The See See taldeak Twitter bidez esan zuenez, Mercury Prize saria irabazten bazuten, Madrilgo publikoak haien kontzertuaz gozatzeko aukera izango zuen urriaren 30eko gauean. Txantxa zen, noski. Pop psikodelikoko talde ingelesa ez zegoen James Blaken arrakasta berretsi zuen saria jaso zezaketenen zerrendan; ez zuten bertara aurkezteko aukerarik ere, haien bi albumak 2012 (“Fountayne Mountain”) eta 2010ekoak (“Late Morning Light”) baitira.
Duela hilabete batzuk “Featherman” singlea argitaratu zuten, Espainiar Estatutik bira egiteko aitzakia eman diena. Gipuzkoan sei hilabetean bigarrenez ikusteko aukera izan genuen, Andoaingo Rock Jaialdian kontzertu arrakastatsua eskaini baitzuten, eta bagenuen leku itxi batean zer moduz moldatuko ziren ikusteko gogoa.
Zentzu horretan, Intxaurrondoko Kultur Etxea -akustika onekoa eta neurrikoa- bilgune ezin hobea zen haien indarra neurtu ahal izateko. 150 lagunen parean, estudioan erabiltzen dituzten arma berak indartu zituzten (70. Hamarkadako britainiar tradizioa, mendebaldeko kostaldeko folk-rocka, Stone Roses-en eragina eta nolabaiteko Britpop kutsua) kontzertu sendo bezain sinesgarria osatuz. Lehenengo begiratuan Londreseko euriak bustitako The Byrds batzuk diruditen arren, zer ikusi handiagoa dute Ingalaterrarekin, Kaliforniarekin baino.
Horrez gain, haien abesti berrietan (“Featherman” bera edo Oasisen erara hasten den “Let Me Be The One (For You To Love)” Vox teklatuak protagonismo handiagoa du, eta hori izan zen Andoaineko emanaldiarekin alderatuta, gehien nabaritu zen xehetasunetako bat. The See See-ren indargunea lehengo bera da oraindik: psikodelia limurtzailearen, garapen instrumental iradokitzaileen eta erraz gogoratzeko moduko abesti multzo baten arteko oreka. Gainera, Intxaurrondon zentzuz antolatu zituzten: “Gold Honey” eta “Mary Soul” amaieran jo zituzten, “Automobil”-en mod kutsuaren eta bisen artean; “Keep Your Head”-ek aldiz, kontzertu erdian giroa berotzeko balio izan zuen.
Richard Olson abeslariak bere ahots gaitasuna hobetzen duten koristen laguntza ere badu. Dena ongi atera zen. Zaila da kontzertuari akatsen bat aurkitzea. Egoitza Londresen izanagatik, jatorri anitzeko –Ingalaterra, Suedia, Amerikako Estatu Batuak eta Zelanda Berria- taldeak ez du goia jo oraindik, eta mod zerua izan behar luke jomuga.
Ez dago komentariorik