Lagun minak dira, askotan elkarrekin lan egiten dute eta Madrilen bizi dira. Borja Cobeaga (zuzendari eta gidoilaria) eta Diego San José (gidoilaria) azken urte hauetako komedia ezagun eta handien atzean daude, bai telebista saioei esker (“Vaya Semanita”) edo arrakasta nabarmena izan duten pelikulak, “Pagafantas” esate baterako. Bihar estreinatzen da 300 zine ezberdinetan “8 apellidos vascos” idatzi duten filma eta Emilio Martínez-Lázarok zuzendu duena. Denboraldi honetako boom handienetariko bat izango dela dirudi. Promozioa lanetan indartsu ibili da ekoizlea eta lehenengo kritikak positiboak izan dira.
Errepasatu dezagun bi lagun hauek elkarrekin egin duten lana, euskal umorea ederki deskribatzen duena eta ukitu erromantiko bat ere duena.
“Vaya Semanita” (2003)
Duela hamar urte baino gehiago ETB2ko saio famatuari hasiera eman zioten eta bertan ezagutu ziren. Aktore batzuek Cobeagarekin lan egin dute ondorengo urteetan (Gorka Otxoa, Alejandro Tejería eta Santi Ugalde) laburmetrai eta filmetan nolabaiteko troupe Cobeaga osatzen. Denok dugu gogoan los Santxez eta la cuadrilla, umore euskaldunaren gailurrak, lezio autoparadokikoak eman zizkigutenak gure burua oso serio hartzen genuen garaian. Umore euskalduna badago “Vaya Semanita”-k asko du esateko historia honetan eta, gaur egun, umore andaluza edo katalana bezain goraipatua da. Euskal Herrian komedia politikoa egiteko ausardia erakutsi zuten. Arrakasta itzela izan zuen.
“Pagafantas” (2009)
Cobeaga & San José team-aren lehen saiakera komedia erromantikoan. Guztiz asmatu zuten pertsonai patetiko eta, aldi berean, kariskma handikoa aukeratu zutenean (Gorka Otxoa), eta baita gidoi irribarretsu batekin zeinek Bunburyz barre egiten zuen edo Bilboko gau gainbeheratua edo animalien jarrerari buruzko aipamenak zituen. “Pagafantas” modu hotz batean ikusiko bagenu drama bortitza dela ondorioztatuko genuke: zuk maite duzun emakume hori ez da inoiz andregaia izango, laguna baizik.
“No Controles” (2010)
“Pagafantas”-en arrakasta ondoren filma berriaren zai asko zeuden. Azkenean “No controles”-ek ez zuen takillan uste bezala funtzionatu, baina aurrekoa baino borobilagoa da zentzu batzuetan. Komedia erromantiko berri honetan, gai berriak inkorporatu zitzaizkion eta guztion gainetik Julian López handiaren “Juancarlitros” tuntun zein barregarria nabarmentzen da. Pelikularen punturik onena.
“Aupa Iosu” (2013)
Ingelesez esaten den bezala, TV movie-a da, Diego San José eta Juan Cavestanyk idatzi dutena eta Borja Cobeaga zuzendari gisa ibili dena. Ez da oraindik estreinatu eta baliteke ETB-k eskubideak egun batean hartzea. Komedia politiko berri bat, kasu honetan Carlos Areces, Eusko Jaurlaritzan dabilen politiko baten bizitza kontatzen duena umorez eta gag errazen beharrik gabe.
“8 apellidos vascos” (2014)
“Komedia erromantiko batean mutilak neska ezagutzen badu, kasu honetan 1.000 kilometroko distantzia dago bion artean”, dio Diego San Josek. Enkargu bat zen eta euskal topikoak goraipatzen dituen komedia idazteko Diego bera eta Borja Cobeaga maisu diren genero batean sartzen dira berriro ere. “Vaya Semanitaren omenaldia da egiten duguna zentzu batean 10 urte ondoren”, Diegoren esanetan.
Ez dago komentariorik