Maialen Beloki dut izena eta 30 urte ditut. Komunikazio irakaslea naiz Mondragon Unibertsitatean eta 2010ean sartu nintzen Donostiako Zinemaldiko lan taldean. Pasa den urtetik naiz Zinemaldiko zuzendaritza taldearen parte. Jose Luis Rebordinosekin batera, Antxon Ezeizari buruzko liburua den “Cine, Existencialismo y Dialéctica”-ren egileetako bat naiz.
Zinemaldiko zuzendaritza taldeko kide izateak Jose Luis Rebordinosen eskuineko esku bihurtu zaitu?
Zuzendaritza taldea zazpi pertsonek osatzen dugunez, ugari dira José Luis Rebordinosek dituen eskuin eskuak… Iritsi berria naiz ni, eta beraz, lankide. Hautaketa eta Zuzendaritza batzordekoen eta Zinemaldia posible egiten duten beste hainbat eragileen bitartez, asko ari naiz ikasten. Zoragarria da.
Dirudien bezain erraza al da harekin lan egitea?
Oso erraza da Jose Luisekin lanean aritzea. Izan ere, taldeko kide guztiak aritzen gara egitasmo berean eta hori indarrez betetzen gaituen motibazioa da. Hori bai, langileongandik asko espero duenez, oso gogor aritzen gara lanean!
Carlos Boyerok dioenez, Cannes, Venecia eta Berlingo zinemaldiekin alderatuz, “bigarren mailako liga batean ari bazarete ere, txapeldunen pasio berez egiten duzue lan”.
Donostiako Zinemaldiak, aipatu dituzun zinemaldiak baino aurrekontu murritzagoak ditu; bai pelikulen hautapenaren aldetik, eta baita zinemaren industriak eskaintzen dituen ekintza ezberdinen aldetik ere (eraikitze prozesuan dagoen zinema, eta Europa-Hego Amerika koprodukzioa, esaterako).
Zinemaldiaren erronka ekimenak berak lortutako arrakastari aurre egitea al da?
Ekimenaren urteurrenak eta hainbat faktoreren bat etortzeak Zinemaldiaren hirurogeigarren edizioa ikusgarri egin zuten. Zuzendaritza taldeak iragandako edizioaren balorazioa egin eta berehala kokatzen du begirada etorkizunean eta hala, ez dugu konparazioekin hainbeste sufritzen. Egia esan, oso pozik gaude 61. edizioak emandakoarekin. Orain baina, hurrengo urtekoa prestatzen gabiltza…
Zer dago indartu beharra? Orokorrean, ez al da izarren kontura gehiegi bizi?
Beti dago zer indartu; detaile guztiak prest eduki eta dena aurreikusita egon dadin saiatzen bagara ere, beti ikasten da zerbait akatsez. Donostiako Zinemaldiari ikusgarritasun gehiago ematen dio izarrak bertaratzeak. Modu honetan, nazioarteko jaialdiaren parte da zinemaldia. Baina nire ustez, badira ikusgarritasuna ematen duten beste hainbat gauza ere. Horien artean ezinbestekoa ikusten dut zinema industriara zuzentzen diren ekintzak indartzea. Film hautapen erakargarria eta zinemaldia oinarri duen prentsa espainiar eta atzerrikoa edukitzeak ere indarra ematen dio zinemaldiari. Honekin, proiektu askotan gabiltzala esan nahi dut, eta guzti hauek aurrera ateratzea ezinbestekoa da.
Egia da astebukaera bakar batean 20 pelikula ikustera iritsi zarela?
Egia esan, ez dut asteburu batean ikusi ditudan pelikulen zifra zehatza buruan, baina asko izan dira, bai.
Zinemaldiak sortzen duen mugimendutik harago… Nolakoa da egun normal bat Zinemaldiko bulegoetan?
Lan egiten duzun sailaren, funtzioaren, eta egutegiaren araberakoa da lan erritmoa. Udazken-neguan esaterako, bulegoko erritmoa erlaxatua da. Hala ere, beti dago zeregina. Udaberritik aurrera hasten da zoramena: film ugari ikustea, eta itxi beharreko ekimen ugariren produkzioa…
Antxon Eceiza bizirik balego, zein izango zen azken edizio honetako haren pelikularik gustukoena?
Gauzak igartzeko dudan ezintasunak konplexu egiten du galdera… Uste dut ugari izango zirela haren gustuko filmak, eta horien artean legoke Urrezko Maskorra irabazi duen “Pelo Malo”. Baina azken urteetan egin zuen bezala, giro zinematografikoaz eta lagunekin izandako elkarrizketa amaigabeez gozatuko luke gehien.
Ez dago komentariorik