Badira urte batzuk Musikaren Egunak udarari hasiera ematen dion egunarekin kointziditzen duela. Kaleko musikarien festa izaten hasi zena, gure artista gogokoenak kalean doan ikusteko aukera bilakatu da. Eszenatokiak hiriko puntu ezberdinetan jarri ziren, eta musika izan da egun hauetan kaleetan jabe. Publiko guztientzat egindako ekimen bikaina da, eta gure hirian, Loiola kalea dugu ekimenaren erdigune, FNAC-en parean.
Izan gaitezen zintzoak I
Larunbateko edizioa arrakasta itzela izan zen publikoari dagokionez, behintzat. Belako talde bizkaitar gaztea aritu zen bertan, besteak beste. 20 urteren inguruan dabiltzan neska mutil hauek esperientzia ugari dute euren adinerako: trebetasunez aritzen dira instrumentu ezberdinekin (Josuk gitarra, baxua, teklatua eta ahotsa erabili zituen) eta mila eta bat kontzertuetan aritutako beteranoek bezain ondo manejatzen dituzte tenpoak (“Sea of Confusion” abestiko amaierako triadak zur eta lur utzi zuen publikoa). Haien EP berriko, “Bele beltzak baino ez”, giro elektronikoak aire berria eman eta hasieratik haiena egin duten post-punk doinuen paleta zabaldu egin dute. Hala beraz, Belako Joy Division eta konpainiaren influentzia jaso duen taldea baino gehiago da.
Gainera, gustua da kontzertuan zehar zeinen ondo pasatzen duten ikustea (brometan ere aritzen dira: Josuk Cris busti zuen ur botila batez). Gazte energia azaltzen duten, bibrazio onak. Fred Perry-ren poloak eta egurrezko raketen garaira atzera egin genuela zirudien arrats hartan, gazte bizkaitar hauek izan ziren, ezbairik gabe, jaun eta jabe. 17:30ak pasatxo, Wilhem and The Dancing Animals talde iruindarra tenislari vintagez jantzita azaldu zen eta haien doinu indie, alai eta saltariarekin jai giro aparta sortu zuten. Beharbada, hain soinu altuak ez zuen haien alde jokatu – detalle ona litzateke lehen ilaratakoei tapoiak eman izan baliete- , baina gai izan ziren publikoa haien alde jartzeko pop optimismoarekin tematuta dauden hippiek egindakoak diruditen kantuekin.
Grises zestoarrak ere –flekillo modernoekin- Origami Records-en parte dira. Azken urteotan MondoSonoro bezalako aldizkari espezializatuen babesa jaso dute, eta haien pop independenteak Dorian edo gitarra aldetik Twoo Door Cinema Club gogorarazten du. Espainiar indie-pop zaleak konkistatzeko dohainak ditu taldeak. Azter dezagun “Animal” izen bereko diskoaren aurrerapen single-a: batek ez daki originalaren fotokopia hutsa izateagatik den, edo errua garrasi oihu horiek duten, baina zaila da bandaren inguruan sortu den fenomenoa ulertzea.
Izan gaitezen zintzoak II
Egia da Iker Lauroba eta Makala jazz funk band-ek beste liga batean jokatzen dutela, baina egia da ere haien kontzertuak eguerdirako programatuak izanik, arratsaldeko taldeek baino protagonismo gutxiago izan zutela. Musika adierazpen modu zoragarria da, eta mila eta bat generorekin konta dezake. Hauek gainera, kontrajarriak izan daitezke eta pena da pop-ak besteek baino garrantzia handiagoa izatea.
Non daude soul, rock and roll, punk, hardcore, garaje… eta beste hainbat musika estiloak? Zergatik ez dugu MUSIKAren eguna estilo ezberdineko proposamenez hornitzen? Zergatik ez dugu, adibidez, Primavera Sound-a kopiatzen? Bertan, naturaltasun osoz solapatzen dira genero ezberdinak, eta inor ez da harritzen Kokoschca taldearen aurretik Caetano Veloso aritzen bada. Aurreiritziak, beharbada? Arriskatzeko beldurra? Ez da interesgarria? Nagitasuna? Ezjakintasuna? Indie-ak molatzen duelako eta gainerakoek ez?
Musika Egun zoriontsuak.
Ez dago komentariorik