Ez dira ohikoak izaten horrelako emanaldi elektronikoak Koldo Mitxelenaren areto nagusian. Iparraldea Bertan 2015 zikloaren kontzerturik “modernoena” izan zen atzokoa. Dena dela, egia esan behar baldin bada, Zeze.Miege bikoteak proposatzen duen bidai musikala ez da solik elektronikaren munduan geratzen; world music zesto zabalaren bidai-poltsa hartu eta geldialdi ezberdinak egiten dituzte gustokoak dituzten bazterretan: Afrika, India, Estatu Batuak, Galizia… Txoko hauetako tradizio musikalak bereganatu eta ordenagailu baten laguntzaz house, elektro eta bestelako doinu elektronikoekin nahasten dituzte. “Battle musikal” bat proposatzen dutela aitortzen du Miarritzeko bikoteak eta ez zaie arrazoirik falta: hauena iragana eta etorkizunaren arteko bataila galanta da.
Batek baino gehiago pentsa dezake, beraz, Zeze.Miege-ren musika nahaste-borraste hutsa dela. Ezta gutxiagorik ere. Naturaltasun osoz nahasten dira mi mundu antagoniko horiek eta emaitza hasiera batean uste baino dotoreagoa da. Eta arazo teknikoak agertzen badira tortilari buelta emango diote: teknikariak instrumentu ezberdinen doinuak zuzentzen zituzten bitartean, mandolina hartu eta unplugged moduko bat eskani zuten txunda-txundaren oihartzuna berriz ere berreskuratu arte.
Kontu tekniko horiek buruhausteak baino ez zizkion eman Xavier Miege-ri. Dena dela, iparraldeko instrumentista trebeak profesional aparta izateaz gain, heziera oneko tipoa dela frogatu zuen eta ez zuen irribarrea galdu. Bikotearen pisu astuna berak darama: txistua, mandolina, gaita, ukelelea eta beste hainbat hari-instrumentu menperatzen ditu. Ahotsa polita ere badu. Hervé Pedeflous, aldiz, bibolina, xilofono eta ordenagailuarekin ibili zen batipat.
“Orduan?”, errepikatzen zuen behin eta berriro Miarritzeko musikariak. Galdera teknikariei zuzentzen zion, noski. Bost axola. Jendea gustora zebilen eta Koldo Mitxelenaren aretoan giro liluragarria izan genuen. Leku ezberdinetara mugitu ginen (Sarako harpeak, Indiako paisaiak, Cabuernica…) gure eserlekuetatik mugitu gabe.
Ez dago komentariorik