Filma segituan hasiko dela abisatu digute jada, baina gau honetako izarra den Mar Coll Truebako sarreran dago oraindik. Jarraitzaile eta kazetari batzuekin hizketan ari da. “Tots volem el millor per a ella” kartelaren aurrean jartzeko eskatu diote photocall baten antza hartu duen pasilloan argazkiak atera diezaioten.
Mar Coll (Bartzelona, 1981) zuzendari katalanaren bizitza ziztu bizian doa. Urte batzuk atzera egin beharra dago bere bigarren lan honek sortarazi duen oihartzuna uler dezagun: 2009. urtean Novel Zuzendari Onenari eskainitako Goya eman zioten “Tres Díes amb la familia”-ri esker. Besteak beste, kiniela mordotan zegoen Borja Cobeaga donostiarraren “Pagafantas”-ekin batera iritsi zen finalera. Malagan ere hiru sari eman zizkioten. Eta 28 urte zituen neska haren hurrengo mugimenduak zein izango ote ziren galdetzen genion gure buruari.
Bost urte pasa badira ere, badirudi Mar Collen interesak ildo beretik jarraitzen duela. Familia dugu berriz ere erdigune, nahiz eta kasu honetan tokatzen zaigun ikuspuntua eta tratamendua zeharo aldatzen diren. Nora Navas aktoresari (Geni) istripu larri batek arrasto dexente uzten dio. Berba egiteko eta mugitzeko arazoak dauzka eta bizitza maldaz gora jarri zaio. Bere senarra eta familiaren laguntza badu ere zama astunegia darama bizkarrean. Egun batean, gaztetan lagunak ziren Valeria Bertucelli argentinarekin topo egiten du:
-Berdin jarraitzen dut, ezta?
-Berdin, ez.
-Duela urte bete kotxe istripu bat izan nuen eta hilzorian egon nintzen.
Eta bion arteko harremana berreskuratzen hasten dutenean Geniren bizitza guztiz aldatzen da. Aipatzekoa da Navasen lana, zein erreala dirudien bere sufrimendua, zein mingarria den bere interpretazioa, batik bat dramatikoagoa den lehenengo zatian. Zinemaldian estreinatu zen “La Herida” ilunarekin badu zerikusirik eta proiekzioa ondoren sortu den solasaldian Mar Coll-ek onartu du konparazioa… ñabardura askorekin.
“Antzekoak dira eta aldi berean oso desberdinak. Pertsonaia liberatzen den heinean pelikulak arnasa hartzen du eta komediara gehiago irekitzen da”. Arrazoia du Collek pelikulan drama eta komedia nahasten direla. Genero nahasketak askotan izaten dira interesgarriak ikuslea ustekabean harrapatzen dutelako. Baina oraingoan sorrarazten duen sentsazioa bestelakoa da: Navas oso fin aritu arren kostako zaio publikoarekin sintonia berezia izaten iristera. “Tots volem el millor per a ella” motel eta hotz hasten den istorioa da eta pixkanaka-pixkanaka gora egin beharrean ez da (ia) ezer aipagarririk gertatzen. Ondorioa: ikusleak atentzioa galtzeko arriskua du.
Mar Coll-ek berak aitortu duenez, Navasen eragina nabarmena izan da pelikulan. “Casting-a egin eta berehala konturatu nintzen aktore aparta baten aurrean nintzela. Zorte handia izan dut bera aurkitzen. Gainera, nire antza handia hartzen diot umorean eta sensibilitatean. Geniren ezaugarririk garrantzitsuena da piszinara buruz behera bota arren aktuazio aberats, sinesgarri eta integrala egin duela”.
Egia da Navasek bere lana ederki betetzen duela, hala ere, zaila izango du Bartzelonako zuzendariak aurreko filmak izan duen arrakasta lortzea. Mamia falta zaio, erritmoa, interesa. Eta Woody Allen-en estiloko musika jartzen duenean ez dakizu oso ondo zerren bila doan. Ustez komedia dena “komediagoa” izateko? Drama eta komedia bereizteko? Anekdota gisa, Ricardo Aldarondo kazetariaren txioarekin alde egingo dugu.
Ez dago komentariorik