Azkenaldian, geroz eta kontzertu gehiago izaten dira egun berberean. Dena den, benetan mingarria da bihar, azaroaren 5a, gauekoa: John Berkhout eta Napoka Iria Errenteriako Niessen aretoan arituko badira ere, The New Mendicants (Joe Pernice + Norman Blake) eta Nikki Hill-en kontzertuak 10 kilometro-ko inguruak banatuko ditu. Indie munduan maila handia erakutsi duten bi tipo, soulwoman gazte eta kementsu baten aurka. Bihotzean josita geratzen diren pop kantak versus betiko rhythm and blues-a. Estribillo ilezkorrak alde batetik, alai dantzatzeko abestiak bestetik. Zaila da bien artean aukera egokia zein den jakitea. Ondorioz, sustatzaileei Kutxako Andia aretotik (20etan) Andoaingo Bastero Kulturgunera (22:30etan) autobus zuzenak jar ditzaten eskatuko diegu hurrengorako.
Bi talde hauei buruzko informazio gehiago izan nahi baduzu ondorengo testua irakur dezakezu. Zure esku dudak areagotzen diren ala ez…
The New Mendicants
Tipo handi hauen biografia musikalak erakustearekin nahikoa izango litzateke edonor konbentzitzeko. Joe Pernice-en kasua agian ez da hain ezaguna eta jarraian emango ditugu oinarrizko daturen bat edo beste. Askok Pernice Brothers taldearekin ezagutu genuen, arrakasta gehien izan duen proiektuarekin, alegia. Indie rock estiloa lantzen dute batik bat, country kutsua eta fijazio poperoa baldin badute ere. Aurretik Scud Mountain Boys-en izan zen eta beranduago bakardadean nahiz Big Tobacco-rekin ere ikusi izan dugu. Hori bai, kasu guzti hauetan sentsibilitate nabarmena erakutsi du eta ia beti gai izan da hiru minutuko kanta eder eta itsaskorrak jorratzeko. Zientzian aditua, liburuak plazaratu ditu eta zirkuitu independientean oso pertsona errespetatua da Pernice, erraz saltzen ez den horietakoa. “The World Won´t End” da, seguruenik, haren lanik borobilena, karrera oso bat justifikatzen duen pop-rock bilduma aparta.
Bestalde, Eskozian jaio zen Norman Blake Bmx Bandits-en egon zen hasiera batean eta gero The Teenage Fanclub taldearen ahotsa eta liderra izan da gaur egun arte. Pop musika alternatiboaren munduan mitoa dugu. 90. hamarkadan bizi izan zituen bere urterik hoberenak The Teenage Fanclub-ek “Grand Prix” eta “Songs From Northern Britain” album liluragarriak kaleratu zituenean. Garai hartan 60. hamarkadako Byrds talde kaliforniarraren testiguaren eramaileak izan genituen: kaliforniarrak baino 30 urte beranduago abesti distiratsuak eskaintzeko gai izan ziren. Albiste ona da denbora aurrera joan arren Blakek ez duela insipirazio arrastorik galdu: “Shadows”-ek (2010), Glasgowko taldearen azken lanak, 90. urte haien dizdira berreskuratu du. Entzun ezazue “Baby Lee” single-a, burutik alde egiten ez duen melodia magikoa du.
Pernice eta Blake Toronton bizi dira eta “Australia 2013” EP-a The New Mendicants gisa ateratzen duten lehenengo erreferentzia da. Egia esan, haien zaleak espero zutena egin dute. Ez dago sorpresarik. Dena bare-bare doa, mantso, power pop tankera hartzen duen “This Time” lehen kanta izan ezik. Gainontzeko bost abestiak The Teenage Fanclub eta Pernice Brothers-en arteko erdiko puntu akustiko batean dabiltza. Bi ahotsez baliatzen dira une askotan (sentimendu handiko “High On The Skyline” balada, esate baterako, Morrissey-ren kutsua duena) eta “I Don´t Wan´t Control Of You” talde eskoziarraren abestia bertsionatzen dute. Andia aretoko emanaldian izango dira kanta hauek guztiak eta baita euren taldeen arrakastak. Azkenik, kontzerturako prest izango dituzte bertsio bitxi batzuk: Zombies, The Go-Betweens, INXS…
Nikki Hill
Nikki Hill-ek Little Richard rock and roll izarrari hamaika gauza zor dizkio. Fijatu zaitezte behean agertzen den “Here´s Nikki Hill“-ren diskoaren azalean eta, jarraian, konpara ezazue 1957. urtean kaleratu zen “Here´s Little Richard”-rekin. Antzekoak dira bai estetikan, bai tituluan eta baita erabiltzen duten funtsezko ezaugarrian: rhythm and blues basatia. Little Richard oraindik gure artean dabil -50. hamarkadako musikarien artean ale gutxi batzuk geratzen dira bizirik- eta haren eragina nabaria da talde askorengan. Nikki Hill-en kasuan, ordea, ez gaude soilik revival huts baten aurrean. Haruntzago doa. Hill-ek txikitatik bereganatu ditu Ipar-Amerikako musikaren sustraiak (gospel koru batean egon zen), Lady bikote transatlantikoarekin gertatzen den modura. Lehenengo EP-a, “Nikki Hill”, 2012. urtean kaleratu zen eta South Carolina-n jaiotako neska haren ezizenak segituan atera ziren: “Hegoaldeko su-pilota “, “soul-aren sentsazio berria”…
Nikki Hill-en estreinako diskoan betiko soul eta rock and roll-a ageri dira eta baita Jamaikar doinua duten kanta pare bat: “Gotta Find My Babie” eta reggae estiloan garatutako Texas Tornados-en “Who Where You Thinking Of”. Baditu “Here´s Nikki Hill”-ek une lasaiagoak (“Don´t Cry Anymore” balada, adibidez) eta pasio osoz abesten diren estribillo itzelak, “Right On The Brink“-en kasu. Dena dela, musika beltzean ohikoa den bezala, seguru asko eszenatoki baten gainean puntu pila irabazten dituela. Nikki Hill eta bere hiru adiskideak (Matt Hill gitarjolea, Ed Strohsahl baxua eta Joe Meyer bateria) rock talde boteretsua osatzen dute, zuzenerako beti prest dagoen laukotea. Basteron dantza mordoa egingo dugu.
Ez dago komentariorik