Datorren Urriaren 31n estreinatuko da David Trueba zuzendari madrildarraren “Vivir es fácil con los ojos cerrados” filma. Ziur asko, ez du “Las brujas de Zugarramurdi”-k izan duen oihartzun mediatikorik izango. Bide beretik, ez du, Daniel Sánchez-Arévaloren “La gran familia española”-k egin bezala, publikoa adi-adi izango. Baina modu soil eta antiepikoan, Beatlesen fan den irakasle eta haien miserietatik ihes dabiltzan nerabeen historia kontatzen duen film honek, Espainiako urteko komedia bilakatzeko boleto guztiak ditu.
Truebak, idazteko gaitasun miresgarria duen zuzendariak, orain arte ihes egin diona lortu du “Vivir es fácil…”: bere nobeletako prosa bizi eta azkarra -haren bigarren lana den “Cuatro amigos”-ek aipamena merezi du hemen- pelikula batean islatzea. Beste road movie batekin egin du gainera. “Cuatro amigos”-en, 90. hamarkadako heldutasunera iristear dauden nerabe batzuen azken kotxe bidaia zoroa deskribatzen bazuen, oraingo honetan 1966. urteraino egin du atzera. Beatlesen jarraitzaile amorratua den Albazeteko irakasle ezkongabe batek (Javier Cámara) bertan errodaje batean dagoen John Lennon ezagutzeko asmoz Almeriara bidaiatzea erabakitzen du. Bidaiak irauten duen tartean, bere Seat 850era igoko diren neska andaluziar bat (Natalia de Molina) eta mutil gaztetxo bat (Francesc Colomer) ezagutuko ditu.
Western erara funtziona dezakeen pelikula da, nahiz eta ez dion kutsu melankoliko, ñabardura eta umore fineko komedia izateari uzten. Javier Cámara da sheriffa, gazteek idoloaren bila egiten duen bidean laguntzen duten bitartean, babestu egiten ditu. Carlos Sorínen “Historias mínimas”-ekin aldera daiteke. Alabaina, graziaz kontatuta, entretenigarria bezain hunkigarria da film hau.
Filma ikusi bitartean, bere nobelarik onenetan bezain azkar igarotzen da denbora. Pertsonaia gehienek ere bat egiten dute pelikularekin: aita atzerakoia, (Jorge Sanz), sufritzen duen ama (Ariadna Gil), seme elbarritua duen etorkin kataluniarra eta magia eta kimikaz beteriko hirukote protagonista. Camarak, bere alde histrionikoena alde batera utzi, eta bere karrerako papelik neurtuenarekin hunkitzea lortzen du. Maitasunean zorterik ez duen “pagafantas” tipikoa da. Bete-betean asmatzen du.
Izenburutik presente dauden Beatlesen itzalpean -“Living is easy with eyes closed” talde ingelesaren “Strawberry Fields Forever” abestiaren hasierako bertsoetako bat da- emaitza ona lortzea, ez da eginkizun erraza. Erabaki ona izan zen Pat Metheny gitarrista, Enrique Morentereren “Morente sueña La Alhambra” dokumentalean kolaboratzeari esker Andaluzia ezagutzen duena, hautatzea.
Zaila da ulertzen zergatik gutxietsi duen filma Zinemaldiko kritika espezializatuak, “komertzialtzat” jo edota Malagako zinemaldira bidali nahi izanda. “Vivir es fácil con los ojos cerrados” primerako komedia da, iritzi guztien gainetik.
Ez dago komentariorik