Sancho Rodríguez naiz: gure kulturan eragina izango duten gauza dibertigarriak egitea gustuko duen surflaria. Irungoa naiz, baina denbora asko ematen dut Donostian; Zurriola hondartzan surfeatzen, hiriaren bizitzaz gozatzen, eta Surfilm festibala eta Savage Zinema (Zinemaldian lehiatzen ez duen saila) proiektuak ere aurrera eramaten ditut hemen.
2003an hasi zinen Surfilm festibala aurrera eramateko nahiarekin, baina nondik zentozen?
EEBBtan eta Bartzelonan ikasi dut; gerora La Fábrica-n egon nintzen PhotoEspaña-ren produkzioan lanean: betidanik gustatu izan zait artearen mundua, eta hala, Espainiako kulturako gestioan indar gehien duen firma honentzat hasi nintzen lanean bertako backstage-an sartuaz. Modu honetan hasi nintzen kulturaren munduan nire lehen urratsak ematen, eta bertan lortutako esperientzia ondoren etorri diren proiektuentzat ezinbestekoa izan dut.
Madrilen bizitzea ez omen da erraza surflari batentzat…
Egia da hori. Hiru urte besterik ez nituen bertan iraun. Beti izan dut gustuko atsegin ditudan proiektuetan lanean aritzea, eta bertan, Madrilen, horretarako aukera izan nuen. Baina hiru urteren ostean, gure buruak berrikuntza eskatzen digun garaian, Euskal Herrira bueltatu nintzen.
Nola sortu zen festibal hau antolatzeko ideia?
Surf munduarekin harremana duten Carhatt eta Loreak Mendian marken marketingaren arduradun nintzen, eta Loreak Mendian-en lanean sartu nintzen udaran Longboard-en Open Zone-an proiekzio bat egiteko lanetan zebilen marka hau. Surf titulu klasiko askoren jarraitzaile nintzen ni. Guzti hau buruan izanik, surfaren kultura eta zinema barnebilduko zituen festibala egitea bururatu zitzaidan.
Ba al zegoen festibal honen erreferentzia izango zen baten bat inguru honetan?
Ez. 60. hamarkadako Kaliforniako proiekzioen ostean, hau izan da lehena garai modernoetan. Gainera askok esan ohi zidaten ondorengoa: “Nola egingo duzu surfari buruzko zinema jaialdia bat bera ere ez badago?”. Eta nik erantzuten nien: “ Hori ba: horrelako baten beharra dugu”. Donostiak hondartza eta hiria nahasten dituen zinema irudia eskaintzen du.
Nola ekin zenioten proiektuari?
Proiektu guztietan bezala: jende askoren laguntzarekin, ekimen guztiak aurrera ateratzeko ezinbestekoa ikusten dut jendearen energia. Festibalaren ideia burura etorri zitzaigun garaian Iñaki Bandrés festibaleko komitearen parte zen Felipe Apalategirekin batera. Festibalean eragin handia izan duen beste gauzetako bat izan da irudi grafikoa. Loreak Mendian zen orduan honen arduraduna. Estetika da baloreei aurpegia jartzen diena, beraz, garrantzi handiko gaia da.
“Festibal batek serioa izan behar du haren edukiekin, surf kulturako hemengo eta kanpoko gai garrantzitsuen presentzia somatu behar da, ondo produzituta egotea ezinbestekoa da, harrigarria, alaia… ”. Nola lortzen da hori?
Talde serio eta arduratsua egon behar da proiektuaren atzean instituzio eta babesleenlaguntza jaso ahal izateko; azken hauek izango dira proiektuaren nahia finantzatuko dutenak. Serio eta arduratsuaz gain, profesionala izan behar du taldeak proiektua aurrera atera ahal izateko. Zentzu horretan, hasieratik jo genuen José Luis Rebordinos zuzendari duen Unidad de Cine delakoa ikustera. Argi dago beraz, taldekideen laguntza ezinbestekoa dela, baina taldekideak batez ere, bidaiaz gustura gozatzeko daude.
