Ez dago inolako dudarik: The Fleshtones taldea jatorri arrotza duten baina zahartzarora duintasunez iristen diren rock androll taldeen multzoan koka genezake. Hirurogei urte betetzear badago ere, festen errege den eta publikoa twist dantzatzen jarri zuen Peter Zarembari ez zaio ile bakarra ere erori, eta garrantzitsuagoa dena, bere musika taldearen lemak –“munduko talderik dibertigarriena gara”- bere horretan dirau. Are gehiago, zera esan zigun tonu ironikoz: “Lehen baina dibertigarriagoak gara orain! Eszenatokietan gustura sentitzen hasiak gara”.
New Yorken sortu zuten The Fleshtones taldea 1976. urtearen inguruan; hau da, Ramones, Television eta Blondies bezalako taldeen belaunaldikoa dira. Harremana izan zuten talde hauekin, baita CBGB eta Max Kansa’s City-n sortutako beste hainbat talde punk-ekin ere. Onartu beharra dago; ez zuten arrakastarik izan eta euren lehen lanaren “Roman Gods” (1982) argitalpena ere berandu iritsi zen. Hala ere, aipatutako belaunaldi legendario hartatik, The Fleshtones taldea da musika egitea eta diskoak editatzeari utzi ez dion bakarra. Haien garaje revivalista, pop-a, frat rock-a, soul-a, punk-a eta edozein musika estilo bizi-bizi aritu dira 40 urtez. Moda eta etapa konkretuen gainetik igaro dira The Fleshtones taldeko kideak. Beharbada, horregatik ez dute arrakasta eskura izan: katerik gabe egin dute hegan kateatutako munduan.
“American Beat” abestiarekin arrakastara iristeko bidea ireki zitzaien, izan ere, abesti hau “Despedida de Soltero”(1984) Tom Hanks aktorea nagusi zen filmean azaldu zen. Baina espejismo hutsa izan zen, urte gutxiz izan ziren ezagunak. Urte asko dira The Fleshtones taldea ez dela soilik musikaz bizi. Askok “Pardon us for living but the graveyard is full” dokumentalean ikusi genituen, non karreteratako moteletan lo egiten duten gizon heldu batzuek euren pena ekonomikoak kontatzen dituzte kameren aurrean. Baina, nola liteke rock and roll talde handi batek bere abestiei esker bizirauterik ez izatea? Gainera, talde hau ez da edozein; talde honek The Cynics, The Chesterfield Kings eta The Fuzztones-ekin batera ipar-ameriketako garaje musika berpiztu zuen.
“Ni ere harrituta nago”, aitortu digu Zarembak. “Rock and Rolla egiten jarraitzeko egin behar izan ditudan lan guztien zerrenda egin eta bi orrialde bete ditut osorik. Gainera, oraindik ere etortzen zaizkit burura zerrendan apuntatu ez ditudan hainbat lan… Hala ere, partzialki egindako lanak dira. Baina egia da, Fleshones-ekin ez dugu ia dirurik lortzen. Taldea pasio bat da, bokazio bat, munduko lanik onena”. Faktore askok azaldu dezakete anomalia hau. Hasieran esan dugun moduan, libreki aritu zen talde hau, ezin da talde honen estiloa etiketatu; erosezina da, negoziaezina. Arty-egia rock and roll taldea izateko; bestalde, rockero eta nostalgikoegia da indie publikoarentzat.
Hala ere, desastre hutsa izan dira negozioetarako. Ez zuten haien burua saltzen jakin. Inoiz ez dute show business delakoaren logika ulertu. Eta hala, diskografia ugaritik pasa izan beharrak, ez die euren burua finkatzen lagundu. 80 eta 90. hamarkadetako haien disko asko deskatalogatuta daude. Dena dela, zortea izan eta 2003tik gaur arte Yep Rock-en bitartez publikatu dituzte haien disko guztiak, baita haien LP berria “Wheel of talent” ere. Azken hau aurkeztuko dute ostiral honetan, hilak 31, Larratxoko kultur etxean ospatzen den Open Rock Gaua ekimenaren hirugarren edizioan. Bertan izango dira ere The Lookers ziburuko garaje-punk taldea; Steak eta haren 90. hamarkadako stoner-a; eta Octopussys bilbotarrak.
“Ados nago zurekin: Yep Rock-ekin ateratako diskoen artean onena ‘Take a Good Look’ da; rock indartsuko albuma, benetan ona. Baina baliteke ‘Wheel of talent’ hobea izatea. Sorpresa gehiago ditu. Denborak esango du bietako zein den hobea!”. Berrikuntzen artean “Available” abestia dago, eta bertan azaldu dituzte lehenengoz hari hotsak. Beste berrikuntza bat “Veo la luz” izeneko gaztelerazko abestia da, eta diskoan bertan BuddyHolly-ren espiritua ere antzeman daiteke (“Tear for tear”)… Baina funtsean rock erritmo geldiezinak eta itsaskorrak diren estribilloek ( “It is as it was”, “Roofarama”) jartzen dute dantzan publikoa. Iraganera egindako jestua ere azaltzen dute “Remember The Ramones” abestiarekin. Benetan gogoratzen zarete Ramones-etaz?
“Inoiz ez gara haietaz ahaztuko! Inspirazio iturri handia izan ziren guretzat. Ia galdua genuen rock and roll talde bat entzun edo berriz ere ikusteko esperantza. Orduan, CBGBra joan, bozgorailuetan belarria jarri eta… bat, bi, hiru, lau! Gau ahaztezinak izan ziren, eta hortaz doa abestia. Ahaztu itzazue Sex Pistols eta The Clash taldeak. Ez lirateke Ramones gabe existituko.”
Ez dago komentariorik