Duela hiru urte El País egunkariaren El Concertino blogaren lehenengo sarreran operaren erronkak krisi garaian zeintzuk diren aztertu zituzten zenbait pertsonek, horien artean madrileko Teatro Realeko zuzendari artistikoak, Gerard Mortier-ek. Besteak beste, bi ziren aipatzen zituen faktore nagusiak: publikoaren kuriosidade ezaren aurka borroka egin eta zahartzen ari den ikuslegoaren errelebua bilatu. Ikusi daitekeen bezala publikoa zen haien preokupazio nagusia eta, hiru urte ondoren, programatzaileak elitismoa atzean utzi nahi dute eta publiko berriaren bila jarraitzen dute. Ez da txantxetako gauza. Zeintzuk dira proposatzen diren errezetak? Prezioak jaitsi? Gaiak zabaldu?
“Formula egokiena jendeak opera ezagutzea da eta horrela beraien kabuz ikusiko dute ez dagoela mugatuta zenbait pertsonentzako edo dirua dutenentzako solik; guztiontzako irekia dago”, adierazten du Ainhoa Garmendia sopranoak, Opus Lírica konpainia donostiarraren zuzendaria. Haien debuta 2014ko apirilean Kursaalen izan zen Donizetti-ren “El Elixir de amor” opera komikoarekin. “Operak eta operak daude”, aitortzen du Ainhoak. “Batzuek aproposak dira operara inoiz joan ez direnentzat edo esperientzia gutxi dutenentzat; baina, normalean, opera adin guztientzako publikoarentzat dago zuzendua”.
Donizetti-ren obra hura ez zen nolanahiko estreinua izan: Opus Líricaren lehen pausoa izan zen Donostian opera denboraldi egonkor bat ezartzeko ideiarekin. Urtero hiruzpalau funtzio antolatzeko plana dute. Eta hortxe dabiltzate, lanean jo ta ke. “Momentu honetan premiazkoa dena da laguntza ekonomikoren bat lortzea edo gero eta bazkide gehiago lortu norberak ahal duen aportazio ekonomikoa egiten”. Pasa den otsailean Rossini-ren “El Barbero de Sevilla” aurkeztu zuten Victoria Eugenian. “Ez gaude antzoki zehatz batera lotuta eta operaren ezaugarriaren arabera Kursaalera edo Victoria Eugeniara joango gara”, dio Ainhoak. Kritikek azpimarratu zutenez emanaldi arrakastatsua izan zen.
Hirugarren round-a datorren maiatzaren 15 eta 17-an izango da Kursaalen eta Verdiren “Rigoletto” obra ezaguna izango da protagonista. Helburua opera mundura gero eta jende gehiago erakartzea da, gehienbat gazteak, eta 25 urte baino gutxiago dutenentzat sarrerak 18 euro balio dute. Gainontzeko jendearentzat badaude 35 euroko sarrerak ere. Dena dela, nola lortu daiteke rock musikan edo antzerki tradizionalean interesa duen norbaitek operara joateko interesa azaltzea? “Rigoletto, adibidez, izugarrizko opera da. Pelikula bat ikusiko bazenu bezala da, istoriak tentsio asko dauka eta musika zirraragarria da. Maisulan baten aurrean gaude”.
Gainera, “Rigoletto”-rena Opus Líricak lehen aldiz ekoiztuko duen opera da. Dekoratuak ez dira alokatzen, egin ohi den bezala, propioak dira. Aktoreen zerrenda gaztea da. Asko dute jokoan. Donostiak behingoz opera maite duen konfirmazioa izan daiteke.
Ez dago komentariorik