Zer dio publikoak? Harritu al dituzue festibalera bertaratutakoak?
Proiektua aurrera atera bada publikoaren laguntzari esker izan da. Asko gustatzen zaigu surf eta antisurf-aren arteko elkargunea. Probokazioarekin gozatzen dugu, eta asko gustatzen daigu karikaturaz barre egitea. “Point Break” ondorengoarengatik atsegin dut: surflari integristek arbuiatzen duten pelikula delako. Niri akzio ona duen filma iruditzen zait, ondo erretratatzen da bertan surf-aren mundua eta Oscar baten irabazle den Gary Busey aktorea bertan azaltzea zoragarria da. Heroi sentitzen ginen mundu batetik gatoz, baina errealitatean, ezertarako balio ez duen zerbaiten atzetik gabiltzan tuntunak besterik ez gara.
Tontakeriez diardugula, José Luis Rebordinosi egindako elkarrizketa batean, ezagutu zintuztenean “zale amorratu taldea, beren buruan sinisten duen jendea eta egiten duenaz gozatzen dutenak dira” pentsatu zuela entzun dut.
Surfa bizitza estilo bat dela dioen topikotik harantzago, egia da olatu perfektuaren atzetik eman eta emango dugula bizitza guztia, eta hala, surfa gure bizitza erritmoa, lanarena… markatzera iritsi da. Baliogabeko zerbait horren atzetik ibiltzea da bizitzari estrapolatu diezaiokeguna. Izan ere, horren atzetik ibilita gauzak irabazi baino, galdu egiten ditugu. Hala ere egiten dugunean pasioa jartzea garrantzizkoa iruditzen zait; modu honetan, ekintza guztietan pausu ugari emateko aukera ematen du horrek. Guk, surfak sortzen digun pasioa festibalean islatu dugu.
Nola bizi duzu pasio hori zure egunerokoan? Errutina ere egongo da eguneroko horretan, ezta?
Surfak erabateko garrantzia du nire bizitza pertsonal eta profesionalean. Etxean egiten dut lan orain, kanpoan bizi bainaiz bikotearekin, eta olatu onen ondoan bizi gara. Olatuak ikustera joaten nahiz esnatu eta berehala, eta itsasoaren egoeraren arabera antolatzen ditut nire lan orduak. Olaturik ez dagoenean, mila orduz egiten dut lan. Artea eta zine konbentzionala ere asko atsegin ditut: batzuetan ingurugiroari buruzko dokumentalak ikusten ditut, eta beste batzuetan, atzoko legez, zinemara joaten naiz. Atzo esaterako, “El lobo de Wall Street” ikusi nuen. Dena planeatu gabe egiten dut, ni neu naiz nire ordutegia erregulatzen duen bakarra.
Nola ikusten duzu zure burua hemendik hamar urtera? Independente oraindik? Eta nolakoa izango da Surfilm festibala?
Festibala hazia eta surfaren kultura transmititzen irudikatzen dut. Nire burua ordea, publiko gisa imajinatzen dut: kanpo-laguntzailea izango naiz, eta jaialdiaren zuzendaritza taldean gazteak egongo dira. Hori bai, kanpo laguntzaile izanagatik ere, nire ikuspuntua argi utzi eta ahal dudan guztitan parte hartuko dut. Ezaguna eta surfaren kulturan garrantzizkoa izango den festibala izatea nahi dut, hala, artista hobeen laguntza izango genuke. Laburbilduz, kalitatezko firma bilaka dadin nahi dut: munduko onena hona ekarri, eta hemendik mundura gauzarik onena esportatzea da nire nahia.
Zure mundua ezagutu dezagun, zein hiru klasiko gomendatzen dizkiguzu?
Kathryn Bigelow-en “Point Break“; Andrew Kidman-en “Litmus“; eta George Greenough-en “CristalVoyager“.
Ez dago komentariorik