XII. Giza eskubideen zinemaldian ikusgai egongo diren film guztiek haien presentzia justifikatzen duten balio soziala dute. Hala ere, ni ez naiz gai horretan sartuko; zinematografia aldetik interes gehien duten filmak izango dira aholkatuko ditudanak. Ororen gainetik, webgunean sartzea da onena. Bertan, interesgarrien suerta dakigukeen gaia hautatu eta gure pelikula aurki dezakegu. Denetarik dago. Gainera, 22 € balio dituen bonoa erosita, Victoria Eugenian eskainiko dituzten 17 filmak ikusteko aukera dago. Jarraian zerrendatuko ditudan film guztiak egongo dira ikusgai aipaturiko aretoan.
Ostirala 4
Zinemaldia estreinatuko duen filma “Circles” da. Yugoslaviako gerra hartzen du ardatz film honek eta sendatu gabeko zauri eta iragana berreraikitzeko ahaleginaren gaiak azaleratzen ditu. Sundance zinema jaialdian, sekzio dramatikoko garaile izan zen film hau. Berlineko zinemaldian eta beste hainbat jaialditan ere lortu du saria. Interes handikoa da emanaldi hau bertan emango baitzaio Robert Guédigan-i, protesta zineman izen handia duen zuzendariari, zinemaldi honetako saria.
Bestalde, gauean, ikusle asko hunkitu ditzakeen filmaren txanda da. Locarnon publikoaren saria irabazi zuen. “Gabriele” Williams sindromea duen emakume bati buruzko film kanadiarra da. Emakume honek baina, musikarako don berezia (halako gaixotasuna dutenetan ohikoa dena) eta bizi poza mantentzen ditu. Musika askoko drama.
Larunbata 5
Jaialdietan sari ugari jasotako -haien artean Valladolideko Seminci jaialdiko publikoaren saria- “Short Term 12” filma Estatu Batuetako adingabekoen zentro itxi batean girotzen da. Drama adeitsua bilatzen duenarentzat, esan beharra dago film hau modu goxo eta digerigarrian dagoela kontatuta. Gogorrago azaldu behar gara eutanasiari buruzko gaia lantzen duen “Miel” film italiarraren aurrean. Valeria Golino aktoresa izatetik zuzendari izatera igaro, eta hau du bere lehen filma. Sari asko jaso ditu film honek ere, eta balioen saria jaso zuen Cannes-eko zinemaldian. Gauean, Andrzej Wajda Poloniako zuzendari beterano eta prestigiotsuaren filma egongo da ikusgai: “Walesa, La esperanza de un pueblo”. Nobel Saria eskuratu zuen eta lehendakari izan zenari buruzko biopic-a.
Igandea 6
Errusiar kolektibo feministari buruzko filma da “Pussy Riot : Una plegaria punk”. Sundance jaialdian garaile atera zen dokumentalen sailean. Lantzen duen gaietik jokoa atera daiteke. Honen ostean, formagatik baino gehiago gaiagatik interesgarria den dokumentalaren txanda da.“The Unknown known ”. George W. Bush-en defentsa idazkari izan zen Donnald Rumsfeld-i buruzko dokumentala.
Asteartea 8
“Echevarriatik Etxeberriara”, “Los inocentes” -egun hauetan Atlantida Film fest-en ikus daiteke- beldurrezko filmean parte hartu ondoren, Ander Iriartek zuzendari gisa egin duen lehen filma da. Interes zinematografikotik haratago doa film honen hautaketa, izan ere, hemen, Donostian, balio berezia izan dezakeen filma da. Horrela, euskal gatazkaren gaia premisa bitxi batetik lantzen du Oiartzuarrak soilik baitira hemen azaltzen direnak. Gisa honetan, ikuspuntu ezberdin bat lortu nahi izan du Iriartek.
Osteguna 10
“Tales from the Organ Trade” organoen trafikoen gaia lantzen duen eta telebistarako egina izan den dokumentala da. David Cronenberg zuzendari misteriotsua da narratzailea. Sight & Sound aldizkariaren arabera, “The Selfish Giant” 2013ko 10 film onenen artean kokatzen da. Cannes-en eta beste hainbat zinemaldietan saria lortu du. Oscar Wilde-ren kontakizun homonimoan dago oinarrituta. Lehiaketako film interesgarrienetako bat izan daiteke, eta adi, dohainik da.
Viernes 11
Palestinako gatazka lantzen duen “Omar” filmak itxiko du zinemaldia. Oscar sarietarako hautagaia izan den lehen film palestinarra da. Horretaz gain, hainbat sariren irabazle ere bada; hainbat sari eskuratu zituen Berlinen eta atzerriko film onenaren urrezko globoa ere eskuratu zuen. Donostian ezaguna den Hany Abu-Assad- en azken filma da. Ezaguna diot, duela urte batzuetako Zinemaldian haren “Paradise Now” filma izan genuelako ikusgai. Film zaila izateaz gainera, thriller hunkigarria izango da.
Ez dago komentariorik