueba zinemetan uztailak 30 eta abuztuak 3, 4, 10 eta 11ean. Bertan Mozart, Brahms edo Pucciniren lanak entzuteko aukera egongo da.
Interprete gazteen zikloa abuztuak 17 eta 21 artean ospatzen da eta, besteak beste, Gorka Catediano perkusionista trebearen saio polita ikusi dezakegu datorren abuztuak 19 Miramar jauregian. 4 euro.
Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzeko aukera ematen digu Musika Aitzaki zikloak. Irabazlea suertatuko den apustua da hurrengo hau: datorren abuztuak 28an Getariako San Salvador elizan Euskadiko Orkestra Sinfonikoa bertan egongo da. Sarreraren gonbidapenak Hamabostaldiaren bulegoan lor daitezke. Azkenik, jakin ezazu abuztuak 3 eta 7 artean ospatzen den Aintzinako Musika Ziklora bazoaz, sarreraren 7 euroak Gipuzkoako Esclerósis Lateral Amiotrófica erakundera joango direla. Aitzaki ederra musika klasikoaz gozatzeko.
Ez dago komentariorik