1-. “Idle no more” – KIN KHAN & THE SHRINES
Erabaki ona izan da Merge Records-en babesa bilatzea, gaur gaurkoz zigilu indartsuenetakoa baita. “Whats?!” argitaratu zutenetik sei urte igaro diren honetan, eta 2008ko bildumaren ostean, aurreikustekoa zen soul psikodelikoko talde zoroak ibilbidea birplanteatuko zuela. Bada, itxaronaldi luzeak merezi izan du: haien lan berria aurrekoak bezain zirraragarria da… edo are zirragarriagoa. Leial eutsi diote hirurogeigarren hamarkadako garage indartsuari, “Better Luck Next Time” eta “Born To Die” buru dituen lehen aldean batik bat. Azeleragailua askatzen dutenean erritmoak behera egiten du, ez ordea inspirazioak. ‘Falsetean’ abestutako “Darkness” soul balada hunkigarria da, eta gauza bera esan daiteke “Pray for Lil” abestiari buruz. Diskoaren atzeko azalean diotenez, bizi dugun munduaren egoeraren berri ematen dute abestiok; badira heldutasun artistikoan dagoen talde baten sendotasunaren erakusgarri ere. 9
2-. “Across Six Leap Years” – TINDERSTICKS
Hogei urte dira Stuart Staples buru duen taldeak lehenengo diskoa, “Tindersticks 1” argitaratu zuela, eta ospakizun gisa, haien errepertorio zabaleko zenbait abesti berriro grabatzea erabaki dute. Oso hautaketa pertsonala egin dute -lehengo LP bikainaren arrastorik ez! “Curtains” diskoko bakar bat ere ez!- baina hamar abestion berrirakurketak entzulea erabat asebeteko du. “Simple Pleasure” (1999) diskoan bildutako “If You´re Looking For a Way Out” eta “Know That Loving” abestiak gailentzen dira, gitarrei egindako moldaketa harrigarriei eta koro berriei esker. Bere garaian gutxietsitako diskoa Nottinghameko taldeari joko gehien ematen dion lanetariko bat izango da azkenean. Ez dira falta klasiko handiak -“A Night In” hilezkorra eta “She´s Gone” misteriotsua- eta asmatu dute diskoari itxiera haien azken uztako “What Are You Fighting For”-en pianoaren erritmo samurrarekin ematen, “Hungry Saw” (2008) diskoan kokatzen jakin ez zuten sehaska-kanta kutsuko abestiarekin, hain zuzen. 8
3-. “Blunderstone Rookery” – STEPHEN KELLOG
Ohiko bandaren, Sixers-en, laguntzarik gabe, zerua ukitu du Stephen Kellogek. Ryan Adamsen estilo jatorraz eta pop, folk eta rock and roll klasiko doinuak maisuki nahastuz, konpositore eta kontalari paregabea dela erakutsi du. Musikagintzan (ia) ezinezkoa dena erdietsi du gainera: komertziala izatea bikaintasunari uko egin gabe. Errazkeria kutsua darion “Lost and Found” abestiaz landa, entzun beharrekoa da bakarlari gisa osatu duen albuma. Stones-etatik hurbil (“The Brain Is A Beautiful Thing”), estribillo gogoraerrazak (“Forgive You, Forgive Me”), une berezi bezain ederrak (“Ingrid´s Song”, “Men & Women”) eta gainezka egiten duen zintzotasuna biltzen ditu lanak. “Estatu Batuetan sinesten dut, nire zergak ordaintzen ditut eta ez naiz kexatzen”, aitortzen du Kellogek. Bi harribitxi ere oparitu dizkigu: ”I Don´t Want To Die On The Road”, bidaiatzen hildako musikariei eskainitako omenaldia, eta Vampire Weekend-en “Walcott” abestiaren antza duen “Thanksgiving”-eko 10 minutuko increscendo antologikoa. Izugarria. 9
4-. “El Extraño Viaje” – LOS CORONAS
“Adiós Sancho” izeneko azken LP-arekin, Malasañako taldeak berrikuntzak dakartza beste behin, inmobilismorako joera duen genero bat landu arren. Haien rock instrumentalaren doinu bazterreko eta lehorrei ukitu flamenkoa eman diete, blaxpotation-era ere tarteka hurbilduz. Espainian surfaren aitzindari den taldeak ikuspegi ezin zabalagoa du. Bertsioz osatutako disko honetan, maisuki eraman dituzte haien esparrura sei abestiak, indar berria eman eta are bikainago bihurtuz. Primerakoak dira sei bertsioak: “Corazón Contento” (Marisol), “Paint It Black” (The Rolling Stones), “Big Swell” (The Atlantics) eta “Knights of Telstar” (Muse eta The Tornados) maila gorenean jotzeko modukoak dira, apartak. Bestalde, Jairo Zavalak abestutako “En El Lago”-k (Triana) eta Eilen Jewell-ek interpretatutako “Vete Ya”-k (Cecilia txiletarrarena) anitza bezain txalogarria den kontrapuntu bokala markatzen dute. 9
5-. “Firework Shoes” – FLIPRON
Flipron-eko kideei haien musika izen txarreko taberna-zulo merkeei erreferentzia egiten dien “Barrel house Britpop” gisa definitzea gustatzen zaie. Laugarren disko honetan, Jesse Budd-en ahotsak kutsu britainiarreko abestiak jaurtitzen ditu, English pub bateko mozkorraldi batetik ateratakoak diruditenak. Horrek ez luke taldea bazterrean uzteko arrazoia izan behar, baina hamar urteko ibilbidearen ondoren, oraindik ezezaguna da. Misterio hutsa. Tradizio musikal ingeles onenetik edaten dute, (The Kinks, Madness, Ian Dury) eta hype-tik harago doan mundu batean txalotzeko moduak liratekeen abesti sorta ere badute (“Big Fat Blackberries”, “Until It Gets Light”, “The Big Red Butto”). Baina ez zaie dena ongi ateratzen. Bigarren zati aspergarriagoan behera egiten dute, “The Comet Returns” abestiko Neville Staple The Specials taldeko abeslariaren primerako agerraldiaren ondoren. 7
6-. “Esnatu Dira” – LOU TOPET
Zarauzko laukotea denboraldiko errebelazioetako bat izan da Euskal Herrian. Harritu eta asmatu egiten dute Ipar Amerikako indie folka gogorarazten duten doinuak euskaraz kantatzen. Lehenengo EP-aren abestietan nabari da Damien Jurado eta Wilcoren jarraitzaile sutsuok nortasun handiko talde heldua osatzen dutela jada. Lou Topet ukitua: gauzak arretaz eta gustu onez egitea, goxotasuna beste guztiaren gainetik. Sei abestiok, “Flow” instrumentalak barne, entzulea harrapatu eta hunkitzeko gaitasuna dute, giro epel eta kadentzia samurrarekin. Kontuan hartzekoak dira Jon Benito poetarekin batera idatzitako letrak ere, lirikotasunetik (“Jakin Nahi Nuke”, “Esan Ez Etortzeko”) iraultzaraino (“Irauli II”) doazenak. Lou Topet-ek badaki gogor agertzen hala behar duenean. 8
Ez dago komentariorik